Kornubiera

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Kornubiera
Kernowek, Kernewek
Non mintzatzen den: Erresuma Batua 
Eskualdea: Kornubia
Hiztunak: 3.500 
Rankina: -
Hizkuntza familia: Indoeuroparra
 Zelta
  Uharteetakoa
   Britoia

    Kornubiera 
Estatus ofiziala
Hizkuntza ofizialtzat duten lurraldeak: ez du
Erakunde araugilea: Keskowethyans an Taves Kernewek
Hizkuntza kodeak
ISO 639-1: kw
ISO 639-2: cor
ISO 639-3:

 

Cornish Language Shift.svg
Kornubieraren azken mendeetako bilakaeraren mapa.
 

Kornubiera[1] (kornubieraz Kernowek edo Kernewek) Kornubia (edo Kornualles) konderriko berezko hizkuntza da. Mintzaira indoeuroparra da: multzo zeltikoko talde britonikoaren barruan dago, bretainierarekin, galesarekin eta galoarekin batera. Usadiozko azken hiztuna XIX. mendearen bukaeran hil zen arren, XX. mendean kornubiera berpiztu zuten. Gaur egun, 3.000 inguru dira kornubieraz zailtasunik gabe hitz egin dezaketenak.

XIX. mendean galdu zen, ingelesak ordezkatua. Uste da Dolly Pentreath (1777an zendua) izan zela kornubiera ama hizkuntza zuen azkena. Kondairak dio haren azken hitzak Me ne vidn cewsel sawznek! («Ez naiz ingelesez mintzatuko!») izan zirela, eta badirudi bazekiela zerbait ingelesez. Azken hiztun elebakarra, berriz, Chesten Marchant (1676an zendua) izan zela jotzen da. Zenbaitek kornubiera XVIII. mendean galdu zela dioten arren, nolabaiteko erabilera mugatua izan zuen geroago ere: 1875ean oraindik baziren gutxienez sei hiztun, guztiak hirurogei urtez gorakoak; eta uste da usadiozko azken hiztuna John Davey (1891n hila) izan zela.

XX. mendean, hainbat taldek hizkuntzaren aldeko hautua egin zuten, eta ikasi eta erabiltzeari ekin: horretan dihardu, adibidez, Kesva an Taves Kernewek elkarteak. Era berean, eskoletan aukerako irakasgaia da.

2008ko maiatzean, Kornubiar Hizkuntzaren Elkarteak idazkera estandarra berretsi zuen.[2]

Kornubiera batua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Iraganeko zatiketek hizkuntzaren aldeko mugimenduaren garapena trabatu dute, eta haren sinesgarritasun publikoari kalte egin diote. Orain, forma idatzi estandarra onartuta, elkarrekin aurrera egin dezakegu.  »
Laurence Rule, Kowethas an Yeth Kernewek (Kornubieraren Lagundia) elkartearen ordezkaria[2]

XX. mendean kornubiera berpizteko saioei ekin zietenean, hainbat kornubierazale multzo sortu ziren; multzo haietako bakoitzak garai bateko kornubieraren iturri jakin batzuk eredutzat hartu zituen, bere kornubiera eredua eratzeko. XXI. mendearen hasieran, kornubieraz idazteko lau eredu nagusi zituzten oraindik, bai eta bigarren mailako beste hainbat ere. Eredu nagusien arteko aldeak txikiak ziren, baina eredu bakoitzaren alde lerratutako kornubierazale multzoetatik inork ez zuen amore ematen. 2008an, azkenik, kornubiera batua (kornubieraz, Furv Skrifys Savonek, «forma idatzi estandarra») eratzeko adostasuna lortu zuten. Bi urte baino gehiagoko negoziazio sutsuen ondoren, Trond Trosterud norvegiarra buru zuen hizkuntzalari taldeak eredu idatzi estandarra zehaztu zuen, Kornubiar Hizkuntzaren Elkartearen babesean.[2][3]

Hezkuntzan, inprimakietan, argibide orrietan eta bide seinaleetan erabil dadin hitzartu den eredua da. Hartara, kornubieraren irakaskuntza eta erabilera hedatu ahal izango dute, eta Europar Batasuneko diru laguntzak eskuratu. Kornubierarentzat onarpen ofiziala lortze aldera aurrerapauso garrantzitsua izan da.[2][3]

Kornubieraren adibideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baliokidetza taula[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kornubiera batua Galesa Bretoiera Euskara
Kernowek Cernyweg Kerneveureg kornubiera
gwenenen gwenynen gwenanenn erle
kador cadair kador aldaka
keus caws keuz gazta
dhe-ves y ffordd allan/mas er-maez irteera
kodha cwympo kouezhañ erori
gaver gafr gavr ahuntz
chi ti etxe
gweus gwefus gweuz ezpain
aber aber, genau aber (ibaiaren) aho
niver rhif, nifer niver zenbaki
peren gellygen, peren perenn udare, madari, txermen
skol ysgol skol eskola
megi mygu mogediñ (tabakoa) erre
steren seren steredenn izar
hedhyw heddiw hiziv gaur
hwibana chwibanu c'hwibanat txistu egin
Seinale elebiduna, kornubiera-ingelesa

Oinarrizko esaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kornubiera Kornubierazko ahoskera (IPA) Euskara
Myttin da [ˈmɪttin ˈdaː] "Egun on" (hitzez hitz, "Egun onak")
Dydh da [ˈdɪːð ˈdaː] "Egun on"
Fatla genes? [ˈfatla ˈɡɛnɛs] "Zer moduz?"
Yn poynt da, meur ras [ɪn ˈpɔjnt ˈdaː mœːr ˈraːs] "Ongi, eskerrik asko"
Py eur yw? [ˈpɪː ˈœːr ɪw] "Zer ordu da?"
Ple'ma Rysrudh, mar pleg? [ˈplɛː maː ˈrɪzryð mar ˈplɛːɡ] "Mesedez, non dago Redruth?"
Yma Rysrudh ogas dhe Gambron, heb mar! 'ima rizrooth ogas the Gambron hep marr' "Redruth Cambornetik hurbil dago, jakina!"
Pandra vynn'ta dh'y eva? [ˈpandra ˌvɪnta ðɪ ɛˑva] "Zer nahi duzu edateko?"
Pinta korev mar pleg. [ˌpinta ˈkoˑrɛv mar ˈplɛ:k] "Pinta bat garagardo, mesedez"

Itzulpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaraz Kornubieraz

Esklabo erremintaria
Sartaldeko oihanetan gatibaturik
Erromara ekarri hinduten,
esklaboa,
errementari ofizioa jaso
eta kateak egiten dituk.
Arragoko burdin goria
nahieran molda hezake,
atxurrak eta ezpatak
egin ditzakek
hire herritarrek kateak
hauts ditzaten.
Baina hik, esklabo horrek,
kateak egiten dituk,
katea gehiago.

An Gov Keth
A wasonieth koesow a'n howlsedhes,
Degys bys yn Rom avél
kethwas,
Gorrys yn soedh gov
Kargharow a wredh.
Rudh-splann a'n forn horn hebleg
Dhe vos formys dell vynni.
Kledhedhyow a ylli aga gwruthyl
Rag dha gentrevogyon
aga hargharow dhe dhralya.
Mes ty, an kethwas-na,
Kargharow a wre'ta,
kargharow hwath.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   47. araua - Hizkuntza hilak eta klasikoak, Euskaltzaindia, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0047.pdf. Noiz kontsultatua: 2010-12-23 .
  2. a b c d Juanma SARASOLA: «Argi berdea kornubiera batuari», Berria, 2008-05-24.
  3. a b Lucy COCKCROFT: «Cornish language makes a comeback», The Telegraph, 2008-05-21.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Kornubiera
Wikipedia
Hizkuntza honek bere Wikipedia du.
Bisita ezazu.