Kongoko Errepublika

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Kongoko Errepublika
République du Congo
Kongoko Errepublikako bandera
Bandera

Kongoko Errepublikako armarria
Armarria

Goiburua: Unité, Travail, Progrès
("Batasuna, Lana, Aurrerapena" )
Nazio ereserkia:
La Congolaise
Kongo: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Brazzaville
4°14′H 15°14′E
Hizkuntza ofiziala(k) Frantsesa (ofiziala), Kituba eta Lingala (aitortuak)
Gobernua
Presidentea
Lehen Ministroa
Errepublika
Denis Sassou Nguesso
Isidore Mvouba
Independentzia
Frantziatik
1960ko abuztuaren 15a
Eremua
• Guztira
• Ura

342.000 km² (64.)
% 3,3
Biztanleria
• Zenbatespena (2012)
• Dentsitatea

Herritarra

4.366.266 (128.)
12,8 biztanle/km² (204.)

kongoar[1]
Dirua Erdialdeko Afrikar CFA libera (XAF)
Ordu eremua WAT (UTC )
Interneteko domeinua .cg
Telefono aurrezenbakia +242

Kongo Errepublika[1] (République du Congo frantsesez, Repubilika ya Kongo kikongoz, Republiki ya Kongó lingalaz) Afrikako erdialdean kokatuta dagoen herrialdea da.

Hiriburua Brazzaville da. Iparraldean Afrika Erdiko Errepublika, ipar-mendebaldean Kamerun, mendebaldean Gabon, hego-mendebaldean Angola (Kabindako probintzia) eta Ozeano Atlantikoa eta ekialdean eta hegoaldean Kongoko Errepublika Demokratikoa mugakide ditu.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialdea lau eskualdetan banatuta dago: kostako ordeka; erdialdeko goi ordeka, mendikate txiki batez (800 metro garai gehienez) bereizia kostatik; Kongo ibaiaren arroa ipar-ekialdean; eta padura zabal bat. Erdialde osoa oihana da, eta oso jende gutxi bizi da bertan. Hiru biztanletik bi hegoaldean bizi dira, Brazzaville eta Pointe-Noire lotzen dituen burdinbidean zehar. Hiru biztanletik bat basoan edo nekazari gisa aritzen da lanean. Mea baliabide aberatsak ditu Kongoko Errepublikak: petrolioa, beruna, urrea, zinka, kobrea eta diamanteak, besteak beste.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskualdean bantu herriak bizi ziren, Kongo ibaiaren arroan elkarren arteko merkataritza-harremanak sortu zituztenak. Diogo Cão portugaldar esploratzaileak 1484an Kongo ibaiaren bokalera ailegatu zen.[2] Laster bertoko bantu erresumek europar merkatariei ondasunak eta hinterlandean harrapaturiko esklaboak saldu zizkieten. Baina, europar kolonizazio zuzena hasi zenean, XIX. mendean, bantu gizartearen boterea jada gainbeheran zegoen.[3]

Pierre de Brazzak batekeen buruzagiekin 1880an sinaturiko itunari esker Kongo ibaiaren iparraldea frantsesen eskuetan erori [2] eta Kongo-Brazzaville Frantziar Ekuatore-Afrikaren zati bat bilakatu zen.[4] 1960an independentzia lortu eta gerro, antzinako Frantziar Kongo Kongoko Errepublika bilakatu zen. Kongoko Herri Errepublika alderdi bakarreko estatu marxista-leninista izan zen 1970 eta 1991 artean.

Berlingo harresia erortzeak eta Sobietar Batasunean perestroika indarrean jartzeak aldaketa sozial eta politiko handiak eragin zituzten, eta hala, 1990eko abenduan, alderdi aniztasuna onartu zen Kongoko Errepublikan. 1991ko uztailean André Milongok Lehen Ministro kargua hartu zuen, lehendakaritzarako hauteskundeak egin bitartean. Erabaki horrek liskar gogorrak eragin zituen kaleetan, eta trantsizio gobernu bat eratu zen, indar armatuak bilduta. Lehendakaritzarako hauteskundeak, 1992ko abuztuan, Pascal Lissoubak irabazi zituen. Hautatu zutenez geroztik etnia batzuen alde eta beste batzuen aurka egiteaz eta oposizio politikoa zigortzeaz akusatu zuten behin eta berriro. Legegintzarako hauteskundeetan, 1993ko maiatzean, gobernuaren aldekoak 64 aulki eskuratu zituzten, eta oposizioak 49. Oraingoan ere iruzur egitea leporatu zioten gobernuari, eta berriro liskar gogorrak izan ziren militarren eta manifestazioetan parte hartu zuten pertsonen artean: sei lagun hil ziren. Lissoubak erretiroa hartutako militar bat izendatu zuen Lehen Ministro, Jacques Yhombi-Opango, eta izendapen hori zela-eta, oposizioak gobernu paraleloa eratu zuen, Bernard Kolelasen gidaritzapean. Uztailean eta abenduan 80 pertsona inguru hil ziren istilu gogorretan. 1994ko urtarrilean gudarosteak artilleria eta guzti erabili zuen oposizioko talde armatuen erasoei aurre egiteko. Orduan 100 pertsona baino gehiago hil ziren. Martxoaren erdialdean, oposizioak eta gobernuak su-etena hitzartu zuten. Uztailean Kolelas hautatu zuten Brazzavilleko alkate, eta horri esker egoera baretzen hasi zen. 1995ean zehar gobernuaren aurkako miliziak armaz gabetzeko eta behin betiko bakea lortzeko ahaleginak egin ziren. 1997ko ekainean, ordea, berriro piztu zen borroka, gobernua Denis Sassou Nguesso eta honen aldekoak armaz gabetzen ahalegindu zenean. Azaroan, gerra zibileko lau hilabeteren ondoren, oposizioko indarrek mendean hartu zuten Lissouba lehendakaria, Angolako gudarostearen laguntzaz. Nguessok gobernu berria antolatu zuen Brazzavillen, eta lehendakaritzarako hauteskundeak deitzeko prest agertu zen. 2002an Nguessoren konstituzio berria onartu zen, haren arabera, legebiltzarrak ezin zuen lehendakaria agintetik bota. Urte horretan, hauteskundeak egin ziren, eta Nguessok irabazi zituen. Geroztik, agintean dago. Bitartean, Kongoko errepublika odolusten ari den gerra zibilak milaka eta milaka hildako, zauritu eta erbesteratu eragin ditu. Estatua ustelkeriak janda dago, eta osasun eta hezkuntza zerbitzuak ia deseginda daude. Ez dirudi, oraingoz behintzat, egoera konpontzeko bidean dagoenik.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kongoko etnia talde nagusia kongoena da. Biztanleen erdia dira, eta hiriburuan eta hiriburu inguruan bizi dira. Herrialdearen erdialdean tekeak (edo batekak) bizi dira, eta iparralderago, sangak eta mboshiak. Etnia gehiago badira, baina askoz txikiagoak dira horiek baino. Biztanleen erdia baino gehiago hirietan bizi da, herrialdearen hego-mendebaldean, han baitira hiriburua (Brazzaville, herrialdeko ibai portu nagusia) eta hiri nagusiak: Pointe-Noire (683.621 biztanle) eta Loubomo (106,300 biztanle). Estatuko hizkuntza ofiziala frantsesa da, bertako hizkuntzekin batera erabiltzen dena: lingala, monokutuba, laria eta abar. Erlijioari dagokionez, katolizismoa, protestantismo eta animismoa dira sinesmen zabalduenak.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Congo regions named.png

Kongoko Errepublika 10 eskualdetan (régions) eta udalerri batean (commune) banatua dago, eta eskualdeak 46 barrutitan bereizten dira. Hauek dira erregio kongoarrak:

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baliabide naturaletan oso aberatsa da Kongo, baina ekonomia atzeratua du eta garatze bidean dago. Nekazaritza da biztanleen bizibide nagusia: arroza, artoa eta mandioka lantzen dituzte oinarrizko elikagai gisa, eta olio palmondoa, tabakoa, azukre kanabera, kakaoa, kakahuetea eta kafea, berriz, kanpora esportatzeko. Oihana ere oso aberatsa da, eta zur erreserba handiak eskaintzen ditu (ebanoa, okumea, eta abar). Abeltzaintzak, berriz, ez du pisu handirik, ezta arrantzak ere, nazioaren ekonomian. Industria gehiena, beraz, zurgintzara bideratua dago. Zerratokiez gainera, ehunak egiteko fabrikak, nekazaritzako produktuak eraldatzeko lantegiak eta ontziolak daude. Dena dela, meatzaritza da Kongoko ekonomia jarduera nagusia: gas naturala, beruna, burdina, uranioa, diamanteak eta potasio gatzak ustiatzen dira, eta batez ere petrolioa, bai barnealdean bai itsasaldean. Kongo da Afrika beltzeko bosgarren petrolio ekoizle handiena. Beraz, Kongok zura eta petrolioa esportatzen ditu, nekazaritzako gaiez gainera, eta batez ere elikagaiak inportatzen ditu, barne kontsumorako, nekazaritzak ez baititu oinarrizko beharrak asetzen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kongoko Errepublika Aldatu lotura Wikidatan