Korrika

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
15. Korrika Soraluzen.

Korrika euskararen alde Euskal Herrian zehar lasterka egiten den martxa da, arineketan egiten den manifestazio baten modukoa. AEK euskaltegi elkarteak antolatzen du. Bi urtez behin egin ohi da eta bi aste inguru behar izaten du lurralde guztia zeharkatzeko. Urtero ibilbidea aldatu egiten da, baina beti 2.300 kilometro inguru izan ohi da. Ateratzen denetik amaitu arte, lekukoa eskutik eskura, herriz herri aldatzen joaten da, baina martxa ez da inoiz geratzen, ez gauez ezta egoera klimatologiko txarrengatik ere.

Lehen Korrika 1980an egin zen; eta orain arteko azkena, hamaseigarrena, 2009an. 1999tik aurrera, Euskal Herritik at ere Korrika ekimenak burutu zituzten, atzerrian bizi diren euskaldunek edo euskal diasporako kideek bultzatuta.

Martxaren buruan, lekukoa duen pertsona joaten da. Kilometro oro, lekukoa erakunde edo pertsona zehatz batzuek eramaten dute. Erakunde edo pertsona horiek kilometroa "erosi" egiten dute, euskararen aldeko erakundeak ekonomikoki laguntzeko. Lekukoa Korrikaren lehen ediziotik gordetzen den zur tailatuzko makila eta ikurrina dira.

16. Korrika Urduliz eta Sopela artean.

Testiguaren atzean, martxaren burua osatzen da, non urte bakoitzeko leloa dakarren pankarta ikus daitekeen. 2005ekoa, 14. Korrikan, Euskal Herria euskalduntzen. Ni ere bai! izan zen; 2007koa, berriz, Heldu hitzari, lekukoari, elkarlanari, euskarari, herriari. 2009koa, 16. Korrikan, Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira. Pankarta horren atzean gainerako jendea biltzen da, musikarekin lasterka. Eta, ibilbide guztian zehar, ospakizun kultural ugari izaten da.

Izan ere, Korrikaren inguruan, ekimen kultural ugari (kontzertuak, tertuliak, hitzaldiak, antzezlanak, erakusketak...) egiten da herriz herri. Korrika Kulturalaren barnean biltzen den kultur programazioa da.

Honetaz gain, Korrikarekin batera Ziberkorrika izeneko ekimena ere garatzen da. Munduko txoko desberdinetatik ziberkilometroak erosten dituzte, interneten Korrika birtual eta paralelo bat osatuz.

[aldatu] Korrikaren edizioak

  1. 1980ko azaroaren 29tik abenduaren 7ra: 1. Korrika, Oñati-Bilbo. Leloa: Zuk ere esan bai euskarari.
  2. 1982ko maiatzaren 22tik 30era: 2. Korrika, Iruñea-Donostia. Leloak: AEK, euskararen alternatiba herritarra eta Korrika, herriaren erantzuna euskararen alde.
  3. 1983ko abenduaren 3tik 11ra: 3. Korrika, Baiona-Bilbo. Leloa: Euskaraz eta kitto!
  4. 1985eko maiatzaren 31tik ekainaren 9ra: 4. Korrika, Atharratze-Iruñea. Leloa: Herri bat, hizkuntza bat!
  5. 1987ko apirilaren 3tik 12ra: 5. Korrika, Hendaia-Bilbo. Leloa: Euskara, zeurea.
  6. 1989ko apirilaren 14tik 23ra: 6. Korrika, Iruñea-Donostia. Leloak: Euskara Korrika eta kitto eta Euskal Herriak AEK.
  7. 1991ko martxoaren 15etik 24ra: 7. Korrika, Gasteiz-Baiona. Leloa: Korrika euskara, euskaraz Euskal Herria.
  8. 1993ko martxoaren 26tik apirilaren 4ra: 8. Korrika, Iruñea-Bilbo. Leloa: Denok maite dugu gure herria euskaraz. Korrika Kulturala ekimena hasi zen, baita Korrika Kirolaria ere (azken hori, desagertua).
  9. 1995eko martxoaren 17tik 26ra: 9. Korrika, Donibane Garazi-Gasteiz. Leloa: Jalgi hadi euskaraz.
  10. 1997eko martxoaren 14tik 23ra: 10. Korrika, Arantzazu (Oñati)-Bilbo. Leloa: Euskal Herria Korrika!
  11. 1999ko martxoaren 19tik 28ra: 11. edizioa, Iruñea-Donostia. Leloa: Zu eta ni euskaraz. Bartzelona eta Londresko euskaldunek ere Korrikak egin zituzten.
  12. 2001eko martxoaren 29tik apirilaren 8ra: 12. Korrika, Gasteiz-Baiona. Leloa: Mundu bat euskarara bildu.
  13. 2003ko apirilaren 4tik 13ra: 13. Korrika, Maule-Iruñea. Leloa: Herri bat geroa lantzen.
  14. 2005eko martxoaren 10etik 20ra: 14. Korrika, Orreaga-Bilbo. Leloa: Euskal Herria euskalduntzen. Ni ere bai!
  15. 2007ko martxoaren 22tik apirilaren 1era: 15. Korrika, Karrantza-Iruñea. Leloa: Heldu hitzari, lekukoari, elkarlanari, euskarari, herriari. Madril, Bartzelona, Mar del Plata (Argentina) eta Pekingo euskaldunek ere Korrikak antolatu zituzten.
  16. 2009ko martxoaren 26tik apirilaren 5era: 16. Korrika, Tutera-Gasteiz. Leloa: Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira!.
  17. 2011ko apirilaren 7tik 17ra: 17. Korrika, Trebiñu-Donostia. Leloa:"Maitatu, ikasi, ari... Euskalakari".

[aldatu] Antzeko beste ekimen batzuk

Ideia bera hartuta, beste herrialde batzuetan Korrikaren gisako ekimenak antolatzen dituzte. Katalan Herrietan, adibidez, "Correllengua" izeneko lasterketa antolatzen dute urtero, 1993az geroztik.

Arango haranean, bestalde, araneraren aldeko "Corsa per la Lenga" delakoaren 12. edizioa egin zuten 2005ean.

Halaber, galizierazko ekimen baliokidea "Correlingua" dugu 2000tik, Galizia zeharkatzen duena.

Era bertsuan, bretainieradunek "Ar Redadeg" antolatu dute 2008an lehenengo aldiz.

Azkenik, irlandarrek "Rith" izeneko lasterketa antolatuko dute lehen aldiz 2010ean gaelikoa bultzatzeko.

[aldatu] Kanpo loturak

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Korrika
Tresna pertsonalak
Izen-tarteak
Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak