Kolitis pseudomenbranoso

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Kolonaren sasimintzak endoskopiaren bitartez ikusita

Kolitis pseudomenbranosoa Clostridium difficile bakterioak eragindako hesteetako patologia da, kolonaren hantura, sukarra, sabeleko mina eta beherakoak sortzen dituena.

Bakterio eragilea ez da patogeno hertsia, oportunista baizik. Horregatik, ohikoa da gaixotasun hori agertzea ospitaleratuen artean. Bi arrazoi daude horretarako: alde batetik, ospitaleratuek immunitate-sistema ahulagoa dute, eta bestetik sarritan espektro zabaleko tratamendu antimikrobianoa hartzen dute, hesteetako flora bakteriarra desagerrarazten duena, Clostridium difficile-aren kolonizazioa erraztuz.

Bakterioak bi toxina indartsu ekoizten ditu, gaitzaren sintomatologia eragiten dutenak. Kolonaren endoskopiak plaka zuri batzuk erakusten ditu, sasimintza delakoak, gaitzari izena ematen diotenak.

Diagnostikoa egiteko bakterioaren toxinak bilatu behar dita gorotz-laginetan. Kolonoskopiak diagnostikoa baiezta dezake.

Tratamendu antibiotikoa kasu larrienetan soilik ezartzen da, eta metronidazolaren ezarpenean datza. Horren haritik, gaitzaren prebentziorik onena antimikrobianoen erabilera zuzena da, espektro zabaleko antibiotikoen ezarpena zainduz, horiek baitira Clostridium difficile bezalako mikrobio oportunisten hazkuntza errazten dutenak.

Hainbat kasutan gaitza oso zaila da sendatzeko. Azken urteetan arrakasta handiz erabili da gorotz transplantea edo gorotz-bakterioterapia izeneko tratamendua: gaixoaren hesteetan emaile osasuntsu baten gorotza (flora bakteriar normala duena) sartzen da. Horrek Clostridium difficile-ren hazkuntza mugatzen du.


Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kolitis pseudomenbranoso Aldatu lotura Wikidatan