Kiev
Kiev[2] (ukraineraz: Київ, Kyiv, ˈkɪjiw ahoskatua; errusieraz: Киев, Kiev) Ukrainako hiriburua eta udalerririk populatuena da. Herrialdeko ipar-erdialdean dago, Dnieper ibaiaren bazterrean. 2011ko urtarrilaren 1ean 2.799.199 biztanle zituen[3].
Kiev Ekialdeko Europako industria, zientzia, irakaskuntza eta kultura gune garrantzitsuenetako bat da. Goi teknologiako industria eta unibertsitateen egoitza da, eta ospe handiko monumentu historikoak daude. Azpiegiturak eta garraio publikoa, Kieveko metroa barne, ongi garaturik daude.
Historia
Kiev Ekialdeko Europako hiririk zaharrenetako bat da. Ziur asko, V. menderako merkatal gune garrantzitsua zen. Eskandinavia eta Konstantinoplaren arteko merkatal bidean kokaturik zegoen eta khazar herriaren menpekoa izan zen. 882an Oleg Novgorodekoa, printze baregoak hartu zuen. Olegen ondorengoek bertan ezarri zuten Kieveko Rusaren (Antzinako Errusiar Estatua) hiriburua. Erdi Aroan merkataritza eta kultura gune indartsua izan zen eta kristautasunaren kokaleku goiztiarra. Hiriak XI. mendean jo zuen goiena. XII. mendearen amaieran gainbehera hasi zen. 1240an mongolek suntsitu zuten eta XIV. mendera arte Urrezko Hordaren zergapekoa izan zen[4].
1362an Lituaniako Dukerri Handiak Kiev eta inguruko lurraldea bereganatu zituen. 1569an Poloniar-Lituaniar Batasuna eratu zenean, Kiev Poloniako koroaren menpean gelditu zen. 1632an Kieveko Akademia sortu zenetik, hiria Ukrainako ezaguera eta ikasketa gune nagusi bihurtu zen[4]. 1648an Bohdan Khmelnytsky buru zuten kosakoak Poloniaren aurka matxinatu ziren eta zenbait urtez Kiev ukrainar estatuaren hiriburua izan zen. 1654an, Ukrainako beste lurralde batzuekin batera, Errusiaren protektoratu bilakatu zen. Ondoren, lurralde hauek Errusiar Inperioaren parte izan ziren.
1918an, Errusiako Iraultzaren ostean, Kiev Ukrainako Herri Errepublikaren hiriburu bihurtu zen. Ondoko gerra zibilean (1918-20), Alemaniak, Armada Zuriak, Poloniak eta Armada Gorriak okupatu zuten, hurrenez hurren, hiria. 1934an Ukrainako Sobietar Errepublika Sozialistaren hiriburua Kharkivetik Kievera aldatu zen[4]. Bigarren Mundu Gerran Hirugarren Reicharen armadak 1941eko irailaren 19tik 1943ko azaroaren 6ra okupatu zuen. 1941eko Kieveko guduan alemaniarrek 650.000 sobietar soldadu harrapatu zituzten. Gehienak ez ziren bizirik itzuli[5]. Hiriko milaka biztanle sarraskituak izan ziren, tartean 50.000 judu. Gerra ostean, berreraikitze lanak ez ziren 1960 arte amaitu[4].
Sobiet Batasuna desegin zenean, 1991ko abuztuaren 24an Ukrainako parlamentuak herrialdearen Independentzia Adierazpena onartu zuen. Kiev da Ukraina independentearen hiriburua.
Geografia
Klima
Kievek klima kontinentala, uda epelekin dauka (Dfb Köppen klima sailkapenean[1]). Uztaila da hilabeterik beroena (batez besteko tenperatura 20,5 °C) eta urtarrila hotzena (batez besteko tenperatura -3,5 °C). 1898ko abuztuan erregistratu zen tenperaturarik beroena, 39,9 °C, eta 1929ko otsailan hotzena, -32,2 °C. Urtean pilatutako prezipitazioa 619 mmkoa da[6].
Datu klimatikoak (Kiev) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) | 11.1 | 17.3 | 22.4 | 30.2 | 33.6 | 35.0 | 39.4 | 39.9 | 33.8 | 29.5 | 23.2 | 14.7 | 39.9 |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | -0.9 | 0 | 5.6 | 14.0 | 20.7 | 23.5 | 25.6 | 24.9 | 19.0 | 12.5 | 4.9 | 0 | 12.5 |
Batez besteko tenperatura (ºC) | -3.5 | -3 | 1.8 | 9.3 | 15.5 | 18.5 | 20.5 | 19.7 | 14.2 | 8.4 | 1.9 | -2.3 | 8.4 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | -5.8 | -5.7 | -1.4 | 5.1 | 10.8 | 14.2 | 16.1 | 15.2 | 10.2 | 4.9 | 0 | -4.6 | 4.9 |
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) | -31.1 | -32.2 | -24.9 | -10.4 | -2.4 | 2.4 | 5.8 | 3.3 | -2.9 | -17.8 | -21.9 | -30.0 | -32.2 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 36 | 39 | 36 | 46 | 57 | 82 | 72 | 61 | 58 | 40 | 48 | 44 | 619 |
Iturria: Kieveko balio klimatologikoak (Pagoda.ru.net)[6] |
Demografia
1647 | 1763 | 1835 | 1856 | 1874 | 1897 | 1914 | 1917 | 1930 | 1940 | 1943 | 1956 | 1970 | 1985 | 2000 | 2009 |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
15.000 | 42.000 | 36.500 | 56.000 | 127.500 | 247.700 | 626.300 | 430.500 | 578.000 | 930.000 | 180.000 | 991.000 | 1.632.000 | 2.461.000 | 2.615.300 | 2.765.500 |
Osaketa etnikoari dagokionez, 2001ean ukrainarrak %82,2 ziren, errusiarrak %13,1, juduak % 0,7, bielorrusiarrak % 0,6, poloniarrak % 0,3 eta armeniarrak % 0,2[9].
Ekonomia
Kiev Ukrainako administrazio, kultura eta zientzia gune nagusia da. Ikastetxe, unibertsitate eta iker-zentru askok bertan dute egoitza, besteak beste, 1834an fundatutako Taras Shevtxenko Unibertsitate Nazionalak eta Ukrainako Zientzi Akademiak.
Industriari dagokionez, 350 enpresa handi inguru daude. Arlo garrantzitsuenak makinagintza, elikagaien prozesatzea eta kontsumo ondasunen produkzioa dira. Makinagintza-lantegiak, makineria konplexua eta doitasun tresneria ekoizten dutenak barne, garrantzi handikoak dira. Lantegi kimikoak eta argitalpen industria ere aipagarriak dira[10].
Kultura
Arkitektura ondarea
- Urrezko atea (ukraineraz:Золоті ворота, Zoloti vorota). Antzinako gotorlekuaren XI. mendeko sarrera.
- Santa Sofia katedrala (ukraineraz: Собор Святої Софії, Sobor Sbiatoi Sofiyi). Eraikuntza lanak XI. mendean hasi ziren, Konstantinoplako Hagia Sofiarekin lehiatzeko helburuarekin. 1990ean UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen[11].
- Kievo-Petxerska Lavra (ukraineraz: Києво-Печерська лавра, Kyevo-Pecherska lavra). 1051n fundatutako monasterio ortodoxoa. UNESCOk 1990ean Gizateriaren Ondare izendatu zuen.
- San Migel monasterioa (ukraineraz: Михайлівський золотоверхий монастир, Mykhailivsky zolotoverkhy monastyr). XI. eta XVIII. mendeen artean eraiki zen. Sobietar garaian suntsitua eta Ukrainaren independentziaren ostean berreraikia izan zen.
- San Andres eliza (ukraineraz: Андрiївська церква, Andriyivska tserkva). 1747 eta 1754 artean eraikitako eliza barrokoa.
- Mariinsky jauregia (ukraineraz: Маріїнський палац, Mariyins'kyi palats). Ukrainako presidentearen egoitza ofiziala da.
- Gerra Herrikoi Handiaren (1941-1945) Museo Nazionala (ukraineraz: Національний музей історії Великої Вітчизняної Війни 1941-1945 років, Natsionalni muzey istoriyi Velikoi Vitchyznianoi Viyni 1941–1945 rokiv). 1941 eta 1945 arteko Alemaniar-Sobietar Gerraren oroitzapenezko memoriala da.
Kirolak
Hiriko futbol talde nagusia, Dinamo Kiev izenekoa, hala SESBeko garaian nola gaurko Ukrainan ekiporik hoberenen artean dugu. Beste bi talde, FC Arsenal Kyiv eta FC Obolon Kyiv, Ukrainako lehenbiziko mailan aritzen dira. Futbola alde batera utzita, goren mailako beste talde batzuk izotz hockeyko Sokil Kyiv (1963an fundatua) eta saskibaloiko BC Kyiv (1999an fundatua) dira.
Kieveko Olinpiar Estadioan 1980ko Udako Olinpiar Jokoetako futbol lehiaketako partida batzuk jokatu ziren. UEFA Euro 2012rako berregituratua izan zen[12].
Herritar ezagunak
- Kasimir Malevitx (1878 - 1935), margolari suprematista.
- Irene Nemirovsky (1903 - 1942), idazlea.
- Oleg Blokhin (1952), futbolari eta entrenatzailea.
Herri eta hiri senidetuak
Erreferentziak
- ↑ a b Kieveko klima Stadtklima.de
- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan:
ez da testurik eman
gorstat
izeneko erreferentziarako - ↑ a b c d Kiev The Columbia Electronic Encyclopedia. 2007, Columbia University Press
- ↑ Battle of Kiev 1941 – The Red Army in Ukraine http://smithjan.com
- ↑ a b Kieveko balio klimatologikoak. (Noiz kontsultatua: 2012ko ekainak 5).
- ↑ S. R. VILENCHUK; T.B. YATSUK, (eds.) (2009). Kyiv Statistical Yearbook for 2008. Kiev: Vydavnytstvo Konsultant LLC. p. 213. ISBN 978-966-8459-28-3
- ↑ A.V. KUDRITSKIY, (1982). KIEV entsiklopedicheskiy spravochnik. Kiev: Glavnaya redaktsia Ukrainskoy Sovetskoy Entsiklopedii. p. 30
- ↑ 2001eko erroldaren emaitzak: Kiev Ukrcensus.gov.uaNoiz kontsultatua: 2012-06-10
- ↑ Kiev Ukrainetrek.com
- ↑ Kiev: Saint-Sophia Cathedral and Related Monastic Buildings, Kiev-Pechersk Lavra Unesco.org
- ↑ Great history of NSC "olimpiyskiy" Nsc-olimpiyskiy.com.ua
Kanpo loturak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kiev |
- (Ukraineraz) Kieveko Udalaren webgunea