Klasizismo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Klasizismoa klasikotzat hartzen den garaiko ereduen imitazioan oinarrituriko arte-joera da. Sartaldeko kulturan K. a. V. eta IV. mendeetan, Atenasen bereziki garatu zen artea da klasikoa. Hala, klasizismoko aldiek garai horretako artearen ezaugarriak betetzen dituzte: proportzioa, simetria, oreka, objektibotasunerako joera, funtzio didaktikoa, eta bikaintasuna. Nolanahi ere, antzinako eredu horien interpretazioa eta aplikazioa desberdina izan da aldien eta generoen arabera. Bestalde, klasizismoak oposizio estetikoa adierazi ohi du: klasizismoa erromantizismoaren aurka, klasizismoa abangoardiaren aurka, eta abar.

Klasizismoa artean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Italiako Pizkundean, XIV. mendearen amaieran, benetako klasizismorako joera nabarmendu zen. XV. mendearen hasieran Florentziako zenbait artistak (Brunelleschi, Masaccio) Erromako monumentuen hondakinetan aurkitu zituzten ereduak; L. B. Albertik arkitektura arrazional eta klasikoaren printzipioak definitu zituen. Lehen klasizismoaren aldian nagusi dira Florentziako arkitekto, margolari eta eskultoreak: Donatello, Ghiberti, Andrea del Castagno, Botticelli, Filippino Lippi, Piero di Cosimo eta abar. Florentziatik kanpo Piero della Francesca eta Andrea Mantegna nabarmentzen dira. XVI. mendea Pizkundeko klasizismo betearen garaia da.

Erroman, Leonardo da Vinci eta Rafael margolariek, Michelangelo eskultoreak, eta Antonio da San Gallo Gaztea eta Donato Bramante arkitektoek Europa osora hedatu zen arte-mota moldatu zuten. Erromatik kanpo Palladio arkitektoa eta Tiziano margolaria dira aipagarrienak.

Harrezkero, klasizismotik saihesten diren manierismoa eta gero Michelangeloren obran jatorria duen barrokoa garatu ziren. Azken joera horren aurka, alabaina, XVII. mendeko frantses klasizismoa sortu zen: Nicolas Poussin frantses margolariak arrazoian oinarrituriko klasizismo garbira jo zuen berriro, Rafael eta Tizianoren ereduei jarraituz. Arkitektura-obra garrantzitsuak dagozkio klasizismo molde honi, Louvreko eta Versaillesko jauregiak adibidez. XVIII. mendean, Palladioren obran oinarrituriko klasizismoa garatu zen, gero Estatu Batuetara hedatu zena. Garaitsu hartan bermatu zen neoklasizismo deiturikoa, baina joera honek antzinatekoak ez bezalako ikusmoldea zekarren, eta hala hautsi zen benetako tradizio klasikoa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Klasizismo Aldatu lotura Wikidatan