Klamidiasi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Klamidiasia Chlamydia trachomatis bakterioak eragindako gaixotasun infekziosoa da, harreman sexualen bidez transmititzen dena, eta traktu urogenitalari erasaten diona.

Munduko herrialde garatuetan klamidiasia da sexu bidez transmititzen diren gaitzen artean ohikoena, eta jende gehiagori erasaten diona, sifili, gonokozia, HIESa edo herpes genitalaren aurretik.

Chlamydia trachomatis bakterioak seroaldaera asko ditu. Seroaldaera batzuek trakoma izeneko gaitza sortzen dute, itsutasuna eragin dezakeen begien infekzio larria. Bakterio horren D eta K-ren arteko seroaldaerek, aldiz, infekzio genitalak eragiten dituzte, klamidiasi izenarekin ezagutzen direnak. Beste seroaldaera batzuek, azkenik, linfogranuloma benereo izeneko gaitza sortzen dute, sexu bidez ere transmititzen dena, baina klamidiasien taldetik at sailkatzen dena.

Sintoma klinikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaitzaren inkubazio epea astebete bat eta hiru aste bitartekoa da.

Klamidiasiak ez du beti sintomak sortzen, infekzio asko sintomarik gabekoak baitira. Sintomak agertzen direnean gizonezkoen artean uretritisarenak eta epididimitisarenak dira ohikoenak (uretritisak erremina sortzen du txiza egiterakoan eta gernu-frekuentzia areagotzen du. Epididimitisak mina eragiten du barrabiletan). Emakumezkoen artean uretritisarenak, zerbizitisarenak eta baginitisarenak (baginaren odol-jarioak, erremina txiza egiterakoan eta gernu-frekuentziaren handitzea). Gaixotasun inflamatorio pelbikoa ere ager daiteke emakumeengan. Bai gizonengan bai emakumeengan ohikoa da muki-jario bat agertzea, uretratik edo baginatik datorrena.

Infektatuta dauden emakume haurdunek ume jaioberria sarri kutsatzen dute erditzerakoan: umeak begien infekzioa (konjuntibitis) edo pneumonia izan ditzake jaiotzerakoan, erditze-kanalean dauden mikrobioz kutsatzen baita.

Diagnostikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sintoma klinikoek bakarrik ezin dute diagnostikoa ziurtatu. Bakterio eragilearen kultiboa zaila denez (klamidiak ez baitira hazten ohiko hazkuntza-inguruetan, kultibo zelularrak behar baitituzte), froga serologikoaren bidez diagnostikatzen da gaitza (ELISAren bitartez, adibidez). Azido nukleikoen hibridazioaren froga eta PCR-a ere erabiltzen dira sarritan.

Tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diagnostikoa baieztatutakoan tratamendu antibiotikoa ezartzen da: azitromizina eta doxiziklina dira gehien erabiltzen diren antibiotikoak, eritromizinaz gain.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Klamidiasi Aldatu lotura Wikidatan