Kongoko Estatu Burujabea

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Kongoko Estatu Burujabea
État Indépendant du Congo

1885 – 1908
Flag of Congo Free State.svg Coat of arms of the Congo Free State.svg
LocationCongoFreeState.png
Kongoko Estatu Burujabearen kokapena
Sorrera 1885
Anexioa Belgikari 1908
Hiriburua Boma
Hizkuntza(k) Frantsesa
Dirua Kongotar libera
Aurrekoa
Flag of Congo Free State.svg Association internationale du Congo
Ondorengoa
Kongo Belgikarra Flag of Congo Free State.svg

Kongoko Estatu Burujabea[1] (frantsesez: État Indépendant du Congo) 1885-1908 bitartean Leopoldo II.a Belgikakoaren jabetza izandako Erdialdeko Afrikako eskualde zabala izan zen. Eskualde honen mugak bat datoz gaur egungo Kongoko Errepublika Demokratikoarenekin.

Leopoldo II.ak lurralde hau administratu zuen aldian, natura baliabideak (boli eta kautxua, bereziki) neurririk gabe ustiatu ziren eta bertatiarrak esklabo gisa erabili zituzten. Bertakoak mendean edukitzeko eratutako armada pribatua (Force Publique) hilketa, bahiketa eta torturaz baliatzen zen. 1900tik aurrera Europa eta AEBetako prentsak Kongon gertatzen ari zen izugarrikeriaren berri eman zuen eta 1908an Leopoldok Belgikako gobernuaren esku utzi behar izan zuen bere jabetza. Handik aurrera Kongo Belgikarra izena hartu zuen[2].

Joseph Conraden Ilunbeen bihotzean eleberriak (1902) Kongoko funtzionario kolonialen gehiegikerien berri ematen du.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Henry Morton Stanleyk 1874-1877 bitartean Kongo ibaian barrena egin zuen esplorazio bidaiak Leopoldo II.a erregearen interesa piztu zuen. 1877an Leopoldok Kongo Garaiko Ikerketa Batzordea (Comité d’Études du Haut Congo, geroago Association Internationale du Congo deitua) sortu zuen[3]. Batzordearen helburuak, bere araudiaren arabera, zientifiko eta humanitarioak ziren arren, erregeak Kongoren arroan Belgikaren eragina (eta subirotasuna, azkenik) ezartzeko erabili zuen[4]. Horrela, batzordeak babesturik, 1879 eta 1882 bitartean Stanleyk Kongo garaian kokaguneak ezarri eta bertako hainbat agintarirekin hitzarmenak sinatu zituen[3].

Berlingo Konferentzian (1884-1885) potentzia inperialistek (Austria-Hungaria, Belgika, Frantzia, Alemania, Britainia Handia, Errusia eta Otomandar Inperioa, besteak beste) Afrikaren banaketa erabaki zuten. Belgikak Kongo ibaiaren arroko 2 milioi km²-ko eremua eskuratu zuen (État Indépendant du Congo), Leopoldo II.aren jabetza pertsonal gisa (Domaine Privé)[5]. Izan ere, Belgikako Legebiltzarrak Leopoldo estatu berriaren Roi-Souverain izendatu zuen, eta ia erabateko aginpidea eman zion[4].

Kautxu arbolak landatzeko hutsarazitako Kongoko herrixka.

Berlingo Konferentziaren agirietan, Leopoldo esklabo trafikoa ezabatzera, merkataritza askea sustatzera eta politika humanitarioak aplikatzera obligatu zen. Haren egiteak, ordea, guztiz alderantzizkoak izan ziren. 1885ean bertan, lur landugabe guztiak Belgikako estatuaren jabego zirela dekretatu zuen. Hurrenez hurrengo hiru dekretuk arront murriztu zizkieten kongotarrei lurren gaineko eskubideak. 1880ko hamarkadan Force Publique izeneko armada pribatua eratu zuen. Armada honetako ofizialak zuriak ziren (belgikarrak edo Europako beste herrialde batzuetako mertzenarioak) eta soldadu soilak beltzak, Zanzibar, Mendebaldeko Afrika edo Kongon bertan, askotan bortxaz, errekrutatuak[4].

Eskua moztu zitzaien kongotar emakume eta umeak.

Bi enpresek (Societé Anversoise du Commerce au Congo eta Anglo-Belgian India Rubber and Exploration Company) lortu zituzten Kongoko baliabideak (bolia eta kautxua) ustiatzeko kontzesio garrantzisuenak, eta bietan Leopoldo II.a akziodun nagusia zen. Enpresa hauek baliabideak harrapakatu zituzten, bertako biztanleak esklabo gisa erabiliz. Batzuetan, kautxu-biltzaileen emazte eta seme-alabak bahiturik edukitzen zituzten eskatutako kautxu kopurua ekarri arte. Beste batzuetan, herrixkak erre eta haurrak hiltzen zituzten, nahiko kautxu ekartzen ez bazuten[4].

Tribu buruek erresistentzia antolatu bazuten ere, Force Publiquek bortizki zapaldu zituen altxaldi horiek. Matxinoek, herrixketatik oihanera ihes egin ostean, armadari zelatak jarri eta kautxu-landarediei su ematen zieten. Errepresalia gisa, armadak herrixkak erre eta oihanean ezkutaturik zeuden matxinoak hiltzen zituen. Balak alferrik gastatu ez zutela erakusteko, soldaduek hildako matxinoen eskuineko eskuak moztu eta eraman behar izaten zituzten. Baina, huts egindakoan, edo balak ehizan aritzeko gorde nahi bazituzten, zauriturik edo onik zeudenei mozten zizkieten[4].

1890ean George Washington Williamsek Kongon ikusitako basakeriak salatu zituen arren, beste 10 urte igaro ziren eskandalua Europan lehertu arte. Mark Twain eta Joseph Conrad idazleen, William Henry Sheppard misiolariaren, Roger Casement diplomazialariaren eta Edmund Dene Morel kazetariaren txosten eta kronikei esker, Europa eta Estatu Batuetako gobernuak Kongoko Estatu Burujabean gertatzen ari ziren ankerkerien aurka agertu ziren. 1908an, Belgikako Legebiltzarrak beharturik, Leopoldo II.ak Belgikako gobernuaren esku utzi zuen bere mendeko lurraldea, harrezkero Kongo Belgikarra izendatua izan zena[2].

Kalkulu zehatzak egitea ezinezkoa den arren, 1885-1908 urteetan Kongoko biztanleria 10 bat milioi pertsonatan murriztu zela jotzen da; hilketak, gosea, akidura, eritasunak eta jaiotza tasaren beheraldia dira horren arrazoi nagusiak. Beste historialari batzuek 13 milioi hildako izan zirela uste dute. 23 urteko garai lazgarri hartan, Leopoldo II.ak gaitzeko aberastasuna bereganatu zuen, boli eta kautxuaren neurrigabeko ustiatzearen bitartez[4].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Afrika kolonialeko toponimia Euskaltzaindia.net
  2. a b El Genocidio de Leopoldo II Ikuska.com
  3. a b Congo Free State Global.britannica.com
  4. a b c d e f Dean PAVLAKIS: Congo Free State, 1885-1908 Genocide Studies Program. Yale.edu
  5. Inperialismoa Hiru.com

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kongoko Estatu Burujabea Aldatu lotura Wikidatan