Korrespondentzia-analisi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Estatistikan, korrespondentzia-analisia kontingentzia taula bateko bi aldagai koalitatiboetako kategoria ezberdinen artean dagoen erlazioa (erakarri/aldendu) hauteman eta irudikatzeko teknika bat da, bere bertsiorik sinpleenean. Aldi berean aldagai bateko kategorien arteko gertutasuna edo antzekotasuna hautemateko ere erabiltzen da. Adibidez, lurralde bateko biztanleen herria eta opor-tokia jasotzen badira taula batean, korrespondentzien analisiak herri bakoitzeko biztanleek leku jakin batera joan edo ez joateko joera duten erakutsiko du, opor tokiari buruz antzekoak diren herriak ere azalduz (eta baita turisten jatorri antzekoa duten opor-tokiak ere). Aplikazio zabalak izan ditu jakintza arlo guztietan, marketinetik (kontsumitzaileen profilak taxutuz) arkeologiara (arrasto arkeologikoen tipologiak osatuz). Bestalde, zenbait aldaera eta garapen izan dituen teknika da, besteak beste korrespondentzien analisi kanonikoa sortuz. Korrespondentzien analisiaren garapena Jean-Paul Benzécri estatistikari frantsesari zor zaio.