Konrad Lorenz

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Konrad Lorenz (eskuinean) Niko Tinbergen-ekin 1978an.


Konrad Zacharias Lorenz (Viena, Austria, 1903-Altenberg, Austria, 1989) Etologiaren sortzailetariko bat izan zen, 1973ko Fisiologia eta Medikuntzako Nobel Saria jaso zuena. Ekarpen oso garrantzitsuak egin zituen animalien portaeraren ikerkuntzan, aditu gehienen ustez bera izan baitzen Etologiaren nondik-norakoak ezarri eta finkatu zituena.


Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1903ko azaroaren 7an jaio zen Vienan, garai hartako inperio austro-hungariarraren hiria, baina gaur egun Austriako hiriburua dena. Eboluzioaren teoriek erakarrita Zoologia ikasi nahi zuen, baina aitaren aginduz Medikuntza ikasteari ekin zion, New York-eko Columbia unibertsitatean. Ikasketak bukatuta, sorterrian Zoologia ere ikasi zuen, 1933an bere doktoretza lortuz.

1939 eta 1941eko urteen artean Königsberg-eko unibertsitatearen irakasle izan zen, psikologia arloan. Unibertsitate horretako arduradunek ezaguera biologikoak zituen psikologia irakaslea nahi zuten. Bigarren Mundu Gerran nazien armadan mediku gisa aritu zen, Posen-go ospitaleko neurologia eta psikiatria sailean. Ekialdeko frontera bidalia, errusiarren esku erori zen, eta beraien ospital batzuetan lan egin behar izan zuen 1948. urtera arte.

Austriara itzulita buru-belarri sartu zen animalien portaeraren ikerkuntzan. 1950 eta 1954 bitarteko urteetan Bulder-go Max Planck Institutua zuzendu zuen, eta 1955 eta 1973ko urteen artean Seewiesen-ekoa. Bi unibertsitate horietan portaeraren fisiologiaren eremuan jardun zuen. 1989ko otsailaren 27an Viena ondoko Altenberg hirian zendu zen. Hil aurretiko azken urteetan mugimendu ekologistara hurbildu zen, ingurumenaren patuaz kezkatua.

Ekarpen zientifikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1939an Nikolaas Tinbergen-ekin batera animali-portaeraren eskola etologikoa sortu zuen, ipar-amerikako psikologo esperimentalen taldearekin talka egingo zuena. Estatu batuarrek animaliak laborategian ikertzen zituzten bitartean, europarrek bere ingurune naturalean behatzen zituzten. Ahate eta antzara kumeen ikasketa prozesuak aztertzerakoan Lorenz ohartu zen etapa labur batean txitek gurasotzat hartzen dutela ikus edo entzumen estimulu egokiak bidaltzen dituen edozein izaki. Inpronta deitu zion kumeek duten ezagutze-etapa horri.

Animalien portaeraren atzean jokabide-eredu zehatzak zeudela frogatzen saiatu zen beti Lorenz. Jokabide-eredu horien oinarrian, funtsean, faktore genetikoak egonik. Eredu horiek animaliaren biziraupenarentzat funtsezkoak dira, bere ezaugarri fisiologikoak bezainbeste. Espezien eboluzioan, hortaz, zeregin oso garrantzitsua ere bete izan dute jokabidearekin lotuta dauden alderdiak.

Gizartearen antolamendua eta giza agresibitatea aztertu zuen, bere oinarri biologikoak azpimarratuz. Giza agresibitatearen osagai genetikoa bere lurraldearen defentsa egiten duten animalien portaerarekin alderatu zuen.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Konrad Lorenz Aldatu lotura Wikidatan