Komantxe
| Komantxeak | |
|---|---|
| Komantxeak. | |
| Biztanleak guztira | 10.000 inguru |
| Biztanleria nabarmena duten eskualdeak | AEB (Mexiko Berria, Kolorado, Kansas, Oklahoma, Texas) |
| Hizkuntza | Soshon |
| Erlijioa | - |
Komantxeak Ipar Amerikako tribua da, Komantxeria izeneko lurraldean (Mexiko Berria, Kolorado eta Kansasen hego-ekialdea, Oklahoma eta Texasen ekialdea) bizi dena.
Bere biztanle kopuru maximoa 20.000 kidekoa izan zela uste da. Gaur egun Komantxe Nazioak 10.000 bat kide ditu; erdia Oklahoman bizi da eta gainontzekoak Texas, Kalifornia eta Mexiko Berrian.
Komantxe izenaren jatorriari buruzko hainbat teoria daude. Onartuena "Kohmathts" (etsai) ute hizkuntzako hitzaren eratorria dela uste da. Komantxeek beraien buruari Numunuu (Herria) deitzen diote.
Historia [aldatu]
Komantxeak Wyoming aldeko shoshon familiakoak ziren eta XVIII. mendetik aurrera zabaldu ziren Ipar Ameriketako Ordoki Handietara; bizimodu erdi-nomada egiten zuten han, ehiztari gisa; batez ere bufaloak harrapatzen zituzten. Migrazio horretan beste herri batzuk bultzatu zituzten hegoalderantz, apatxeak nagusiki.
XVIII. mendean jarri ziren harremanetan konkistatzaile espainiarrekin; zaldia erabiltzen hasi zen lehenengoetako herri indiarra izan zen.
10.000 komatxe inguru ziren XIX. mendearen hasieran, eta luzaroan erabili zen haien hizkuntza shoshon indiarren arteko lingua franca gisa.
XIX. mende erdialdean, penateka izeneko hegoaldeko komantxeak Indiarren Lurraldean (Indian Territory, egungo Oklahoma) bizi ziren. Iparraldean, ordea, borrokari ekin zioten komantxeek, kolono zuriak lapurtzen ari zitzaizkien lurrei eustearren. 1864an, Christofer "Kit" Carsonek gidaturiko gudaroste zuriak menderatu zituen komantxeak eta hitzarmen bat izenpetu behar izan zuten Estatu Batuetako gobernuarekin (1865). Oklahomako mendebaleko erreserba batean geratzera behartu zituzten komantxeak hitzarmen horren ondoren. 1867an, ordea, kiowa eta apatxeekin batera, berriro altxatu ziren komantxeak zurien aurka; benetako sarraskiak egin zituzten zuriek komantxeen artean ondoko urteetan.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.