Europar Kontseilua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kontseilu Europarra» orritik birbideratua)

Ez nahasi Europar Batasuneko Kontseiluarekin edota Europako Kontseiluarekin.

Europar Kontseilua
Datuak
MotaEuropar Batasuneko Erakundeak
HerrialdeaEuropar Batasuna
Erabilitako hizkuntzaingeles, aleman eta frantses
Agintea
LehendakariaCharles Michel
Egoitza nagusi (2017–)
Osatuta
JabeaEuropar Batasuna
Historia
Sorrera1974ko abenduaren 9a
webgune ofiziala
Facebook: eucouncil Twitter: EUCouncil Instagram: eucouncil LinkedIn: eucouncil Youtube: UCLPG_xkgSWeWnOhBsi-jxCA Edit the value on Wikidata

Kontseilu Europarra (KE) Europar Batasuneko (EB) instituzio bat da, eta hogeita zazpi estatu kideetako estatuburu edo gobernuburuek osatzen dute, baita Europako Batzordearen presidenteak eta Kontseilu Europarraren beraren presidenteak ere. Gainera, KEren bilera eta zereginetan Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko Goi-Ordezkariak ere parte hartzen du. Bere osaerak eta funtzionamenduaren logikak instituzio intergubernamental bihurtzen dute.

1974ko Pariseko Konferentziaren bitartez Kontseilu Europarraren nolabaiteko formalizazioa gauzatu bazen ere, 2009an bihurtu zen ofizialki, Lisboako Tratatua indarrean sartu zenean, hain zuzen, zuzenbide osoko instituzio konstituzional komunitario, lehen aldiz Europar Batasuneko instituzio propiotzat kontsideratu zelarik.

Bere zeregin nagusia EBren norabide eta lehentasun politiko orokorrak zehaztea da, eta seihilabetero bi aldiz biltzen da, gutxienez, ekonomiari, merkataritzari, kanpo-politikari, segurtasunari eta justiziari buruzko erabaki garrantzitsuak hartu eta EBko funtsezko gaiak eztabaidatzeko.

Bilakaera historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontseilu Europarraren bilerak, Europako goi- bilera gisa ezagunak, Parisen hasi ziren 1961eko otsailean, non, lehen aldiz, Europar Erkidegoetako estatuburu edo gobernuburuak eta haien Kanpo Arazoetako ministroak bildu ziren, zenbait helbururekin; batez ere, lankidetza eta kooperazio politiko estuagoa antolatzeko, eta erkidegoko sistemaren orientabide nagusiak definitzeko[1].

Ordutik aurrera, Europako integrazio eta batasun politikoa bultzatzeko asmoz, bilera erregularrak egitea erabaki zuten. Horien artean, 1974ko Pariseko Konferentzia, zeinetan garai hartako Europako Erkidegoetako estatu kideetako estatuburu edo gobernuburuek “Kontseilu Europarra” izeneko topaketa sortzea erabaki zuten, bilerari nolabaiteko formalizazioa emanez. Ordura arte modu irregularrean egindako goi-bilerak formalizatzea proposatu eta  gutxienez urtean hirutan biltzea adostu zuten, baita beharrezkoa zen bakoitzean ere. Hala, 1975ean, Dublinen ospatu zen Kontseilu Europarraren lehenengo bilera.

Garai hartan, Kontseilu Europarrak zilegitasun politikoa bazuen ere, Tratatu Eratzaileek ez zuten EBren instituzio-sistema propioan barnebildu, ezta horretarako tratatu horiek erreformatu ere. Horren aurrean, KEren zilegitasun juridikoa nazioarteko esparru juridikora lekualdatu zen, eta Europar Erkidegoen Kontseiluak jarduera-eremu bikoitza marraztu zuen: Europako Lankidetza Politikoaren eremuan, KEren zilegitasun juridikoa ez zen zalantzan jartzen; komunitate- edo Europar Erkidego-eremuan, ordea, bere jarduna ez zegoen Erkidegoko Tratatuen eta instituzio-sistemaren mende, eta horrek arazo larriak suposatu zituen.

Ondorioz, eremu komunitarioan Kontseilu Europarraren zilegitasun juridikoak zekartzan zailtasunak gainditzeko prozesua hasi zen, eta ildo horretatik, Stuttgarteko Europar Batasunari buruzko Adierazpen Nagusiak (1983) KEren jarduera finkatu zuen: batetik, bere egintzen globaltasuna; bestetik, bultzada politiko eta orientazio orokorrak ematera mugatuko zen bere funtzioa; eta azkenik, Kontseilu Europarrak Kontseiluaren eremu propioan jarduten zuenean, hau da, erkidegoen inguruko gaiak ere jorratzen zituenean, Kontseiluaren osaera gisa jardungo zuen. Horrela prozedura komunitarioen mende erori zen; izan ere, Kontseilua bazegoen Eratze-Tratatuetan EBren instituzio gisa aurreikusita.

Kontseilu Europarrari aipamen egin zion lehen Tratatua 1986ko otsailean sinatutako Europako Akta Bakuna izan zen. Geroago, 1992ko Maastrichteko Itunak, bultzada-organo ez-instituzional gisa formalizatu zuen. Harrez geroztik, gero eta eragin eta garrantzi handiagoa izan zuen, harik eta Lisboako Tratatuaren bitartez, Kontseilu Europarra lehen aldiz Europar Batasuneko instituzio bihurtzen zen arte.

Osaera eta funtzionamendua[2][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Osaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontseilu Europarraren osaerari dagokionez, Europar Batasunaren Tratatuaren (EBT) 15.2. artikuluaren arabera, Estatu kideetako estatuburu edo gobernuburuek osatzen dute Kontseilu Europarra, baita instituzio horren beraren lehendakariak eta Batzordeko lehendakariak ere. Gainera, atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak ere hartuko du parte Kontseilu Europarraren lanetan.[3]

Estatuburuen edo gobernuburuei dagokienez, osaera horrek asmo politiko argia adierazten du; estatu kide bakoitzean ordezkagarritasun eta erantzukizun politiko maila handiena duten pertsonek osatzea Kontseilu Europarra, hain zuzen. Ildo horretatik, estatu kide guztiak gobernuburuek ordezkatzen dituzte, Frantzia eta Txipre izan ezik; kasu horietan estatuburuek ordezkatzen dituztelarik bi estatu horiek.

Estatuburu eta gobernuburuak estatu kide bakoitzeko botere exekutiboaren ordezkari gorenak izan ohi dira, baita demokratikoki erantzule ere bai barne parlamentuen aurrean, bai herritarren aurrean. Demokratikoki erantzule izateak zera suposatzen du: hauteskunde bidez hautatuak izan izana, batetik; eta parlamentu baten bitartez hautatuak izan izana, bestetik. Horiek izango dira Kontseilu Europarrean bozka eskubidea izango duten bakarrak; ondorioz, bozketa batera jotzen denean, Kontseilu Europarreko eta Batzordeko Presidenteak, eta Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko Goi-Ordezkariak kanpo uzten dira, inolako boto eskubiderik gabe.

Charles Michel, EKko Presidentea

Kontseilu Europarreko Presidenteari dagokionez, instituzio horrek berak gehiengo kualifikatuz hautatuko du bi urte eta erdiko agintaldi baterako; hau da, gobernuburu eta estatuburuek beraiek hautatzen dute, gehiengo kualifikatuaren bitartez.  Kargu hori beste behin bakarrik bete ahal izango du pertsona berak; hots, berrautatzeko aukera bakarra dago. Eragozpen edo falta larriren bat gertatuz gero, Kontseilu Europarrak prozedura bera erabiliz (gehiengo kualifikatua) eman ahal izango dio amaiera lehendakariaren agintaldiari. Egungo Kontseilu Europarreko Presidentea Charles Michel da, 2019etik karguan eta printzipioz, 2024ra arte iraungo duena, berrizendatua izan baitzen.

Aipatu beharra dago, eguneko gai-zerrendak hala eskatzen duenean, aukera ematen zaiela Kontseilu Europarreko kideei ministro bana izateko laguntzaile, eta Batzordeko Presidenteari, berriz, Batzordeko kide bat izateko laguntzaile (EBTren 15.3.art)[4]. Era berean, Kontseilu Europarrak egoki baderitzo, Europako Parlamentuko Presidentea gonbidatu ahal izango du. Horrez gain, salbuespen gisa, eta Kontseilu Europarra aho batez ados jarri ondoren, bere bileratik kanpo topaketak egin ahal izango dira hirugarren estatuen, nazioarteko erakundeen edo beste pertsona ospetsu batzuen ordezkariekin, betiere Kontseilu Europarreko lehendakariaren ekimenez.

Funtzionamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontseilu Europarra gutxienez bi aldiz bilduko da seihilabetero, baina ezohiko bilerak deitu daitezke, beharrezkoa izanez gero. Kontseilu Europarreko presidentea da bileren buru, eta oro har, Bruselan, Belgikan, egiten dira, instituzioaren egoitzan.

Kontseilu Europarraren funtzionamendua barne-araudiak arautzen du, eta bertan ezartzen dira bileren prozedurak eta egutegia, bai eta erabakiak hartzeko modua ere. Kontseilu Europarrean erabakiak hartzeko modu nagusiena adostasuna bada ere, kasu batzuetan ahobatekotasuna, gehiengo kualifikatua edota gehiengo soila erabiltzen dira. Estatuburuek edo gobernuburuek bakarrik eman dezakete botoa. KE-eko eta Batzordeko Presidenteak, eta Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko Goi-Ordezkariak ez dute bozka eskubiderik. Ministroak gaiaren arabera gonbidatu baidaitezke ere, horiek ez dute bozka eskubiderik.

Bozketen deialdia presidenteak egiten du bere ekimenez edo edozein kidek eskatuta, kideen gehiengoak onartzen badu. Bozketa bat egiteko, quorum gisa kideen 2/3 egon behar dute presente (zifra horretatik kanpo uzten dira Kontseilu Europarreko zein Batzordeko lehendakaria). Bozkaren delegazioari dagokionez, estatu bakoitzak beste bat bakarrik ordezka dezake.

Adostasuna baino, Tratatuetan Kontseilu Europarraren erabakiak hartzeko bestelako prozedura zehatzak ezartzen direnean, hiru sistema hauek bereiz daitezke: aho batekotasuna, gehiengo kualifikatua eta gehiengo soila. Adostasunaren kasuan, ez da bozkaketarik egiten, eta, inork kontrakorik esan ezean, ekimenak aurrera jarraituko du. Ahobatekotasunari dagokionez, ordea, bozketa egin eta guztien onarpena da beharrezkoa. Gehiengo sinplea, aldiz, gehiengo soil hori «osatzen duten kideen gehiengotzat» ulertu behar dugu. Azkenik, gehiengo kualifikatuari dagokionez, legeetan ezarritako portzentaia bete beharko da kasu bakoitzean.

Kontseilu Europarrean, bi gehiengo kualifikatu mota daude: gehiengo kualifikatu sinplea eta gehiengo kualifikatu indartua. Gehiengo kualifikatu sinplea Kontseilu Europarrak hartzen dituen erabaki gehienetarako erabiltzen da. Hori lortzeko, gutxienez EBko biztanleria osoaren % 65 ordezkatzen duten EBko estatu kideen % 55en laguntza behar da. Bestalde, gehiengo kualifikatu indartua erabaki garrantzitsuagoetan eta zailagoetan erabiltzen da. Gutxienez EBko biztanleria osoaren % 65 ordezkatzen duten EBko estatu kideen % 72ren laguntza behar da. Gainera, estatu kide bakoitzak bere populazioan eta Barne Produktu Gordinean (BPG) oinarritutako boto haztatuen kopurua du. Estatu kide batek gehiengo kualifikatua bete den egiaztatzeko eska dezake.

Bileretan, estatu kideetako estatuburu eta gobernuburuek EBren lehentasun politikoak eta zuzendaritza nagusia eztabaidatu eta adosten dituzte. Ekonomia, merkataritza, kanpo-politika, segurtasuna eta justiziari buruzko erabaki garrantzitsuak ere hartzen dituzte. Kontseilu Europarrak hartutako erabakiak eta jarraibideak gida bat dira EBko instituziotzat, hala nola Europako Batzordearentzat eta Europako Parlamentuarentzat, EBren politikak ezartzeko ardura baitute.

Funtzioak eta eskumenak/eskuduntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontseilu Europarraren funtzio nagusia, bultzada-eginkizuna betez, Batasunaren jarduerak gidatzea, horren garapena bultzatzea eta instituzioaren norabide eta lehentasun politiko orokorrak zehaztea da. Lau multzotan sailka daitezke funtzio horiek: funtzio sortzaileak, orientazio eta zuzendaritza orokorreko funtzioak, funtzio instituzional bereziak, eta gatazka sistemikoen konponketarako instantzia funtzioak[5].

Funtzio sortzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Funtzio sortzaileek, Tratatuetan (jatorrizko arauetan) ezarritako xedapen eta prozedurak aldatzeko aukera ematen diote KEri. Horrela, Tratatuaren moldaketa formal bat egin gabe, KEak Tratatuetan agertzen diren hainbat xedapen aldatzea erabaki dezake, hala nola:

  • Kontseiluaren osaeren zerrenda eta bere presidentetzaren txandatze-arauak ezartzea (EBFT-aren 236. art.).[6]
  • Batzordearen txandatze-sistema erabakitzea (EBTren 17.5 art.)[7]: Europar Batasunaren Tratatuaren 17.5 artikuluak ezartzen du Kontseilu Europarrak zehaztuko duela Komitearen txandakatze-sistema, irizpide objektiboen arabera, hala nola, estatu kideen eta haien biztanleriaren dimentsioaren arabera. Praktikan, horrek esan nahi du Kontseilu Europarrak txandakatze-sistema bat ezartzen duela Komitearen kideentzat, estatu kide bakoitzeko biztanleria eta ekonomia bezalako faktoreetan oinarrituta. Sistema horrek bermatzen du estatu kide guztiek izango dutela Komitean parte hartzeko aukera, eta erabakiak modu justu eta bidezkoan hartuko direla. Txandakatze-sistema aldizka berrikusten da, eraginkortasuna eta garrantzia ziurtatzeko.
  • “Defentsa komun” baten ezarpena gomendatzea (EBTren 42.2 art.).[8]
  • Tratatuen berrikuspen sinplifikatuak aurrera eramatea (EBTren 48.6 art.).[9]
  • Kontseiluak erabakiak hartzerakoan, ahobatekotasunetik gehiengo kualifikatura igarotzea, eta lege-egintzak onartzeko, Legegintza Prozedura Berezitik (LPB) Legegintza Prozedura Arruntera (LPA) (EBTren 48.7 art.).[10]
  • Estatu kide baten EBtik irteera negoziatzeko epea (2 hilabete) luzatzeko erabakia hartzea (EBTren, 50 art.).[11]

Orientazio eta zuzendaritza orokorreko funtzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orientazio eta zuzendaritza orokorreko funtzioei dagokienez, hurrengo hauek aipa ditzakegu, beste batzuen artean:

  • Batasunaren Kanpo Ekintzaren “interes eta helburu estrategikoak” finkatzea (EBTren 22.1 art.).[12]
  • PESCaren (Atzerri eta Segurtasun Politika Erkidea) orientazio orokorrak finkatzea (EBTren 26 art.).[13]
  • Askatasun, Segurtasun eta Justizia Eremuko legegintza programazioaren orientazio estrategikoak ezartzea (EBFTren 68 art.).[14]

Funtzio instituzional bereziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Funtzio instituzional bereziek, EBeko instantzia gorenen izendapenak egiteko eta politikoki delikatuak diren aferak onartzeko aukera ematen diote Kontseilu Europarrari:

  • Bere Presidentearen izendapena (EBTren 15.5 art.).[15]
  • Kanpo Gai eta Segurtasun Politikarako Batasunaren Goi Ordezkariaren izendapena (EBTren 18.1 art.).[16]
  • Batzordeko Presidentearen izendapenean parte hartzea, proposamena eginez (EBTren 17.7 art.).[17]
  • Europako Banku Zentralaren (EBZ) Presidentea, Presidenteordea eta Kontseilariak izendatzea (EBFT-aren 238 art.).[18]
  • EBT-aren 2.artikuluan jasotzen diren baloreen urraketa larri eta jarraitua eman den erabakitzea.[19]

Gatazka sistemikoen konponketarako instantzia funtzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gatazka sistemikoen konponketarako instantzia funtzioek, ordea, Kontseilu Europarra benetako apelazio-instantzia politiko bihurtzen dute. Funtzio mota honen baitan honako hau nabarmendu dezakegu:

  • “Emergentziazko frenoa” (legegintza prozesua etetea): gai baten inguruko arau bat onartzeko legegintza prozedura bat martxan dagoenean, zenbait kasutan, eta betiere gizarte segurantzaren materian (EBFTren 48.art)[20] eta lankidetza judizialaren zigor esparruan (EBFTren 82.3.art)[21] estatu-kide batek Kontseilu Europarrari eska diezaioke berau etetea, prozedura hori berarentzat kaltegarria dela argudiatuz.

Bukatzeko, aipatu beharra dago, EBTren 15.1.artikuluaren arabera, Kontseilu Europarrak ez duela inolako legegintza-eginkizunik betetzeko eskumenik.[22]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. MANGAS MARTÍN, A. eta LIÑÁN NOGUERAS, D.J. Instituciones y Derechos de la Unión Europea, Bederatzigarren Edizioa, Tecnos, 2016, 306-314. orrialdeak.
  2. MANGAS MARTÍN, A. eta LIÑÁN NOGUERAS, D.J. Instituciones y Derechos de la Unión Europea, Bederatzigarren Edizioa, Tecnos, 2016, 315-328.orrialdeak.
  3. Europar Batasunaren Tratatua, 15.2.art.
  4. Europar Batasunaren Tratatua, 15.3.art.
  5. MANGAS MARTÍN, A. eta LIÑÁN NOGUERAS, D.J. Instituciones y Derechos de la Unión Europea, 9. edizioa, Tecnos, 2016, 328-331.orrialdeak.
  6. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatua, 236.art.
  7. Europar Batasunaren Tratatua, 17.5.art.
  8. Europar Batasunaren Tratatua, 42.2.art.
  9. Europar Batasunaren Tratatua, 48.6.art.
  10. Europar Batasunaren Tratatua, 48.7.art.
  11. Europar Batasunaren Tratatua, 50.art.
  12. Europar Batasunaren Tratatua, 22.1.art
  13. Europar Batasunaren Tratatua, 26.art.
  14. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatua, 68.art.
  15. Europar Batasunaren Tratatua, 15.5.art.
  16. Europar Batasunaren Tratatua, 18.1.art.
  17. Europar Batasunaren Tratatua, 17.7.art.
  18. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatua, 238.art.
  19. Europar Batasunaren Tratatua, 2.art.
  20. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatua, 48.art.
  21. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatua, 82.3.art.
  22. Europar Batasunaren Tratatua, 15.1.art.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]