Korsikar nazionalismo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Korsikar nazionalismoa» orritik birbideratua)
Korsikako bandera.
Korsika Askatzeko Nazio Frontearen sinadura duen Korsikako trafiko seinalea, frantsesezko toki izenak ezabaturik.

Korsikar nazionalismoa (korsikeraz nazionalismu corsu) Korsika nazio bat dela defendatzen duen politika, kultura eta gizarte mugimendu bat da. Mediterraneoko uharte honentzat autonomia gehiago edo Frantziatik independentzia osoa eskatzen du, joera politikoaren arabera.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Korsikar nazionalismoaren jatorria XVIII. mendean dago. 1729. urtean Carlo Francesco Raffaelli agintariaren eskutik Korsikak Genovako Errepublikatik independentea izatea lortu zuen. 1736. urtean Diu vi Salvi Regina abestia Korsikako ereserki bilakatu zen. 1755. urtean Pasquale Paoli korsikar abertzaleak Korsikako Errepublika aldarrikatu zuen. 1762an korsikerazko lehenbiziko egunkaria argitaratu zen: Ragguagli dell'Isola di Corsica. 1765an Korsikako bandera sortu zen.

Aldiz, 1768an Frantziak Korsika bereganatu zuen, halere 1790-1796 bitartean eta Paoliren eskutik Korsika Britainiar Inperioaren protektoratua izan zen, gerora berriz ere Frantziaren eskuetara iragateko.

XIX. mendean korsikar nazionalismoa bitan banatua egon zen: italiar irredentismoa (Leonetto Cipriani) alde batetik, eta bonapartismoa (Louis Honoré Arrighi de Casanova) bestetik.

Korsikar nazionalismo modernoaren lehenengo taupadak XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran azaleratu ziren. 1914an "A Cispra" mugimenduak Korsika departamendu frantsesa ez dela aldarrikatzen du, "konkistatua izan den nazioa baizik". 1923an Partitu Corsu d'Azione agertzen da, lehenengo alderdi politiko abertzalea, besteak beste hizkuntzaren ofizialtasuna eta autonomia politikoa eskatzen duena. Alderdia Partitu Corsu Autonomista bihurtu zen geroago, eta 1932az geroztik Benito Mussolinik diruz lagundutako infiltratuz betetzen hasi zen, italiar irredentismoaren aldekoak. Hori dela eta, 1939an Frantziak alderdia legez kanpo utzi zuen.

II. Mundu Gerran Italiak uhartea bereganatu zuen, korsikar nazionalisten pasibotasunaren aurrean, konplizitatea ez esatearren. Gerra bukatutakoan korsikar batzuk epaituak eta zigortuak izan ziren (Petru Rocca italiar irredentista, adibidez).

1960az geroztik[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1960ko hamarkadan mugimendu nazionalista indartzen hasi zen berriz. 1970eko hamarkadaren hasieran lehenengo atentuak burutu ziren irlan, eta 1976an Korsika Askatzeko Nazio Frontea (FLNC) sortu zen. Talde armatu honek independentzia osoa eskatu zuen eta ehunka ekintza bortitzen eta hilketen (uhartean eta Frantzian) egilea izan zen. 2014an borroka armatua uzten zuela jakinarazi zuen.

1981ean François Mitterranden gobernuak lehenengo autonomia estatutua eman zion Korsikari, oso mugatua. 1991ean Frantziako Gobernuak Lurralde Elkargoa izendatu zuen irla, eta Korsikar Herria zegoela onartu, baina Frantziaren barnean.

2001ean Matignongo bilkuren ostean autonomia zabalagoa eskuratu zuten korsikar nazionalistek, eta baita korsikar hizkuntzaren irakaspena irlako eskola guztietan.

1980ko eta 1990eko hamarkadetan alderdi nazionalistek botoen %10-%15 inguru jasotzen zuten. Unione di u Populu Corsu (UPC) (autonomista), Mivimento per l'Autodeterminazione (MPA) eta A Cuncolta Naziunalista (ACN) (independentistak), Unità Naziunalista (UN) eta Corsica Nazione (independentista) izan ziren garai horietako alderdi nazionalista garrantzitsuenak.

2000. urtetik aurrera korsikar abertzaletasuna, oso atomizatuta zegoena, koalizio handietan biltzen hasten da, etekin handiagoa lortuz hautestontzietan. 2004ko Korsikako hauteskundeetan abertzaleek (Unione Naziunale koalizioan bilduta) botoen %17,35 lortu zituzten. Femu a Corsica (autonomista) eta Corsica Libera (independentista) alderdiak sortzen dira, eta 2010eko hauteskundeetan %35eko sabaia jotzen dute. 2015eko Korsikako Biltzarrerako hauteskundeetara aipatutako bi alderdiek Pé a Corsica izenpean aurkeztu ziren, Lurralde Elkargoaren aulkien %47 lortuz, gehiengo absolututik oso gertu (botoen %36 eskuratuta). Gilles Simeoni abertzaleak Biltzarreko lehendakari kargua bereganatu zuen (2015ean)

2017ko hauteskundeetan Korsikako nazionalistek ("Pe a Corsica" koalizioan elkarturik) gehiengo osoa eskuratu zuten, lehenengoz, Korsikako Asanblada Nagusian (43 eserleku 61etik) [1]

Korsikar nazionalismoaren eskakizun nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bost hauek dira [2]:

  • Korsikako burujabetza. Nazionalista batzuek independentzia osoa aldarrikatuz, beste batzuek autonomia oso zabala Frantziaren barnean.
  • Korsikar hizkuntzaren ofizialtasuna
  • Sektore turistikoaren garapena mugatu eta ekonomiaren beste sektore batzuk sustatu
  • Ingurumena eta kostaldeko eremuak zaindu
  • Preso korsikar abertzaleei preso politikoen estatusa aitortu

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]