Kenya

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Kenyako Errepublika
'Jamhuri Ya Kenya
Republic of Kenya'
Kenyako bandera
Bandera

Kenyako armarria
Armarria

Goiburua: Harambee
( Batera lanean )
Nazio ereserkia:
Ee Mungu Nguvu Yetu
( O Sorkuntza Guztiaren Jainkoa! )
Kenya: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Nairobi
1°16′H 36°48′E
Hizkuntza ofiziala(k) Swahilia, Ingelesa
Gobernua
Presidentea
Errepublika
Mwai Kibaki
Independentzia
- Data
- Errepublika
Erresuma Batutik
1963ko abenduaren 12a
1964ko abenduaren 12a
Eremua
• Guztira
• Ura

580.367 km² (47.)
% 2,3%
Biztanleria
• Zenbatespena (2005)
• Errolda (2002)
• Dentsitatea

Herritarra

34.256.000 (34.)
31.138.735
59 biztanle/km² (140.)

kenyar
Dirua Kenyako shilling (KES)
Ordu eremua
 • Udan (DST)
EAT (UTC +3)
Ez (UTC +3)
Interneteko domeinua .ke
Telefono aurrezenbakia +254

Kenya[1] (swahiliz Jamhuri Ya Kenya, ingelesez Republic of Kenya) Afrika ekialdeko herrialderik nagusienetarikoa da, ekuatorean.

Hiriburua Nairobi du (2,5 milioi biztanle inguru 2005ean). Hiri nagusiak Mombasa, Kisumu, Nakuru eta Malindi dira.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugakideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugakide iparraldean Etiopia, ekialdean Somalia, hegoaldean Tanzania, mendebaldean Uganda, ipar-mendebaldean Sudan eta Indiako ozeanoa hego-ekialdean ditu.

Inguru naturala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kenya satelite irudian

Kenya munduko 47. estatu luze-zabalena da, Frantziaren tamainakoa gutxi gorabehera, eta Indiako ozeanoaren ertzeko eremu lauetatik (536 km-ko kostaldea dauka) barnealdeko mendiguneetara hedatzen da. Rift Haran Handiak erdialdeko mendigunea erdibitzen du. Inguru honetan daude Afrikako hiru mendi garaienak: Kenya mendia (5.199 m), Elgon mendia (4.321 m) eta Kilimanjaro (5.895 m, Tanzanian). Mendebaldean Kakamega oihana dago, Afrika Ekialdeko oihan tropikalaren erlikia. Hala ere, Mau oihana zabalagoa da.

Mendebaldean, Uganda eta Tanzaniarekin mugan, Victoria aintzira dago, Nilo ibaiaren iturburuetako bat.

Klima tropikala du kostaldean (beroa eta hezea) eta lehorra barnealdean.

Biztanleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kenya bertako biztanleak dira nagusi, baina 100 talde etnikotik gora bereizten dira. Bantu saileko etniak dira handienak, adibidez kikuyuak (Nairobi inguruan batez ere), eta aipagarriak dira luhya, luo eta kanba etniak ere. Ugaritasun horrek komunikazio arazoak sortzen ditu biztanleen artean. Etnia banaketa, azken datuen arabera, hau da: kenyar herriak % 98,8 (kikuyu % 20,9, luhya % 13,8, luo % 12,8, kamba % 11,3, kalenjin % 10,8, beste batzuk % 29,2), besteak % 1,2.

Erlijioaren banaketa hau da: kristauak % 70, animistak % 20, musulmanak % 6.

Kenya da azken hamarraldietan biztanle kopuruan igoera handienetakoa izan duen munduko herrialdeetako bat (urteko % 3,3tik gorako igoera); jaiotza tasa izugarri garaia du (milako 55etik gorakoa), eta heriotza tasa murrizten ari denez, oso nabarmena da hazkundea. Horrek arazoak sortzen ditu biztanleen beharrak asetzeko (lurra, bizitokia, lana, hezkuntza, zerbitzuak, etab.), eta baliabideetan oso aberatsa ez izaki, kinka larrian jarri du Kenyako ekonomia. Demografiaren gorabeherez gainera, eragina izan du somaliar iheslari saldoen iritsierak. Dena dela, bizi itxaropena 60 urtera iritsi da, eta alfabetatuta dauden biztanleen zenbatekoari dagokionez, Afrikako beste herrialdeen batez bestekotik gora dago Kenya (% 70 inguru daude alfabetatuta, eta 1960an % 20 bakarrik ziren).

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turkana aintziraren aldamenetan aurkitutako aztarnek gizakia orain dela 2.600.000 urte horietan bizi izan zela frogatzen dute.

Lurralde horri buruzko dokumentu zaharrenetan agertzen denez, Kenya kostaldeko hiri asko arabiarrek sortu zituzten eta, IX. mendetik aurrera, inguruetako bantu taldeekin merkataritza harremanak sortu zituzten. Bi kultura hauen arteko topaketan sortu zen swahili kultura, batasuneko bi elementuak agertuz: swahili hizkuntza et islam erlijioa.

Kikuyu emakumea jantzi tradizionalean


XV-XVIII. bitarteko mendeetan portugesek arabiarrak kanpora egotzi eta Monbasa konkistatu zuten (1505). Gero, arabiarrek itsasertza mendean hartu zuten berriro eta esklabo, urre, eta boli salerosketan jardun zuten harik eta XIX. mendearen bukaeran, piraten nagusigoari amaiera eman behar zitzaiolako aitzakiaz, britainiarrek lurralde osoa hartu zuten arte. Gaur egun Kenyan bizi diren etniek X. mende inguruan hartu zuten han bizitokia: bantuak lehen, barrualdean, eta nilotikoak gero, iparraldean, Somalia ondoan. Bantuen artean kikuiu herria nabarmendu zen eta nilotikoen artean masai herria. Kĩkũyũ nekazariak, bantu taldekoak, lurraldeko gizatalde indartsu eta hedatuena bihurtu ziren. Hala ere, haien agintea kolokan jarri zen Masai abeltzain taldeak XVI. mendean Kenya inbaditu zuenean.

1848an heldu ziren lehen europarrak, alemaniar misiolariak; Rabain hartu zuten bizitokia. 1885. urtean, Berlingo Konferentzian, europar nazioen aginpidearen mugak ezartzeko egin zen bileran, Erresuma Batuaren esku utzi zen lurraldea, eta Afrikako Ekialdeko Britainiar Konpainiari eman zitzaion hango merkataritzaren monopolioa. Zuri iritsi berriek bertako populazioak aldarazi zituzten barnealdeko eremu emankorretatik, plantazio nekarazitzan ezartzeko. Kĩkũyũak bertan hasi ziren lanean, lurralde osoan barreiatutako nekazari guneetan. Masaiak, aldiz, bakartuagoak geratu ziren, haien ohiturei gaur aurte eutsiz.

Britainiar Konpainiak burdinbide bat eraiki zuen Monbasako portuaren eta Victoria aintzirako lur emankorren artean (1902); era horretara britainiarrei lurraldean sartzeko bidea erraztu zitzaien. 1920an Britainia Handiak protektoratua kolonia bihurtu eta Kenya deitu zuen. 1952an beltzen eta zurien arteko desberdintasun ekonomikoak eta sozialak zirela eta, Mau-Mau ezkutuko elkartea, kikuiu etniako Jomo Kenyattaren gidaritzapean, matxinatu eta 1952-1960 bitartean iraun zuen gerra bat hasi zen. Britainiarrek matxinatuak gogor zapaldu eta Kenyatta atxilotu zuten, baina 1961ean lurraldearen autonomia onartu behar izan zuten. 1963. urteko abenduaren 12an Britainia Handiak Kenyaren independentzia onartu zuen. Ondorengo urteetan, estatuak harreman onak eduki zituen Erresuma Batuarekin, britainiarren sistema administratibo antzekoa ezarriz.

Jomo Kenyatta izan zen lehen lehendakaria, eta 1978an, hura hil zenean, Daniel Arap Moik hartu zuen lehendakari kargua. Kenyatta hil ondoren kikuyu eta luo etnien artean gerra zibila piztuko zen beldurra zabaldu zen, baina ez zen halakorik gertatu; dena dela, Kenyako historiaren ezaugarri nagusietakoa etnien arteko liskar amaigabea da. Arap Moik bere aurretik agintari izandakoaren politika eta ekonomia moderatua bideratu zuen hasieran, baina 1982an alderdi bakarreko estatu bihurtu zuen Kenya eta neurri zorrotzak hartu zituen, gobernu autoritario eta antidemokratikoa ezarriz.

Kontrako mugimendu eta kritika asko jaso zituen, lurren kudeaketaren inguruko ustelkeria salaketak batez ere, eta 1991. urtearen amaieran atzerriko laguntza ukatu zioten nazioarteko finantza erakunde nagusiek eta mendebaldeko herrialdeek, Moi lehendakaria berrikuntza politiko eta ekonomikoak egitera behartzearren. Hala, alderdi politikoak onartu ziren eta 1992an hauteskundeak egin ziren. Alderdi anitzeko lehenengo hauteskunde haietan Moi eta haren alderdia, KANU (Kenyako Afrikar Batasun Nazionala), izan ziren garaile, gehiengoz, oposizioaren baitan zatiketa handiak zeudelako. Baina hauteskunde haiek etnien arteko gatazka odoltsuak piztu zituzten, batez ere oposizioko kikuyuen kontra. Milaka pertsonak ihes egin behar izan zuten beren herrietatik eta ehunka hildako izan ziren. Gobernuak ustelkeriaren kontrako neurri gogorrak hartu zituen, nazioarteko presioaren eraginez, baina inflazio izugarria, langabezia areagotzea eta zerbitzu publikoen murrizketa ekarri zuten neurri horiek. Gorabeherak gorabehera, 1998ko hauteskundeetan ere Arap Moi izan zen garaile, eta legebiltzarrerakoetan bere alderdiak irabazi zuen. Urte haietan, giza eskubideen kontrako eraso ugari salatu ziren: demokraziaren aldeko ikasle mugimenduari eraso zitzaion; 1997ko abuztuan bakarrik 450 pertsonatik gora atxilotu zituzten; 1998ko hauteskundeen ondoren, garbiketa etnikoko ekintzen barruan, ehun nekazari kikuyu hil zituzten Rift haranean. 2002an, konstituzioak ezarritako agintaldi muga zela eta, Moi ezin izan zen hauteskundeetan aurkeztu, eta bere ondorengo Uhuru Kenyatta-ri eman zion babesa. National Rainbow Coalitionek, oposizioko alderdi asko biltzen zituen koalizioak, irabazi zituen 2002ko hauteskunde demokratikoak eta Mwai Kibaki izendatu zuten presidente.

Kibakiren agintaldian, ustelkeriako eskandalu handiak izan ziren eta enfrentamendu gogorrak ere bai presidenteak bultzatutako konstituzio berriaren proiektuaren aurkakotasunez, botere handia ematen baitzion hark presidenteari. 2005eko azaroan egindako erreferendumean, atzera bota zen proiektu hori. 2007ko abenduko hauteskundeetan, Kikabi lehendakaria eta oposizioko alderdi nagusiaren hautagaia Raila Odinga ziren lehiakide nagusiak. Odingak irabazi behar zuela zirudienean, Kibaki nagusitu zen boto zenbaketan. Oposizioak iruzurra salatu zuen, eta europar begiraleek hala ziurtatu zuten; manifestazio handiak egin ziren eta Odingak herriaren lehendakaritzat izendatu zuen bere burua eta botoak berriz zenbatzea eta Kibakik gobernua uztea eskatu zuen. 2008ko ekainean, manifestazioak bukatzea eskatu zuen Odingak eta Kibaki lehendakariaren inguruko enpresen aurkako boikota eta greba deialdi bat egin zituen.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kenyako probintziak

Kenya zortzi mikowa edo probintziatan banatua dago. Hauek 71 wilaya'at edo azpi-probintziatan banatuak daude eta, halaber, 261 taarafa edo banakotan. Azkenik, 1088 kata edo udaletan, baita kata ndogo edo azpi-udaletan ere. Nairobi probintzia administratibo osoa osatzen du. Probintzia bakoitzeko burua gobernuak izendatzen du.

Probintziak hauek dira:

  1. Erdia
  2. Kosta
  3. Ekialdea
  4. Nairobi
  5. Ipar-Ekialdea
  6. Nyanza
  7. Rift Harana
  8. Mendebaldea

Hiri nagusiak:

  1. Nairobi: 2.500.000 biztanle.
  2. Mombasa: 900.000 biztanle.
  3. Kisumu: 322.724 biztanle (1999an).
  4. Nakuru: 300.000 biztanle inguru.
  5. Eldoret: 193.830 biztanle (1999an).

(2005eko datuak)

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Safariak erakarrita, turismoa asko garatu da Kenyan.

Kenya lurralde azpigaratua da, baliabide urrikoa; Afrikako barne produktu gordin txikienetakoa du. Azken urteotan gora egin du barne produktu gordinak, baina biztanleko nazio produktu gordina jaitsi egin da. Ekonomia nekazaritzan oinarrituta dago (barne produktu gordinaren % 30, langileen % 70 inguru); lurra da, hain zuzen ere, baliabide natural nagusia. Bertako lurren % 11 inguru da nekazaritzarako egokia, baina kenyar nekazariek beren beharrak asetzeko adinako uzta baino ez dute ateratzen, laboreak bereziki (artoa), eta klimaren gorabeheren mende dago uzta. Kafea eta tea ere egiten dira, baina esportaziorako. Gai horien esportazioa da, hain zuzen ere, Kenyako diru iturri nagusietako bat: tearen munduko bigarren esportatzaile handiena da Kenya. Meatzaritza ere garrantzi handiko jarduera da, eta turismoak indar handia izan zuen 1990eko hamarraldiaren hasieran (817.000 turista, 400 milioi dolar), baina denborarekin behera egin du turismoak, inguruko herrien lehiaren eraginez eta Kenya barneko liskar politikoen ondorioz bereziki. Industria Afrikako ekialdeko beste herrialde batzuetan baino aurreratuagoa da, baina oraindik oso ahula da (barne produktu gordinaren % 20 baino gutxiago). Erregai gisa erabiltzeko energia iturririk eza da gabezia nagusietako bat. Erabateko mendekotasuna du atzerriko inbertsio eta laguntzekiko, erregaiak lortzeko batez ere. Inbertsioak erakartzeko ahaleginak ez ezik, saio bereziak egin dira energia kanpotik inportatu behar ez izateko. Gobernuak energia alternatiboak ekoizteko bideak bilatu ditu; horrela, energia geotermala ekoizten da, eta ekoizpen hori areagotzeko ahaleginak egiten ari dira. Kanpo zor handia du Kenyak, eta lehen aipatu den presio demografikoarekin batera, kalte handia egiten dio horrek bertako ekonomiari.

Gobernua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kenyako errepublika estatu burujabea eta Commonwealth erakundeko kidea da 1963az geroztik, eta errepublika 1964az geroztik. Burujabetasuna lortu zeneko konstituzioa dago indarrean, baina hainbat zuzenketa egin zaizkio harrezkero, 1997an azkena. Konstituzio horren arabera, legegintza ahalmena nazio biltzarrak du. Biltzar horretako kidea da Kenyako lehendakaria, eta bost urtez behin hautatzen da bozketa bidez. Lehendakaria da gobernuburua eta estatuburua.

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingelesa eta swahilia herrialdeko hizkuntza ofizialak dira, era gutxituan kenyarrek beste mintzaira batzuk egiten badituzte ere.

Kenyar ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Onomastita datu-basea, Euskaltzaindia

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kenya Aldatu lotura Wikidatan