Kerryko konderria
| Kerryko konderria County Kerry (en) Contae Chiarraí (ga) |
|
|---|---|
![]() |
|
| Estatua | |
| Probintzia | |
| Hiriburua | |
| Biztanleria | 145502 biztanle |
| Azalera | 4.726 km2 |
| Webgunea | |
Kerryko konderria, County Kerry edo Contae Chiarraí Irlandako hego-mendebaldean dago, Munstereko probintziaren barruan. Modu informalean bertako jendeak "The Kingdom" ("Erresuma") ezizenez ezagutzen du, Erdi Aro garaian Kerry Erresuma independiente bat izan zenaren omenez. 4.746 km2-ko azalera dauka eta 2011an 145.502 biztanle zituen. Hiriburua Tralee/Tra Lí da.
Konderria "Ring of Kerry" ("Kerryko Eraztuna") deritzon ibilbide turistikoarengatik ere famatua bada, bertan Irlandako uharte osoko natur paisaiarik ederrenetakoetaz gozatzeko aukera baidago. Ibilbide hau Killarney hirian hasten da eta Iveragh penintsula osoari bira emateko aukera ematen digu, berriz ere Killarney-n ibilbidea amaitzeko.
Eduki-taula |
Geografia [aldatu]
Natura [aldatu]
Hiru penintsulak osatzen dute konderria, iparraldetik hegoaldera; Dingle penintsula, Iveragh penintsula eta Beara penintsula. Irlandako hiru mendi altuenetatik bi bertan daude, Carrauntoohil (garaiena, 1039m) eta Brandon mendia (952m).
Ozeano Atlantikoaren iparraldeko Golkoko itsaslasterrak Kerryko kostaldea jotzen du eta ondorioz 52. latitudean esperotakoa baino klima epelagoa nagusitzen da lurraldean. bestalde mendiek lainoak gerarazten dituzte eta Irlandako konderririk euritsuena ere bada.
Hiri nagusiak [aldatu]
- Tralee/Tra Lí (23.693 biztanle), hiriburua
- Killarney/Cill Airne (14.219)
- Listowel/Lios Tuathail (4.338)
- Kenmare/An Neidín (2.175)
- Killorglin/Cill Orglan (2.085)
- Dingle/An Daingean (1.920)
Gaeltachteko udalerriak [aldatu]
Gaeltacht lurralde gaelikoaren barruan ondoko herriak sartuta daude:
- Baile an Fheirtéaraigh (Ballyferriter).
- Baile na Sceilge (Ballinskelligs).
- Ceann Trá (Ventry).
- An Daingean (Dingle).
- Dún Chaoin (Dunquin).
- An Fheothanach (Feothanach).
Historia [aldatu]
Kerryren irlanderazko izena Ciarraí edo gaur egun Ciarraighe da, zeinak euskaraz "Ciar jendea" esan nahi duen, izan ere gaeldarrak iritsi aurreko bertako biztanleak Cier leinukoak baitziren.
Maurice FitzGerald "Desmondeko I. Kondea" 1329an jabetu zen lurraldeaz eta Corkeko konderria izango zenarekin batera Desmond konderria osatu zuen. Desmondarren bigarren matxinadan (1580) 600 irlandar, espainiar eta italiar soldaduko gudalostea gainditu zuten ingelesek eta ondorengo Bederatzi Urteko Gerraren porrotaren ondoren Desmondarren lurrak bitan banatu eta gaur egungo Kerryko konderria eratu zen 1606an. 1641eko matxinadan ere parte hartu zuen baina Oliver Cromwellen gudalosteak Irlanda guztia konkistatzea lortu zuen. azkenetako borroka Ross gazteluan izan zen, Killarney ondoan.
XVII eta XVIII mendeetan konderria nekazari behartsuek populatu zuen. Hauek patata zuten elikagai nagusi eta uzta txarra izan zenean Irlandako Gosete Handiak (1845-49) gogor jo zuen Kerry.
Ondasun nabarmenak [aldatu]
- Iveragh penintsulan zehar Ring of Kerry ibilbidea
- Dingle penintsula
- Beara penintsula
- Skellig Michael uhartea (Gizateriaren Ondarea)
- Valentia uhartea
- Tralee
- Ardfert katedrala
Kerrytar ezagunak [aldatu]
- Daniel O'Connel Askatzailea (1776-1847), politikaria.
- Horatio Herbert Kitchener (1850-1916), militar eta politikaria.
- Tomás Ó Criomhthain (1856-1937), idazlea.
- Peig Sayers (1873-1958), idazlea.
- Tom Crean (1877-1938), Antarktikaren esploratzailea.
- Maurice Walsh (1879-1964), idazlea.
- Muiris Ó Súilleabháin (1904-1950), idazlea.
- John B. Keane (1928-2002), idazlea.
- Mícheál Ó Muircheartaigh (1930- ), Joko Gaelikoetako telebista eta irratiko esataria.
- Niamh Ní Charra (1974-), biolin-jolea.
- Michael Fassbender (1977-), Alemanian jaio eta Killarney hazita aktore irlandar-alemaniarra.
Kirolak [aldatu]
Joko gaelikoak dira nagusi. Kerry GAA taldeak 36 aldiz irabazi du futbol gaelikoaren txapelketa nagusia eta Irlandako konderrien artean nagusi da. Hurlingari dagokionez garaipen bakarra du, 1891ekoa.
Iruditegia [aldatu]
-
Slea Head lurmuturra
-
Dún Chaoin herrixkako kaia (Blasket uharteak)
-
Ceann Tráko Dunbeg gotorlekua
-
Ceann Tráko badia
Kanpo loturak [aldatu]
- Kerryko konderriaren webgunea (Ingelesez) (Gaeleraz)
|
||||||||||||||||
