Kittilä

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Kittilä

Kittiläko armarria
Armarria
Berezko izena Kittilän kunta
Herrialdea
Eskualdea
Azpieskualdea
 Finlandia
Lappiko eskualdea
Tunturi Lappiko azpieskualdea
Alkatea Anna Mäkelä
Sorrera 1854
Kittilä Finlandiako mapan
Koordenatuak 67°39′25″N 24°54′30″E / 67.65694°N 24.90833°E / 67.65694; 24.90833Koordenatuak: 67°39′25″N 24°54′30″E / 67.65694°N 24.90833°E / 67.65694; 24.90833
Azalera
-Ur-azalera
8.262,67 km² [1]
168,71 km² (%2)
Biztanleria
Dentsitatea
Lehen hizkuntza
- Finlandiera
- Ipar samiera
- Besteak
6.200 (2011.07.31) [2]
0,77 bizt/km²
(2010) [3]
% 97,5 (ofiziala)
% 0,2
% 2,3
Webgune ofiziala (Finlandieraz) (Ingelesez)

Kittilä (inarieraz, Kittâl; ipar samieraz, Gihttel) iparreko Lappi eskualde finlandiarrean dagoen udalerria da. Muinoen ugaritasunagatik Tunturi Lappi deitzen den azpieskualdean dago eta guztira, 8.263,08 km²-ko azalera du, zazpi aldiz Gipuzkoa osoa. Finlandia osoko laugarren udalerri zabalena da eta sei mila biztanle pasatxo baino ez dauzkanez, biztanle dentsitate txikiena duen udalerrietako bat ere bada. Urtez urte biztanleria jaisten ez den Lappiko udalerri bakarrenetakoa dugu eta hau, Levi muinoko eski-azpiegiturei esker da. Kittilä hainbat herrik osatzen dute, baina aipatzekoa da biztanleriaren %67a "Kittilän kirkonkylä" (euskaraz, Kittiläko elizatea) izeneko herrigunean bizi dela; beste herri garrantzitsu batzuk herrigunetik gertu dauden Kaukonen, Köngas eta Sirkka dira. Udalerriko jatorrizko biztanleak samiak dira eta eskualde hau Sápmi lurraldean dago. Dena den, gaur egun, samien kopurua biztanleria guztiaren ehuneko batera ere ez da iristen Sami Lurraldea erakundearen arabera; gehienak, elur-orein zaintzatik bizi diren abeltzainak dira [4].

Lehen aipatutako biztanleriaren mantentzea, 531 metro dauzkan Levi muinoko eski-estazioak erakarritako turismoaren ondorio zuzena da. Bertan, Finlandia osoko eski-azpiegitura natural onenak daude Ruka eta Ylläskoekin batera, eta udalerriaren biztanleria bikoiztu, hirukoiztu eta laukoiztu ohi du sasoiaren arabera. Gainera, urtero ehunka zale erakartzen dituen Munduko Eski Alpino Kopako lehen slalom eski proba ere bertan ospatzen da azaro inguruan [5].

2008. urte bukaeran, Agnico-Eagle enpresa kanadarrak Kiistala eta Pokka herrien artean dagoen Europa osoko urre-meatze handiena ireki zuen, udalerriko langabezia-tasa erabat murriztu zuena. Bertan, meategia 13 urtetan irekirik mantenduko duten 150.000 ontza urre aurkitzea espero dute adituek [6].

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Kittiläko geografia»
Leviko pista beltz baten ikuspegia.

Udalerria Lappi eskualde finlandiarraren bihotzean dago, Zirkulu Polar Artikotik 100-200 bat km iparraldera. Mugakideak Sami Lurraldeko Enontekiö eta Inari iparraldean, Kolari eta Muonio mendebaldean, hegoaldeko Rovaniemi eta ekialdeko Sodankylä dira. Nahiz eta udalerria nahiko laua den, muino gehien dauden herrialdeko eremuetako batean dago, Tunturi Lappi (edo Muinoen Lappi) izeneko azpieskualdean hain zuzen ere. Kittiläk, guztira, 8.262,67 km²-ko azalera du, zazpi aldiz Gipuzkoa osoa, eta honela, Lappiko eta Finlandiako laugarren udalerri zabalena da. Klima nagusia subartikoa da; dena den, 500 metro goitiko eremuetan klima polarra gailentzen da. Horrela, klima mota desberdinek baldintzatuta, hazten diren landare-motak anitzak dira: lautada eta muino magaletan taiga edo baso boreala da nagusi eta zuhaizti ohikoenak haltzadiak, izeidiak, makaldiak, pinudiak, sahastiak eta urkidiak dira; 500 metro goitiko ingurunetan, ordea, Finlandiako zuhaitzik gabeko tundra eremu bakanak daude. Azkenik, aipatzekoak dira landare-espezie desberdinak dauden inguru zingiratsu eta paduratsuak, herrialde osoko ospetsuenak.

Lehen esan bezala udalerria Zirkulu Polar Artikoa paraleloaren gainean dagoenez, gauerdiko eguzki, gau zuri eta gau polar fenomenoak urtero izaten dira. Lehenengo bietan eguzkia edo eguzkiaren argitasuna udalerriko zeruaren jabe izaten da maiatzaren 27tik uztailaren 18ra; gau polarra edota iluntasuna nagusitzen diren gauak, aldiz, abenduaren 21a eta 22a izaten dira. Klima nagusia subartikoa denez, tenperatura leunak izaten dira udaran, baina neguak hotzak eta luzeak izaten dira. Gainera, udalerria itsasaldeko korronte epeletatik urrun dagoenez, neguak are izozgarriagoak izaten dira; hain zuzen, Finlandian inoiz neurtu den tenperatura baxuena Kittiläko Pokka herrian neurtu zen 1999. urteko urtarrilean, -51,5 Â°C. Hala ere, hau muturreko tenperatura baino ez zen izan, neguko eta udako tenperatura ohikoak -15 Â°C eta 14 Â°C ingurukoak baitira, hurrenez hurren. Elurrak, bestalde, urritik maiatzera zuriz margotzen du lurzorua. Samiek antzinean, eta gaur egun oraindik ere egiten dituzten egutegietan, Lappiko eta hiriko klima ulertzeko lagungarri diren zortzi urtaro bereizten zituzten: Giđđadálvi (udaberri-negua), Giđđa (udaberria), Giđđageassi (udaberri-uda), Geassi (uda), Čakčageassi (udazken-uda), Čakča (udazkena), Čakčadálvi (udazken-negua) eta Dálvi (negua). Ipar argiak, azkenik, nahiko ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan; irailetik martxora lau gautatik hirutan izaten den fenomenoa da, urrian eta martxoan bereziki [7][8].

 
2010eko Kittiläko klima datuak [9]
Kittilä
Klima subartikoa Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Guztira
Maximoa ºC 2 -1 2 9 25 22 26 24 18 12 3 0 11,8
Batez besteko maximoa ºC -10,8 -13 -4,2 3,9 12,2 14,6 19,2 15,1 11,3 4,1 -8,5 -9,5 2,9
Batez bestekoa ºC -14,1 -17,8 -9,3 0,9 7,9 10,5 15,2 11,1 6,8 1,8 -12 -13,5 -1
Batez besteko minimoa ºC -18 -24,3 -15,8 -3,2 2,6 5,4 10,4 6,5 1,2 -1,1 -16,1 -18,5 -4,2
Minimoa ºC -36 -38 -31 -9 -5 0 3 0 -4 -19 -28 -32 -16,6
Prezipitazio-egunak 25 22 18 18 19 17 23 15 14 24 22 24 241

Kittilä nahiko laua den arren, muino gehien dauden herrialdeko udalerrietako bat da; besteak beste, aipatzekoak dira 1943an Junkers Ju 52 hegazkin alemaniarrak istripulekutzat izan zuen Aakenus, 504 metroko Kätkä, Kumpu, 613 m dituen eta udalerriko sabaia den Lainio, eta eski-azpiegitura ospetsuenak dauden Levi muinoak. Bestetik, Kiistala eta Pokka herrien artean dagoen garaiera gutxiko muino batean, 2008. urtean, Agnico-Eagle enpresa kanadarrak Europa osoko urre-meatze handiena ireki zuen. Bertan, meategia 13 urtetan irekirik mantenduko duten 150.000 ontza urre aurkitzea espero dute. Udalerriaren ekonomia berpizteko balio izan duen urre-meatzearen inguruko lanpostuetan, gutxi gorabehera 500 bat langilek egiten du lan [10].

Kaskabeltz arrunta zuhaitzean.

Aintzira gutxi daude Kittilän eta ur-eremua bere azalera guztiaren %2a baino ez da, 168,19 km²; ondorioz, ur-azalera txikiena duen herrialdeko udalerrietako bat da. Aintzira ezagun eta nagusienak Kelontekemäjärvi eta Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalean dagoen Pallasjärvi dira. Ibai ospetsuenen artean, aldiz, Aakenusjoki, Kitinen, Loukinen eta Enontekiötik Rovaniemi hiribururaino doan Ounasjoki daude. Ur-eremu honetan, urtero milaka arrantza zale erakartzen dituzten arrainak daude, hala nola, amuarrain marroiak, izokinak eta laponiako amuarrainak [11].

Kittilä elurgabeko ikuspegia.
  • Lemmenjoki Parke Nazionala: Inari eta Kittilären artean dagoen Finlandiako parke nazional zabalena eta Europako zabalenetakoa da; guztira, 2.850 km²-ko azalera du. Parke nazionala udalerriaren eremu muinotsuenetako batean dago, ipar-ekialdean, eta Norvegiako mugaraino iristen da. Muinoetako tundra eremuaz gain, zingirak eta errekastoen inguruko lautada zabaletan zehar zabaltzen den baso boreala dira Lemmenjokiren bereizgarriak; hala, habitat desberdin horietan hazitako animalia aniztasuna garrantzitsutzat jotzen da. Dena den, herrialdean ibilbide eta basabide ugaritasunagatik da ezaguna, urtero milaka bisitari erakartzen dituztenak; bertan, espreski eraikitako hamar etxola daude, parke nazionaleko itzulian atseden hartzeko ezinbestekoak direnak. Guztira, 2010ean, 10.000 natura zale izan zen parke nazionalean [12].

Faunari dagokienez, animalia artiko batzuk eta uda partean iristen diren hegaztiez gain, ez dago animalia mota ugari klima hotza dela-eta. Uda partean iritsi eta zingiretako intsektuei esker bizirautea lortzen duten hegazti-motek osatzen dute talde ugariena; hala nola, aliota txikiak, arrano beltza eta belatz txikia motako harrapariak, bernagorriak, luma dotoreko borrokalariak, elur-berdantzak, hontz gabiraiak, ipar-gailupak, ipar-kaskabeltzak, istingor arruntak, kuliska pikartak, kurlinta bekaindunak, laponiako berdantzak, larre-buztanikarak, marikoi isats-luzeak, mendebal-txori mokomeheak, mendi-txontak, mirotz zuriak, mokokerrak, negu-txirtak, negu-txontak, papourdinak, siberiar eskinosoak, txirri hankalaburrak, txirritxo handiak, txoka gorritzak, urre-txirri arruntak, zapelatz galtzadunak, zingira-hontzak eta zozo paparzuriak. Gainera, hamazazpi ur-hegazti espezie desberdin aurki daitezke aintziretan, haien artean, ahate gorriztak, ahatebeltzak, ahatebeltz hegalzuriak, beltxarga oihulariak, murgilari handiak, zerra txikiak, eta antzara hankagorriztak, hankahoriak, muturzuriak eta nanoak. Elur-berdantzak, elur-hontzak, eper zuriak, eskandinaviako lagopodoak, kaskabeltz handiak, laponiako kaskabeltzak, okil hiruatzak, txirri lepokodunak eta zapelatz galtzadunak aldiz, bertako negu latzetan bizirautea lortu duten hegazti bakarrak dira [13].

Ugaztunen taldea, azkenik, altzeek, amerikar bisoiek, azeri gorri eta zuriek, erbinude arrunt eta zuriek, jatunek, hartz arreek, igarabek edo urtxakurrek, ipar-katamotzek, lemingek, otsoek, satitsu txikiek, tundrako otsoek, ur-ipurtatsek, ur-satitsu hankazuriek eta elur-orein basati eta etxekotu ospetsuek (baso elur-oreinak) osatzen dute batik bat. Hauek guztiak, udalerriko lau natura eremuetan babesturik daude: Lemmenjoki eta Pallas-Yllästunturi parke nazionaletan, eta Hammastunturi eta Pulju eremu basatietan.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Tunturi Lappiko historia»

Bazter honetara iritsi zen lehen gizarte antolatua Izotz Aroaren ondoren heldu zela uste da, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarra urtzen hasi zen garaian; Ounasjärvi aintziran aurkitu diren aztarnek ere hipotesi hau baieztatzen dute, finlandiar arkeologo eta historialariek 8000 urte inguruko adina dutela defendatzen baitute. Mendeetan eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio eta Ozeano Artikoaren kostaldean ezarri zirenez batik bat, Ipar Itsasoko lehen Fonsa kulturako tribuekin harreman estua izan zutela pentsatzen da. Nahiz eta oraindik lurralde honen berezko biztanleen, samien jatorria ezezaguna izaten jarraitzen duen, badirudi tribu hauen eta beranduago (Harri Aroan) Eskandinaviara ekialdetik sartu ziren herri uraldarren nahasketaren emaitza direla. Hasiera batean, hauen lurraldea Ozeano Artikoan hasi eta Finlandia, Norvegia eta Suedia erdialdean bukatzen zen eta muturreko egoera klimatikoei aurre egiteko baliabideak garatu zituzten. Sami aitzindari hauek ehizatik, fruitu-bilketatik eta arrantzatik bizi ziren eta guztiz nomadak zirela pentsatzen da; horrela, ehizakiaren atzetik ibiltzen zirenez, sasoiaren arabera bizilekuz aldatuko zuten etengabe. Garai honetako zenbait bizi-aztarna aurkitu dira; haien artean, ehiza-tresnak, harribitxi apaingarriak, oinarrizko margolanak eta hainbat hilobi daude [14].

Tunturien Lappi lurraldea; XVIII. mendeko marrazkia.

Erdi Aroan, Moskuko Dukerri Handiaren eta Suediako Erresumaren eskuen artetik zebilen lurraldea zen Kittilä, baina Behe Erdi Aroan suediarren boterea nagusitu eta hauen eragina nabarmentzen hasi zen. Erresumak eginiko lurralde banaketan, eskualdea antzinako Laponia probintzian zegoen eta Sodankyläko elizbarrutiaren mendebaldeko zatia osatzen zuen. Kristautasuna ere suediarren eskutik hedatzen hasi zen XVI. mendean eta orduan, lehenbiziko elizak eraikitzen hasi ziren. Lurraldearen zabalera dela-eta, hainbat eliza eraiki behar izan zituzten eskualdean erlijioa egonkortzeko; aurrenekoa, Hanhimaa herrixkan eraiki zuten 1605. urtean. Kristautasunarekin batera, samiek xamanismoa alde batera uzten eta iristen hasi ziren finlandiarren ohiturak bereganatzen hasi ziren. XVII. mende amaieran, egonkortasun egoera honi esker, samien elur-orein zaintzaren kultura hasi zela uste dute adituek. Kultura honek, hala ere, aurreko kutsu nomada izaten jarraitu zuen, sasoiaren arabera, abeltzainek elur-oreinak hegoalde eta iparraldeko Ozeano Artikoaren artean edukitzen baitzituzten. Sápmi iparrean bizi ziren (eta diren) samiek, haien artean kittilärrek, bizimodu berezi honengatik ipar sami deitura jaso zuten [15].

XVII. mende bukaeran ere Izotz Aro Txikia izan zen eta samiek hildako asko eragin zituen gosete garai luzea pairatu zuten. XVIII. mendearekin batera, aldiz, egonkortasun garai luzea eten zen eta Finlandiaren kontrola izateko Suediar eta Errusiar inperioen arteko guduak hasi ziren. Azkenik, ia ehun urteko gatazken bukaera Finlandiar Gerra izan zen eta Errusiar Inperioak herrialdea bere osotasunean bereganatzea lortu zuen finn nazionalismo jaioberriaren laguntzaz. Urteen poderioz, Finlandiako Dukerri Handiak emandako erraztasunez baliatuta, Sodankylätik bereizi eta udalerri propioa sortu zuten herritarrek 1854. urtean; erakunde berri honek udalerria osatzen duten herri nagusienaren izena jaso zuen, Kittilä hain zuzen ere. Urte hauetan, hegoaldetik iparraldera etorri ziren finlandiarren kopuruak izugarri egin zuen gora eta, apurka, samiak finlandiarren ohiturak bereganatzen hasi ziren.

Junkers Ju 52 hegazkina.

Errusiaren menpe ehun urte egon ondoren, Finlandiak 1917ko Gerra Zibilean independentzia lortu zuen. Estatus aldaketa hau oraindik errotu eta egonkortu gabe zegoenean, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Herrialdeak bere independiente estatusa mantendu nahian eta SESB bere lurraldetik urruntzeko helburuarekin, Alemania naziarekin bat egin zuen. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak udalerriko herrixketan egokitu ziren eta Ozeano Artikoaren defentsa antolatzeari ekin zioten; Kittilän, esaterako, gaur egungo aireportua eraiki zuten. Finlandia astindu zuten Neguko Gerra eta Jarraipenaren Gerraren ondoren, herrialdeak SESBekin Moskuko armistizioa izeneko bake-akordioa sinatu behar izan zuen; akordio hau gauzatzeko, finlandiarrek sobietarren baldintza nagusia onartu behar izan zuten, alegia, alemaniarrak finlandiar lurretatik botatzea. Horrela, gutxira arte soldadu nazien kide izandako finlandiarrak hauek jazartzeari ekin zioten eta bizilagun den Norvegiara, Hirugarren Reicharen herrialde satelitera, alde egitea galarazteko, soldaduak mugako udalerrietan kokatu ziren. Laponiako Gerra hasi zen. Ondorio garratzak pairatu zituen udalerriak, hala nola, 1943an Junkers Ju 52 hegazkin alemaniarrak istripu bat izan zuen Aakenus muinoan eta hainbat ofizial hil ziren. Gainera, Rovaniemin izandako batailaren eta hiriburuaren suntsiketaren, eta Lothar Rendulic jeneralak Lappi probintziaren suntsiketa agindua eman ondoren, alemaniar gudarosteak Kittiläko herri gehienak suntsitu zituen Norvegiarako bidean; zutik gelditu zen eraikinetako bat eliza nagusia izan zen.

Leviko telekabinak.

Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan, Finlandiak ekonomikoki izugarrizko hazkuntza izan zuen eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu eta 40 urtetan, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuena bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin. Hala ere, hazkunde guzti hau ez zen hain ona izan udalerriarentzat hasiera batean; izan ere, industriak ez zituen bere sustraiak errotu Lappin (Kemi, Kemijärvi eta Tornio hirietan izan ezik) eta biztanle askok ihes egin behar izan zuen Finlandiako beste hiri garatuagoetara euren bizimodua hobetu nahi bazuten.

1980ko hamarkadan Levi muinoko eski-azpiegitura ospetsuak eraikitzen hasi ziren eta, gutxinaka, negu-kirolzaleak hurbiltzen hasi ziren udalerrira. Sirkka herriaren ondoko azpiegiturak hamabost urtetan eraiki zituzten eta ordutik, Finlandiako eski-estazio onenaren lehiaketa irabazi du lau aldiz. Urtero, gainera, Munduko Eski Alpino Kopako slalom eski proba bat ospatzen da azaro inguruan; 2010eko eta 2011ko txapeldunak esaterako, Reinfried Herbst eta Maria Riesch, eta Jean-Baptiste Grange eta Marlies Schild eskiatzaileak izan ziren hurrenez hurren. Aurtengo proba elur faltagatik bertan behera gelditu zen. Aipatzekoa da urtero milaka zale erakartzen dituela probak eta udalerriko ospakizun bereziena dela. Levi muinoko eski-azpiegiturei esker, Kittilä biztanleria galtzen ez duen Lappiko udalerri bakarrenetakoa da [16].

2005. urtean, bestalde, Kittilä zeharkatzen duen Ounas ibaiaren igoerak eraginda, izugarrizko uholdeak izan ziren udalerrian; izan ere, ibaia zubiak estali arte igo zen eta inguruko herri gehienak ur azpian esnatu ziren egunsentian. Nahiz eta uholdeek egun gutxi batzuk iraun zuten, galerak beldurgarriak izan ziren eta kittilärrek beren etxeen berreraikitze-lanak antolatu behar izan zituzten [17].

Kittilä aireportua negualdean.

Azkenik, aipatzekoa da Agnico-Eagle enpresa kanadarrak, 2008. urte bukaeran, Kiistala eta Pokka herrien artean dagoen Europa osoko urre-meatze handiena ireki zuela; bertan, meategia 13 urtetan irekirik mantenduko duten 150.000 ontza urre aurkitzea espero dute. Udalerriaren jarduera ekonomikoa berpizteko balio izan duen urre-meatzearen inguruan, gutxi gorabehera 500 bat langile dabil lanean [18].

Administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garraio azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Kittilä aireportua»

Kittilä hain handia eta soila denez, bertatik mugitzea ez da erraza autoz ez bada; ez dago iparralderaino doan trenik eta tren-geltoki hurbilenak Kolarin (50 bat km mendebaldera) eta Rovaniemin (80 bat km hegoaldera) daude. Aireportua da Helsinkitik bertara iristeko modu errazena, baina Rovaniemi Lappiko hiriburutik edota inguruko beste udalerrietatik iristeko autoa edo busa hartu beharra dago.

79 Kantatie 79: Rovaniemi-Kittilä-Muonio
80 Kantatie 80: Sodankylä-Kittilä-Kolari
955 Seututie 955: Köngäs-Inari
956 Seututie 956: Sirkka-Hetta (Eanodat / Enontekiö)
957 Seututie 957: Särkijärvi (Muonio)-Raattama-Peltovuoma (Eanodat / Enontekiö)

Errepide erabiliena Rovaniemitik Muoniora bidea egiten duen Kantatie 79 errepidea da. Guztira, 231 km-ko luzera du eta kittilärrek hiriburura joateko duten bide eskuragarriena da; gainera, udalerriko herri garrantzitsuenetatik igarotzen da, alegia, Kaukonen, Yli-Kittilä, Levi muinoaren magalean dagoen Sirkka eta herrigunetik bertatik. Beste errepide aipagarri bat, Kantatie 80a da; honek ekialdetik mendebalderako bidea egiten du -Sodankylätik Kolarira- eta udalerria bitan banatzen du. Guztira, 156 km dauzka eta Tepsa, Mustavaara, Hormakumpu, Kuusajoki, Yli-Kittilä eta herrigunetik pasatzen da; esan beharra dago, Kantatie 80a Kolariko Ylläsko eski-estaziotik igarotzen dela eta ondorioz, udalerrira eski-azpiegiturez gozatzera etortzen diren turistek askotan bide hau hartzen dutela [19][20].

Azkenik, Kittilä eta Sirkka herrien artean, Jarraipenaren Gerran alemaniarrek eraikitako aireportua dago, Kittilä aireportua. Rovaniemikoaren ondoren, Lappi eskualdeko aireportu handiena da; 2010. urtean, 214.493 bidaiari igaro ziren bertatik. Aireportua urtero milaka bisitari eta negu-kirolzale erakartzen dituzten Levi eta Ylläs muinoetako eski-estazioen sarrera da, horregatik, aireportuaren sasoi oparoena negua izaten da. Urte guztian zehar Helsinkira eta Ivalora hegaldiak daude, baina neguan Amsterdamera, Birminghamera, Dublinera, Düsseldorfera, Glasgowra, Londresera, Manchesterrera, Moskura, Parisera, Tamperera, Turkura, Zürichera eta Britainia Handiko beste hainbat hirietara ere hegaldiak eskaintzen dira. Kittilä aireportuaz gain, Pulju eremu basatitik gertu dagoen Pokka herrixkan aerodromo ttipi bat dago [21].

Leviko elur parkearen sarrera.

Levi eski-estazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Levi»

Levi eski-estazioa Sirkka herritik pare bat kilometrora dagoen eski-estazioa da; zehazki, 531 metro dituen eta Levi izena duen muinoan dago, eta Lappi eskualde osoko elur-azpiegitura handienak daude bertan. Gainera, lau aldiz irabazi du Finlandiako eski-estazio onenaren lehiaketa, eta ondorioz, Eskandinavia osoko eski-estazio ospetsuenetakoa ere bada. Guztira, eski alpinoko 48 pista daude, hauetarik 15 gauez argiztatuak eskiatu ahal izateko; pista gehienak hasiberrientzako edo erdi mailako eskiatzaileentzat dira, baina adituenentzako lau pista beltz ere badaude. Jaitsiera altueneko pistatik jaisteko (325 m) Finlandian bi baino ez dauden eta azken urteotan Leviren ikur nagusi bilakatu den telekabina hartu beharra dago; pista luzeenak, aldiz, 2,5 km-ko luzera dauka. Gainera, snowboardinga praktikatzen duten zaleentzako ere azpiegitura bereziak daude, besteak beste, superpipe eta halfpipe bana. Eski-estazioaz gain, jatetxeak, bokazio-institutua, dendak eta hotelak ere daude muinoaren magalean, eta urtero erakartzen dituzten elur-zaleek udalerriaren biztanleria bikoizten, hirukoizten eta laukoizten dute sasoiaren arabera [22].

Azpiegiturak urriaren erdiko astetan ireki eta ekaina bukaeran itxi ohi dira. Irekita egoten den bitartean, beste ekintza askoren artean, elur motor safariak, Lainio elurrezko eta izotzezko herrixkara bisitak, husky txakurrek gidatutako lera safariak, Ounas ibaiko arrantza eta txirrindularitza ikastaro eta lehiaketak, eremu babestuetara ibilaldiak eta piraguismo ikastaroak antolatzen dira Sirkka herrian [23].

Urtero, gainera, Munduko Eski Alpino Kopako slalom eski proba bat ospatzen da azaro inguruan; 2010eko eta 2011ko txapeldunak esaterako, Reinfried Herbst eta Maria Riesch, eta Jean-Baptiste Grange eta Marlies Schild eskiatzaileak izan ziren hurrenez hurren. Aurtengo proba elur faltagatik bertan behera gelditu zen. Aipatzekoa da probak milaka zale erakartzen dituela eta udalerriko ospakizun bereziena dela [24].

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Kittiläko herrixkak»
Kittiläko herrixken mapa

Errusiar Inperioaren garaian sortu zen udalerria, 1854. urtean; izan ere, Finlandiako Dukerri Handiak emandako erraztasunez baliatuta, Sodankylätik bereizi eta udalerri propioa sortu zuten herritarrek.

Udalerria hain handia denez, eta nahiz eta biztanleriaren erdia baino gehiago Kittilän kirkonkylä (Kittiläko elizatea) deitzen den erdigunean bizi den, erdigunetik urrun dauden herrixka asko dago; hauen artean, aipatzekoak dira Kaukonen, Köngas eta Levi muinoaren ondoan dagoen Sirkka herriak. Herrixka gehienak, erdigunean eta hegoaldean daude, Rovaniemiko mugatik gertu eta Ounasjoki ibaiaren ertzean.

Hauek dira garrantzitsuenak:

120 biztanle baino gehiago dauzkaten herrixkak beltzez.

Hiri senidetuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugaz gaindiko Gällivare suediarrak eta Kittiläk, elkar-laguntza eta kooperazio akordioak adostu dituzte.

Udala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kittiläko eta Finlandiako gainontzeko udalerrietako udalbatzak eratzeko, lau urtero udal hauteskundeak antolatzen dira herrialdean. Gaur egun dagoen udalbatza 2012ko urriaren 28an ospatu ziren udal hauteskundeetan eratu zen.

Kittiläko Udalbatza [25]
Alderdia Eserlekuak +/- Ehunekoa Kittiläko udalbatza
-- Zentroko Alderdia 12 Red Arrow Down.svg 2 % 41,6
-- Ezker Elkartasuna 7 Red Arrow Down.svg 1 % 23,1
-- Benetako Finlandiarrak 5 Green Arrow Up Darker.svg 5 % 19,3
-- Koalizio Nazionala 3 Straight Line Steady.svg 0 % 12,8

Kittiläko udalbatza 2008ko urriaren 26ean egin ziren udal hauteskundeetan eratu zen. Lappiko udalerri gehienen antzera, Zentroko Alderdia suertatu zen garaile eta aurreko batzarrean lortutako hamalau eserlekuak mantentzea lortu zuen. Nahiz eta ordezkari bat galdu, oposizio eraginkorrena Ezker Elkartasunarena izan zen; alderdiak bigarren indarra izaten jarraitzen du eta zortzi eserleku eta bozen %30a eskuratu zituen. Atzerago gelditu ziren Alderdi Nazionala eta ordezkari bat irabazi zuen Alderdi Sozial-Demokrata alderdi boteretsuak, hiru eta bi eserlekurekin hurrenez hurren. Aipatzekoa da Liga Berdeak ez zuela ordezkaritzarik lortu, Leviko eski-estazioaren eta, batez ere, urre-meatzearen inguruan eginiko kritiken ondorio. Hauteskundeen ostean, eratu berria zen udalbatzak Seppo Maula alkate izendatu zuen [26].

Leviko bizikleta-parkearen sarrera.

Hurrengo udal hauteskundeak 2012. urtean ospatuko dira, herrialdeko gainontzeko udalerrietan bezala.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europar Batasuneko herrialdeekin eta Finlandiako gainontzeko udalerriekin alderatuta, Kittilän, 15 urte baino gutxiagoko biztanleriaren ehunekoa nahiko baxua da, %16, eta 65 urte baino gehiagokoa aldiz, altua, %17,9koa. Erlijioari dagokionez, gehienak sinesgabeak edo luteranoak dira, bereziki laestadianismo mugimendu kontserbadorekoak. Udalerriko hizkuntza ofizial bakarra finlandiera da; izan ere, biztanleria osoaren %97,8aren ama hizkuntza da. Bigarren mailako hizkuntzak iparraldean samiek hitz egiten duten ipar samiera eta suediera dira. Udalerri honetako jatorrizko biztanleak samiak dira; hala ere, XVIII. mendetik aurrera finlandiarren kopuruak izugarri egin zuen gora eta, apurka, samiek finlandiarren ohiturak bereganatu zituzten. Gaur egun, elur-orein zaintzan diharduten sami gutxi batzuk baino ez dira bizi Kittilä iparraldean [27].

6.000 biztanle pasatxo dituen udalerri hau, biztanle gehien dituen Lappiko zortzigarren udalerria da eta bere azalera handiak, Finlandia osoko biztanle dentsitate txikiena duen udalerrien artean kokatzen du. Azken hamarkadetan biztanleria mantendu egin da turismoari eta meatze berriari esker; izan ere, Lappi eskualdeko udalerri gehienetako biztanleek Rovaniemira lan bila alde egiten zuten bitartean, kittilärrek Levi muinoak eskaintzen dien lan-etorkizunaren itxaropenez bertan gelditu dira [28].

Biztanleriaren bilakaera [29]
1970 1975 1980 1985 1990 1995 1998 2000 2002 2004 2006 2008 2010 Orain
7.272 6.718 6.404 6.213 6.167 6.205 5.994 5.819 5.797 5.833 5.887 6.036 6.123 6.200

Nazioartean ezagunenak diren kittilärren artean Arto Paasilinna eleberrigilea dago; kokinkeria, komedia eta satira nobelak idazten dituen autorea dugu eta bere obrak, hogeita zazpi hizkuntza desberdinetara itzuliak izan dira. Finlandiako idazle ospetsuenetako bat da eta, batez ere, Erbiaren urtea 1975. urtean idatzitako obragatik da ezaguna. Beste artista osptesu bat Kalervo Palsa margolaria da, bere obra probokatzaileengatik ezaguna Finlandia osoan. Azkenik, hildako beste margolari ezagun bat aipatu beharra dago, Reidar Särestöniemi, Palsarekin batera Lappiko artista ospetsuena; Kittilän bere museo ofiziala dago, Särestöniemi Museoa [30].

Samiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Sami etnia» eta «Sápmi»

Udalerria samien jatorrizko lurraldearen barruan dago, Sápmi delako lurraldean. Aspaldian, samiak baino ez ziren bizi bertan, baina XVIII. mendetik aurrera iritsitako finlandiarren kultura bereganatu eta euren kultura bereiziari uko egin zioten askok. Gaur egun, biztanleriaren %1a baino ez da talde-etniko honen parte, eta bakarrik %0,2 justuaren ama hizkuntza da ipar samiera. Finlandiako Sami Lurraldea erakundea osatzen ez duenez, bertako sami gutxiengoaren kultura ez dago legeekin eta eskubide bereziekin babestuta. Hala ere, sami hauek gehienbat iparraldean bizi direnez, Sami Lurraldea osatzen duten udalerrien mugan, bertako eskola eta elizkizunetara joateko aukera dute [31].

Bertako samiek ipar sami deitura jasotzen dute elur-orein zaintzari lotutako bizimoduagatik. Inarieraz edo inariko samieraz udalerriak Kittâl izena du eta ipar samieraz aldiz, Gihttel; dena den, izendapen hauek ez dira ofizialak.

Hezkuntza eta Osasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Levi Bokazio Institutua»

Lehen Hezkuntzako bost eskola daude guztira udalerrian; Alakylän, Kaukonenen, Kittilä herrian, Raattaman eta Sirkkan. Bigarren Hezkuntzako instutua aldiz, Kittilä herrian baino ez dago, 1950. urtean eraikitako Kittilän Lukio. Samiek ez daukate haien hizkuntzan ikasteko eskubidea eta asko, Enontekiöko eskoletara joaten dira. Levi muinoan bestalde, Levi Bokazio Institutua dago, eta bertan, turismoarekin zerikusia duten ikasketak burutzen dira [32].

Udalerria Lappi Ospitale Barrutian dago eta bertako ospitale bakarra Rovaniemiko Lappiko Ospitalea da, herrigunetik 100 bat km-ra. Hala ere, Kittilä eta Sirkka herrietan, eritasun arinagoak sendatzeko eskualde-erietxeak daude [33].

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kittiläko armarria

Armarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Kittiläko armarria»

Armarria udalerria sortu eta ehun eta bederatzi urtera onartu zuen udalbatzak, 1963ko uztailaren 1ean (Barne Ministerioak azaroaren 26an). Einari Junttila margolari kittilärrak sortu zuen eta antzinako kulturak eta naturak udalerrian duten eragina irudikatu nahi izan zuen. Atzealde beltzaren, eta honen gainean dagoen zilarrezko muinoaren aurrean, mingain, hortz eta atzapar gorriak dituen jatun beltza dago. Hain zuzen, jatuna eskualde honetan oso ohiko den ugaztuna da, eta aspalditik herritarrek larruagatik ehizatu duten arren, gaur egun animalia babestua da herrialde osoan. Bestalde, zilarrezko muinoak udalerriko Levi tontorra irudikatzen du, azken urteotan udalerriaren motore ekonomiko nagusia bilakatu den azpiegitura naturala. Azkenik, aipatzekoa da Kittiläko armarriak ere atzealde iluna duela; izan ere, kolore hitsak (grisa, beltza) Lappiko udalerriko armarrien bereizgarri nagusiak dira, eskualdeko zerua irudikatzen dutenak [34].

Ondasun nabarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artearekin eta, batez ere, margolaritzarekin zerikusia duten bi museo daude udalerrian. Lehena, Särestöniemi Museoa, XIX. mendeko egurrezko eraikin batean dagoen Reidar Särestöniemi margolari kittilärraren museo ofiziala da. Kaukonen eta Kittilä herrien artean dagoen museoan, margolariaren bizimoduaren berri ematen duten hainbat obra dago. Bestalde, Einari Juntilla margolariaren galeria bat ere badago Kittilä herrian; hemen, udalerriko armarriaren zirriborro bat eta margolariaren obra original gehiago daude erakusgai [35].

Udalerriko historiarekin zerikusia duten bi etxalde daude Kittilä herritik hurbil. Hauetako batean, Kittiläko Herri Museoan, mila erakusgai baino gehiago daude, haien artean, 1900eko hamarkadako etxalde eta komun bana. Gainera, bertako eraikinen aspaldiko egiturei esker, Hanhimaa, Kelontekemä, Köngäs, Molkojärvi eta Tepasto herrixkak monumentu izendatuak izan ziren 1993. urtean [36][37].

Denen artean, hauek dira udalerriko eraikin eta oroitarri ezagunenak:

  • Lainio: Kittilä eta Kallo herrien artean dagoen elurrezko eta izotzezko "herrixka" bat da. Azaro erdialdean, kamioiak elurra eta izotza eramaten hasten dira bertara, urtero legez, Lainio eraikitzeko. Inguruko edo atzerriko bisitarientzat hotelak, jatetxeak, tabernak, etab. eraikitzen dira; azken urteotan, Pallas-Yllästunturi Parke Nazionalaren ertzean egoteagatik eta eskaintzen dituzten jarduerei esker, Kittiläko leku bisitatuena bihurtu da Kittilä herria, Levi eta Sirkka ondoren [39].

Ospakizun bereziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uztaila inguruan, Lappi eskualde osoan ospetsua den merkatu bat izaten da. Kittilä herrian antolatzen den merkatu honek, Finlandiako amuarrain eta izokin handi eta preziatuenak saltzen dituen ospea dauka. Garai honetan gainera, merkatua goxotzeko asmoz, Krokotiilirock izeneko musikaldi bat ere ospatzen da, euskaraz Krokodilo Rock.

Ounasjoki ibaiaren ertzean dauden Kittiläko herrixka askotan, arrantza lehiaketak antolatzen dira uda partean; hala ere, ospetsuenetako bat, neguan ospatzen den eta arrantzale asko biltzen dituen Alakyläko izotz arrantza lehiaketa da [40].

Hala ere, ospakizun nagusia urtero Levi muinoan antolatzen den Munduko Eski Alpino Kopako slalom eski proba da. Azaro erdialdean izaten da eta milaka zale erakartzen ditu; gainera, udalerriko motore ekonomikoetako bat da, bisitariek Kittilä eta Sirkka herriak betetzen dituztelako. 2010eko eta 2011ko txapeldunak esaterako, Reinfried Herbst eta Maria Riesch, eta Jean-Baptiste Grange eta Marlies Schild eskiatzaileak izan dira hurrenez hurren [41].

Azkenik, aipatu beharra dago urtero Levin ospatzen den baloi txapelketa. Otsaila hasieran, mundu osoko lehiakideak iristen hasten dira beren globo aerostatikoetan, Kittilän antolatzen den lehiaketa irabazteko asmoz [42].

Leviko telekabina ospetsuak.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Levi»

Kittiläko egitura ekonomikoaren arabera, langile gehienak zerbitzuetan egiten du lan; bai zerbitzu publikoetan, bai baso-zaintzan, bai turismoan. Gainontzekoak, nekazaritzan (egoera klimatikoak baldintzatuta) eta elur-orein zaintzan egiten du lan gehienbat. Nahiz eta Lappi iparralde osoan bezala, industria ia garatu gabe dagoen, langabetuen kopurua Lappiko udalerrietako txikienetarikoa da turismoari esker. Ez asko webgune berri bat estreinatu zuen udalerriak, Levi-Lapland izenekoa; izan ere, udalerriko diru-sarreren iturri nagusia 2007. urtean 312.000 bisitari jaso zituen Pallas-Yllästunturi Parke Nazionala eta Levi muinoko eski azpiegiturak dira.

Levi Lappi eskualdeko eski-estazio handiena da eta Finlandiako eski estazio onenaren lehiaketa irabazi du lau aldiz. 531 metroko muino honetan, 48 eski alpinoko pista daude, hauetarik 15 gauez argiztatuak eskiatu ahal izateko, eta herrialdeko bi telekabinetatik bat Levin dago, 325 metroko luzera duen pistatik jaisteko. Gainera, snowboardinga praktikatzen duten zaleentzako ere azpiegitura bereziak daude, superpipe eta halfpipe bana. Eski-estazioaz gain, jatetxeak, bokazio-institutua, dendak eta hotelak daude inguruan. Azpiegiturak urria erdialdean ireki eta ekaina bukaeran itxi ohi dira. Irekita egoten den bitartean, elur motor safariak, Lainio elurrezko eta izotzezko "herrixka"ren bisitak, husky txakurrek gidatutako lera safariak, Ounasjoki ibaiko arrantza eta txirrindularitza ikastaro eta lehiaketak, eremu babestuetara ibilaldiak eta piraguismo ikastaroak bezalako ekintzak eskaintzen dira Sirkka herrian. Azpiegitura hauek erakartzen dituzten elur-zaleek, udalerriaren biztanleria bikoizten, hirukoizten eta laukoizten dute sasoiaren arabera [43].

Urtero Munduko Eski Alpino Kopako lehen slalom eski proba ospatzen da azaro inguruan. 2010eko eta 2011ko txapeldunak Reinfried Herbst eta Maria Riesch, eta Jean-Baptiste Grange eta Marlies Schild eskiatzaileak izan dira hurrenez hurren. Urtero milaka zale erakartzen ditu probak eta Kittiläko motore ekonomikoa bilakatu da urte gutxitan [44].

Azkenik, aipatzekoa da Agnico-Eagle enpresa kanadarrak, 2008. urte bukaeran, Kiistala eta Pokka herrixken artean dagoen Europa osoko urre-meatze handiena ireki zuela. Bertan, meategia 13 urtetan irekirik mantenduko duten 150.000 ontza urre aurkitzea espero dute. Udalerriaren jarduera ekonomikoa berpizteko balio izan duen urre-meatzearen inguruan, gutxi gorabehera 500 bat langile dabiltza [45].

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Maanmittauslaitos
  2. Väestorekisterikeskus 2011.07.31
  3. Väestorekisterikeskus 2010
  4. Kittilän tilastotiede 2011.10.17
  5. International Ski Federation FIS-SKI. 2011.10.19
  6. Agnico-Eagle Mines Limited 2011.10.20
  7. Kittilän ilmasto 2011.07.30
  8. Revontulten 2011.07.29
  9. Kittilän ilmasto 2011.07.30
  10. Agnico-Eagle Mines Limited 2011.07.31
  11. Pallas-Yllästunturin kansallispuisto 2011.08.02
  12. Lemmenjoen kansallispuisto 2013.04.23
  13. Pöyrisjärven erämaa
  14. Kittilän esihistoria 2011.08.04
  15. Kittilän historia 2011.10.17
  16. International Ski Federation 2011.10.17
  17. Ounasjoen tulva 2009.04.20
  18. Agnico-Eagle Mines Limited 2011.05.29
  19. Kantatie 79 2011.11.25
  20. Kantatie 80 2011.11.25
  21. Finavia
  22. Levi Ski Resort 2011.10.23
  23. Levi Ski Resort 2011.10.23
  24. International Ski Federation 2011.10.17
  25. Vaalien tulokset 2012 2012.10.28
  26. Vihreät
  27. Kittilän tilastotiede
  28. Kittilän kunta
  29. Tilastokeskus (Suomen tilastotiede) 2011.11.25
  30. Arto Paasilinna
  31. Saamelaiset tilastotiede
  32. Kittilän koulut
  33. Lapin sairaanhoitopiiri
  34.   Suomen kunnallisvaakunat, Suomen Kunnallisliitto, 1982, 140. orrialdea, ISBN 951-773-085-3 .
  35. Taidemuseo Einari Juntilla
  36. 1993: Säilyttäminen lista Hanhimaan kylä, Kelontekemän kylä, Könkään kylä, Molkojärven kylä, Tepaston kylä
  37. Kotiseutumuseo
  38. Kittilän kirkko
  39. Lainio Snow Village
  40. Palotievan Pojat
  41. International Ski Federation
  42. Artic Hot-air Balloon Festival
  43. Levi Ski Resort
  44. International Ski Federation
  45. Agnico-Eagle Mines Limited

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enontekiö Enontekiö, Inari Inari
Muonio, Kolari Compass rose simple plain.svg Sodankylä
Kolari Rovaniemi Sodankylä
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kittilä Aldatu lotura Wikidatan

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]