Korronteen gerra

Wikipedia, Entziklopedia askea

Korronteen gerra edo Korronteen gudua (ingelesez War of Currents edo Battle of Currents) 1880eko hamarkada eta 1890eko hamarkadan zehar merkatuaren ekonomia lehiaren ondorioz sortu berria zen elektrizitatearen merkatuaren kontrolaren inguruko lehia bizia izan zen. George Westinghouse enpresaburu eta ingeniaria korronte alternoaren aldeko apustua burutu zuen, aldiz Thomas Edison asmatzaile eta ingeniariak korronte zuzenaren aldekoa zen, ondorioz Westinghouse eta Edison elkarren arteko aurkari porrokatuak bilakatu ziren. Bestalde, Westinghouse enpresaburuak korronte alternoaren onurak sutsuki defendatzen zituen Nikola Tesla ingeniaria eta asmatzailearen babesa ere bazuen. Aipatzekoa da, aurretik Edison eta Teslak elkarlanean aritu zirela, baina Edisonek Teslari hitzemandako soldata ordaindu ez eta bien arteko desadostasunaren ondorioz berehala biak aurkari bilakatu ziren.

1886an Westinghouse Electric enpresa sortu zuen, aldiz Edisonek 1892an General Electric enpresa, biak nor edo nor aritzen zirelarik.

Honela bada, Teslaren asmakuntza nagusiak korronte alternoaren (KA) inguruan burutu ziren, gainera Teslak bere asmakuntzen patenteak Westinghousei saldu zizkion. Aldiz, Edisonen asmakuntzak korronte zuzenean (KZ) oinarritzen ziren.

Halere, gerora ikusi zen bezala, korronte alternoa elektrizitate indarra urrutira garraiatzeko korronte zuzena baino egokiagoa zela frogatu zen. Adibidez, korronte zuzenarekin elektrizitatea garraiatzeko bi kable behar ziren, aldiz korronte alternoak bakarra. Baina bi korronteen arteko ezberdintasun nagusia honako hau zen: korronte zuzenak distantzia handietan bero galerak jasaten zituen, aldiz korronte alternoaren bidez elektrizitatearen tentsioa transformadoreen bidez handitu eta distantzia luzeetara bero galera txikiekin bidal zitekeen, ondoren etxebizitza eta lantegietara iristean tentsioa maila seguru eta ekonomikoetara jaitsiz.

Topsy izeneko elefantearen jendaurreko elektrokutatzea Korronteen gerra delakoan, 1902.

Korronteen gera honetan zehar bi aldeek erakustaldi eta jendaurreko erakustaldi ugari egin zituzten, noizbehinka Edison eta General Electric enpresaren aldetik astakeria edo basakeria batzuk egin zirelarik, adibidez elefante, txakur eta katu bizidunen jendaurreko elektrokotutzeak. 1903ko urtarrilaren 4an Topsy izeneko elefantearen elektrokutazioa filmatu zen. Bitxikeri gisa, Edisonek bere asmakuntza guztiak korronte zuzenean erabiltzeko patentatu zituen, bat izan ezik: aulki elektrikoa, hau korronte alternoak izan zitzakeen ustezko arriskuak jendaurreko erakustaldietan erabiltzeko asmatu zuelarik.

Halere, Nikola Tesla asmatzaileak Thomas Alva Edisonek ez bezala, askoz ere jakintza zientifiko-matematiko sakonagoak zituenez, korronte alternoaren onura eta abantailak berehala aurreikusi zituen. 1893ko Chicagoko Nazioarteko Erakustaldian Teslak korronte alternoaren onurak jendaurrean erakusteko aukera ezin hobea izan zuen: erakustaldi hartako argiztapenaren arduraduna aukeratzeko lehiaketa ireki zen, bertan Westinghouse enpresak aurkeztutako aurrekontua General Electric enpresaren aurrekontuaren erdia izan baitzen, hortaz Westinghouse enpresari erakustaldiaren argiztapenaren ardura eman zitzaion, eta Teslak erakustaldi hartan bere generadore elektriko eta alternadoreak ezagutzera eman zituen.

Azkenik, Niagara Falls Power Company erakundeak Westinghouse enpresari transmisio sistema baten garapena burutzeko lana eman zion. Honek, gerra honi amaiera eman ziolarik.

Zinema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]