Koldo Mitxelena
Wikipedia(e)tik
Koldo Mitxelena Elissalt (Errenteria, Gipuzkoa, 1915eko abuztuaren 20a - Donostia, Gipuzkoa, 1987ko urriaren 11a) euskal hizkuntzalari eta idazlea izan zen. Euskal Herriko Unibertsitateko Filologia fakultatean irakasle eta Euskaltzaindiako kide izan zen.
Euskara batuaren sortze prozesuan eragile nagusiena izan zen.
1987an Errenteriako Udalak herriko seme kuttun izendatu zuen.
[aldatu] Bizitza
[aldatu] Haurtzaroa eta gaztaroa
Artisau familia batean sortu zen. Oraindik gaztetxo zela, gaixotasun batek ohean egotera behar zuen luzaro. Gertaera horri eskerrak irakurzaletasuna piztu zitzaion eta baita euskararako isuri bizia ere.
Familia abertzalekoa zen. Gazterik ELAn eta EAJn afiliatu zen. Aitzolek zuzentzen zuen Euskaltzaleak gazte-mugimendua ezagutu zuen. Fabrikan lan egiten hasi zen, eta aldi berean, ikasketekin jarraitu zuen, zenbait mitinetara ere joaten hasi zen…. Garai hartan sentitu zuen gerra aurreko euskal literaturarako interesa.
[aldatu] Gerra-garaia, heriotza-zigorra, kartzela
Francisco Francoren altxamendu militarra izan zenean, Koldo Mitxelena boluntario joan zen abertzaleekin. Preso sartu zuten Santoñan eta hiltzera kondenatu 1937ko irailaren 7an. Bere zigorra 30 urteko kartzelaz konmutatu zuten. Horrela, hainbat presondegi ezagutuko zituen: El Dueso, Larrinaga, Burgos.
Burgosko kartzelan hainbat intelektual eta unibertsitario ezagutu zituen. Hantxe, konbentzitu zuen Francisco Jordá-k, (gero Arkeologiako katedratikoa izango zenak) unibertsitate-ikasketak egiteko. Zailtasunak zailtasun, handik urte batzuetara, ikasketa horiei ekin zien, 1948an. Bi liburuk eragin handia izan zuten beregan: Menéndez Pidal-en Manual de Gramática Española eta Aguado Bleye-ren Historia de España'.
1943aran urtarrilaren 13an libre utzi zuten 5 urte, 4 hilabete eta 5 egun kartzelan pasa ondoren.
[aldatu] Bigarren kartzela-aldia
27 urte zituelarik eta osasunez pattal samar, Koldo Mitxelena Errenteriara itzuli zen. Jose Uranga enpresari errenteriarrak kontulari-postua eskaini zion Madrilen. Bertara joan eta, lan egiteaz batera, klandestinitatean ere murgildu zen. Diktaduraren kontrako oposizioa guztiak bazuen esperantza bat: Bigarren Mundu Gerran aliatuek irabaziko zutela eta, ondorioz, Francoren erregimena jausi egingo zela.
1946ko apirilaren 10ean atxilotu egin zuten, CNTren eta EAJren inguruko jarduerak zituelakoan. Berekin batera, hiru galegozale garrantzitsu erori ziren: Ramón Piñeiro eta Saco anaiak. Bi urteko kondena eman zioten. 1948ko urtarrilaren 30ean libre gelditu zen, beste hainbat kartzelatatik igaro ondoren: Alcalá, Ocaña, Yeserías eta Talavera.
[aldatu] Urritasuna eta garapen intelektuala
1948an, berriro Errenterian zegoen, baina Madrilgo Filosofia-Letren Fakultatean matrikulatu zen, Francisco Jordá kartzelako lagunak animatuta. 50. eta 60. urteak garrantzitsuak izan ziren Mitxelenarentzat: garapen intelektual handia izan zuen, baina diruz justu zebilen eta aldi bereko lanbide bat baino gehiago behar izan zituen bizimodua aurrera ateratzeko. Zituen aurrekari penalak izanik, ez zen erraza lan finkoa aurkitzea. Beharrik, zenbait lagunek ongi ezagutzen zituzten bere balioak eta bere ahaleginak (Arrue, Tovar, Amorós, Agud, Vallejo…).
1949an ezkondu egin zen Matilde Martínez de Ilarduya andrearekin. 1951ko greban parte hartu zuen.
[aldatu] Unibertsitatea
1954 Julio de Urquijo Euskal Filologiako Mintegiko zuzendari izendatu zuten eta Eganaldizkariko erredakzioko partaide. Aldi berean, Salamancan eskolak ematen hasi zen, bere lagun Antonio Tovarrek deituta. 1958an Euskal hizkuntza eta Literaturako Larramendi katedra hartu zuen Salamancako Unibertsitatean (Espainiako unibertsitate batean euskarari dedikatutako lehenengoa). 1959an doktoregoa lortu zuen. 1968an indoeuropar linguistikako irakasle izan zen. Salamancako aldi hori bere bizitzako garai zoriontsuenetakoa izan zen beretzat eta bere familiarentzat.
[aldatu] Euskara batuaren eraikuntza
Salamancan eskolak ematen hasi zen garai bertsuan, Euskaltzaindiak ardura handiko enkargua eman zion euskara idatzia bateratzeko. Eztabaida handiko garaia izan zen hura, batez ere H letraren erabilerak piztu zituen tira-birak zirela medio. Euskara batua eraikitzerakoan, bere ikuspegia ez zen hizkuntzalari huts batena izan, soziolinguistikaren ekarpenak ere gogoan izan zituen. Argi ikusi zuen euskara batua erdiko euskalki erabilienen gainean eraiki behar zela. Era berean, etorkizuna nondik joan zitekeen ikusi zuen eta orduko gazte euskaltzaleek zuten sentsibilitatearekin konektatzen jakin zuen.
[aldatu] Parisen irakasle
Frantziako 68ko maiatz famatuaren ondorioetariko bat unibertsitatearen dezentralizazioa eta zabalkundea izan zen. 1969 eta 1971 artean euskal hizkuntzalaritza konparatua irakatsi zuen Sorbonako Unibertsitatean, professeur associé gisan eta chargé de cours izan zen Ecole Practique des Hautes Etudes delakoan. Garai honetan André Martinetekin izan zuen adiskidetasuna aipatu behar da. Hasieran, Martineten etxean jarri zen bizitzen eta honek bere lagun eta zientzialarien zirkuluan sartu zuen (Jeanne Martinet, Giovana Madonia, Nicole Moutard etab.), baita bere argitalpen-sarean ere.
[aldatu] Polifazetikoa eta behatzaile zorrotza
Bokazio handiko hizkuntzalaria izan zen eta hainbat hizkuntzaren ezagupenak zituen. Baina horrez gain Koldo Mitxelena literatura-irakurle nekaezina zen, polizia-eleberriak barne. Zinea ere asko gustatzen zitzaion: euskaraz idatzi zituen zine-kritikak benetan interesgarriak dira. Epaimahai edota ekitaldi kultural askotara deitzen zuten, baita bere aholkua ere eskatu hezkuntza eta kultura mailako erabakiak hartu behar zirenean.
[aldatu] Berriz ere Euskal Herrian: Euskal Herriko Unibertsitatearen sorrera
Espainiako trantsizio politikoa eta lehen hauteskundeak izan zirenean, Koldo oraindik Salamancan zegoen. Hala ere, Euskal Herriarekin lotura estuak mantentzen zituen eta bertako hainbat gertaera nagusitan parte hartu zuen: esaterako, Euskal Herriko Unibertsitatearen sorreran edota normalizazio kulturalean. Azken urteetan, 1978tik aurrera, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izan zen eta euskal filologoen lehen belaunaldiak prestatzen jardun zuen. Urte luzeetan euskal hiztegia prestatzen jardun zuen Mitxelenak. Azkenean, 1987an, Orotariko Euskal Hiztegiaren lehen alea argitaratu zen, baina berak ezin izan zuen inprimaturik ikusi, pixka bat lehenago hil baitzen, urte horretan bertan. Gero, langintza horretan kide zuen Ibon Sarasolak jarraitu zuen hiztegiaren lanak zuzentzen, argitalpena 2005ean burutu arte.
[aldatu] Lanak
- "Apellidos vascos" (1955)
- "Historia de la literatura vasca" (1960)
- "Fonética histórica vasca" (1961)
- "Lenguas y protolenguas" (1963)
- "Textos arcaicos vascos" (1964)
- "Sobre el pasado de la lengua vasca" (1964)
- "Mitxelenaren idazlan hautatuak" 1972
- "Koldo Mitxelena. Euskal idazlan guztiak", Euskal klasikoak 21-29 1988
- "Orotariko euskal hiztegia" (1987-2005)

