Komiki

Wikipedia, Entziklopedia askea
Oraina (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 22:55, 25 martxoa 2016
Little Sammy Sneeze (Winsor McCay)

Komikia marrazki-ipuin, irudi-ipuin edo marrazki-istorioa ikusteko artearen mota bat da, irudiak eta testuak nahasten dituena eta karikatura edo irrimarraren teknikaz baliatzen dena. Argitaratzeko modurik ohikoena komiki-tira edo ziri-marra da, egunkari eta aldizkarietan agertzen dena. Bestela, komikia bera liburutan argitara ematen dute.

Arte agerpen honen lehenengo aztarnak Europan eta XV. mendean topa ditzakegu, aurretik Amerikan beste balizko lekukotza batzuk egon dauden arren.

Mundu mailan, oso ezagunak dira Rene Goscinny eta Albert Uderzo ("Asterix"), Herge ("Tintin") komikigile europarrak eta Quino argentinarra ("Mafalda"). Aipatzekoak dira halaber Jose Escobar ("Zipi eta Zape") eta Francisco Ibañez ("Mortadelo eta Filemon") egile bartzelonarrak. Euskarazko egileen artean azpimarratzekoa da azken urteotan helduentzako lanak egin dituen Patxi Gallego.

Historia

Sakontzeko, irakurri: «Komikiaren historia»

Komikiaren historia azaltzea konplexua da, berez komikia zer den araberakoa. Irudi bidez kontatzeko sena gizadiak hasiera-hasieratik izan badu ere, eta askok historiaurreko leizeetako irudiak eta geroztikako irudi-segida guztiak hartzen baditu ere komikigintzaren aitzindaritzat, adituek hiru irizpide aipatzen dituzte komikia definitzeko : sekuentzia edo irudien segida ordenatu bat izatea, testuaren eta irudiaren arteko harremana, eta baliabide teknikoen bidez obra kopuru handietan kopiatu eta zabaldu ahal izateko gaitasuna.

XIX. mendearen amaieran Rodolphe Töpffer suitzarra nabarmentzekoa da, izan ere aditu askoren ustez bera da historiako lehenengo komikigilea.

Ezaugarriak

Gertaera jakin bat irudi segida baten bidez irudikatzea gizadiak hasiera-hasieratik erabili izan badu ere adierazpide gisa, komikia esaten zaion horrek bere ezaugarri, teknika, hizkuntza eta baliabide bereziak ditu ; ez da literatura, ez da zinema, ez da pintura, baina badu literaturarekin, zinemarekin eta pinturarekin harremanik eta bai orobat haien eraginik.

Komikiak ez zuen bere tankera eta eginbide berezia hartu, harik eta masa hedabide handiek indarra hartu ez zuten arte, eta, bereziki, Estatu Batuetan, XX. mendearen hasieran, prentsa jabe handiek beren egunkarietako igandetako gehigarri koloredunen bidez izan zuten lehia biziak bultzada erran eta irakurle masa handi batera iristeko aukera eman zion arte.

Komikiak etengabeko bilakaera izan du bai bere egituran, bai bere irakurleengan, eta bai bere pertsonaia eta heroietan. Zinemarekin batera, eta telebista sortu ere baino lehen, eragin handia izan du irudiaren zibilizazio bat sortzen. XX. mende osoko joera estetiko eta sozial guztiak bereganatu eta adierazi ondoren, gaur egun komikiak aztarna utzia du sorkuntzaren eta komunikazioaren alor guztietan : prentsa, publizitate, pintura, zineman.

Izate berezia

Kontakizuna plano segida batez adieraztea du komikiak ezaugarri berezkoenetako bat ; marrazki zerrenda bat da beraz, eta segidaren eta kontatzearen aipu hori du hizkuntza askotan komikiari eman zaion izenak : comic strip ingelesez "umorezko zerrenda esan nahi du"-, historietas gaztelaniaz -"istoriotxoak" edo-, "bande dessinée" frantsesez -"zerrenda marraztua"-, manga japonieraz -"irudi ugaritasuna"- , fumetto italieraz -pertsonaien ahotik ateratzen diren globoen aipuz. Hala ere ingelesezko comic hitza nagusitu da mundu osoan -baita euskaraz ere-, nahiz komikiak aspaldi utzi zion soil-soilik unorezko izateari.

Komikia zinemarekin lotu izan da askotan, eta, egia esan, harreman handia dute.

Baina komikiak baditu berezitasun eta kontatzeko modu jakin batzuk zinemaren oso bestelakoak : laukia -espazio-denboraren mugatzaile-, orrialdea, testuaren eta irudiaren anteko harremana -pertsonaien hizketak bere baitan hartzen dituzten globoak.-, mugimendua eta hotsa adierazteko modua...

Laukia eta orrialdea

Laukia da komikiaren gutxieneko banakoa eta bere mintzairaren oinarria. Laukia ez da bere horretan osotasun bat, kontakizuna banatzeko zati bat baizik, sekuentziaren edo orrialde osoaren testuinguru zabalagoaren puska bat, gertaera baten aldi adierazgarrienak aukeratzen eta kateatzen baititu. Lauki jakin bat ez dago bakartuta, beste laukien eragina du eta besteekin dago harremanetan, aurrekoaren eta hurrengoaren arteko kate maila bat da, eta haien arteko tirabiran eta tenkan oinarritzen da komikia bere kontatzeko modu berezia sortzeko.

Gertaera bat banatzeko moduak baldintzatzen du sekuentzia edo segida jakin baten antolamendua. Bizkortasunak eta bizitasunak dakar kontakizun baten une erabakigarrienak aukeratzeko premia. Eta horrek berak indartzen du elipsiaren garrantzia : lauki arteko zuriguneek gauza asko adierazten dituzte, inoiz marraztu ez diren gertaerak begietaratzeko ahalmena dute.

Mintzaira berezi bat

Hizketak globo moduko batzuen barruan daude komikian, eta globo horiek pertsonaien ahotik, eta objektuen barrualdetik ateratzen dira. Irudiak ez du hitza argitzen edo apaintzen, biak maila berean daude, eta, noski, askotan komikiak ez du hitzik, zarata besterik ez du, edo mutua izaten da, besterik gabe.

Komikian testua eta irudia ezin hautsizko moduan daude elkarri lotuta, elkarren osagarriak dira eta bakoitzak bere zeregina du kontakizunean. Hitzak eta zeinuak eskuz marraztuta behar dute, neurriz, itxuraz eta idazkeraz adierazgarriak izan daitezen. Laukian duten kokalekuagatik, tamainagatik, estilo grafikoagatik, globoek erritmo jakin bat ematen diote irakurketari : isiluneak, zalantzak, bat-bateko azelerazioak definitzen dituzte, irudietan zehar eta orrialdean zehar mugitzen lagunduz begiari.

Hitzak kode ideografiko jakin bat du komikian : burbuila moduko globoak pertsonaiaren barne gogoeta adierazten du ; zerra hortzen moduko globoak ahots igorria edo grabatua adierazten du ; letren loditasunak edo handi-txikiak ahotsaren indarra, doinuaren goratasuna adierazten dute ; globoaren barnean zeinu jakin batzuk sartuz (hodei beltzak, burezurrak, labanak, loreak ...) oinarrizko sentimenduak adierazten dira : haserrea, goxotasuna, maitasuna, tristura... Askotan, tamainaren, formaren, eta irudian duen kokalekuaren bidez testuaren tankerak testuaren edukiak bezainbat adierazten du : letrak puztu egiten dira, mehetu edo bihurritu, globoetatik gainezka egiten dute, irudia inbaditzen dute, onomatopeia huts bihurtzen dira.

Komikiak

Komikigileak

Amerikakoak

Asiakoak

Europakoak

Manga

Sakontzeko, irakurri: «Manga»

"Manga" japonierazko hitza da, eta mundu mailan Japonian egindako komikiak oro har izendatzeko erabiltzen da, kontzeptua zabalegia izanda hainbat genero barne hartzen badu ere. Literalki, "marrazki xelebreak" edo "zirriborroak" esan nahi du. Katsushika Hokusai ukiyo-earen egileak honela sortu zuen manga terminoa: informalaren (漫 man) eta marrazkiaren (画 ga) kanjiak batuta. Manga egilea mangaka izenez ezagutzen da, eta irakurle zaletua akiba-kei edo otaku izenez (azken hau erabiliagoa da, baina esanahi negatiboagoa du). Manga ukiyo-earen eta mendebaldeko marrazki estiloaren arteko nahasketa moduko batetik sortu zen, eta Bigarren Mundu Gerratik gerora hasi zen bihurtzen, pixkanaka-pixkanaka, gaur egun den fenomenoa.

Azokak

Argitaletxeak

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Komiki Aldatu lotura Wikidatan