Cortes
|
Cortes |
|||
|---|---|---|---|
|
|
|||
| Izen ofiziala | Cortes | ||
| Estatua Erkidegoa Merindadea |
Espainia Nafarroako Foru Erkidegoa Tuterako merindadea |
||
| Alkatea | Javier Blasco Mendibil (PSN) | ||
| Herritarra | cortestar | ||
| Koordenatuak | 41°55′22″N 1°25′19″W / 41.92278°N 1.42194°WKoordenatuak: 41°55′22″N 1°25′19″W / 41.92278°N 1.42194°W | ||
| Eremua | 36,57 km2 | ||
| Garaiera | 254 m | ||
| Distantzia | 125 km Iruñera | ||
| Posta kodea | 31530 |
||
| Biztanleria | 3.281 bizt. (2012) | ||
| Dentsitatea | 89,72 bizt./km² | ||
| www.ayuntamientodecortes.com http://www.ayuntamientodecortes.com www.ayuntamientodecortes.com | |||
Cortes[1] Nafarroako udalerria da. Nafarroako hegoaldean kokaturik, Iruñatik 125 kilometrora dago. 2012ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera, herriak 3.281 biztanle ditu.
Eduki-taula |
Inguru naturala eta kokapena [aldatu]
Herria, Tuterako merindadearen hegoaldeko muturrean kokatzen da Zaragozako probintziarekin mugan. Herrira heltzeko N-232 errepidea hartu behar da Tutera-Zaragozako norabidean.
Cortesek Buñuelekin egiten du muga iparraldean, ekialdean Zaragozako Novillasekin, mendebaldean Ribaforada eta Ablitasekin eta hegoaldean Zaragozako Mallén udalerriarekin.
Klima eta landaredia [aldatu]
Cortesek klima mediterraneo-kontinentala dauka, euri eskasak, iparreko zierzo haizea, uda idorrak eta aldaketa termiko handia. Urteko batez besteko tenperatura 14 eta 16 gradu artekoa eta prezipitazioak 350 eta 400mm bitartekoak dira. Urteroko egun euritsuak 55 inguru izaten dira eta batez ere udaberri eta udazkenean izaten dira. Bi urtaro hauetan baita ere, laino itxiko egunak eman ohi dira, tenperatura 0 graduren inguruan ibiltzen da eta ez du egun osoan altxatzerik lortzen.
Jatorrizko landaredia erabat eraldatu da gizakiaren eragina dela eta, eta zuhaixkak nagusi diren arren, zuhaitz bakanen bat aurki daiteke (birlandaturiko pinuak batez ere). Zuhaitzek udalerriaren azaleraren %0,3a baino ez dute hartzen.
Historia [aldatu]
Cortesko udalerrian Burdin Aroko hainbat arrasto aurkitu dira. Malurque irakaslearen arabera, Cortes, Burdin Arotik ondoen kontserbaturiko herrigunea da, horrela, Gurutzearen muinoa (Cerro de la Cruz) famatu egin da historialari guztien artean. Ondoren erromatarren garaian ere garrantzia izan zuen Ebro ibarraren kontrolean. Nafarroako gainontzeko hegoaldeko lurraldeak bezala, Banu Qasi sendi musulmandar boteretsuaren menpe egon zen. 1119aren hasieran Alfontso I.a Borrokalaria erregeak herria birkonkistatu eta Nafarroako erresumara batu zuen.
Karlos III.a erregeak gaztelua, herritarrak, errentak, jabetza eta ondasun guztiak, bere seme Godofreri eman zizkion, Cortesko konderria sortuz. Dena den, aita hiltzean, Joan II.ak Godofre printzeari kendu zion aitak agindutakoa. 1353an, herrian 50 familia kristau eta 80 familia musulman bizi ziren. Musulmanek garrantzia handia izan zuten Erdi Aro guztian zehar eta haien arrasto ugari geratu dira herrian.
1495. urtean Nafarroako gorteek ubide bat eraiki nahi izan zuten Tuteratik Cortesera, baina arrazoi ezberdinak direla medio, lana ez zen amaitu. Cortesko herria, jaurerri izan zen mende askotan zehar, Nafarroako herri gehientsuenak bezalaxe. Horrela, Villahermosako kondeek urte askotan zehar kontrolatu zuten herria eta euren bizitokia (Villahermosako jauregia) Cortesen eraiki zuten.
1664ean Filipe IV.a erregeak Bardeen ustiapenerako eskubidea eman zion Cortesko herriari. XX. mende hasieran herriak 1.140 biztanle zeuzkan eta ondorengo hamarkadetan biztanleriak gorantz jarraitu zuen Lodosako ubidearen zabalpenak ekarritako onura eta nekazaritzaren hazkundeak lagunduta. 1822an Espainiako gorteek, Cortes Zaragozako probintziari erantsi zioten. Dena den, urtebete gerago, Fernando VII.a erregeak, erabaki hori bertan behera utzi eta Cortes Nafarroako udalerri bihurtu zen berriro ere.
1847an herrian mutilen eta nesken eskola bana zeuden. Mutilen eskolak, 50 ikasle zituen, eta bertako maisuak 2.000 errealeko soldata jasotzen zuen. Nesken eskolan 30 ikasle zeuden, eta bertako maistrari soldata askoz baxuagoa ordaintzen zioten. 1844 eta 1845 urteen artean, Union y Constancia izeneko elkarteak ehunka hektarea lur ureztagarri bihurtu zituen, Ubide inperiala eta Nafarroako errepidearen arteko eremuan. Garai hartan Kortesek olioa ekoizten zuten bi errota zeuzkan.
XX. mendearen hasieran, herrian, Guardia Zibilaren kuartela, eta ospitalea zeuden, eta "Union y Constancia" elkartearen lanak aurrera jarraitu zuen, Kortes zeharkatzen zuen ubidearen hogei kilometro ustiatzen zuten eta herrilan berriak eraiki zituzten, errepideak esaterako. XX. mendean Cortes eta Borja arteko trenbidea eraiki zen, eta 1970eko hamarkadatik aurrera biztanleria egonkor mantendu da.
Demografia [aldatu]
| 1897 | 1900 | 1910 | 1920 | 1930 | 1940 | 1950 | 1960 | 1970 | 1981 | 1991 | 2001 | 2006 |
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 1.338 | 1.401 | 1.607 | 1.848 | 2.406 | 2.421 | 2.541 | 3.070 | 3.317 | 3.219 | 3.277 | 3.227 | 3.362 |
2008ko erroldaren arabera, 410 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %12,24a (Nafarroako batez bestekoaren gainetik).
Ekonomia [aldatu]
Cortesko jarduera ekonomiko nagusia nekazaritza da, eta horretan aritzen zen biztanleriaren heren bat XX. mendearen amaieran. Biztanle askorentzat dena den, nekazaritza, bigarren mailako jarduera da, eta normalean asteburuetan edo zahartzarora iritsitakoan aritzen dira horretan. XX. mendetik aurrera, nekazaritzatik ateratako produktuekin zerikusia duten industriak garatu ziren, eta gaur egun herritar askok, Cortestik gertu dauden Tutera eta Cascante inguruko industrialdetan egiten dute lan.
1947ko apirilaren 23an herriko nekazarien koperatiba bakarra sortu zen. Lur amankomunak 1.364 hektarea dira, landu daitekeen lurren %36,2). Horietatik 489 hektarea, sekain lurrak dira, 942 hektarea, lur ureztagarriak eta 160 hektarea, larre lurrak. Lodosako ubidearen eraikitzeak, lur ureztagarriak ugaritu zituen eta XX. mendearen amaieran modu horretan lantzen ziren udalerriko lurren %98 baino gehiago.
Cortes, inguruko herri txikiagoen gaineko eragina dauka, eta bertako nekazariek Cortesen saltzen dituzte euren produktuak. Herriaren eragin esparrua Zaragozako probintziako mendebaldeko udalerri txikietan zehar hedatzen da.
Industria [aldatu]
Nafarroako gobernuak industrialdeak sustatzeko sortutako Nasuinsa elkartearen ekimenez, Cortes industrialdea eraikitzen hasi ziren XXI. mendearen hasieran. Eraikuntza lanak 2007an hasi ziren eta hiritartzea 2008an bukatu zuten. Industrialdeak sarbide zuzena dauka AP-68 autobidetik eta Cortesko herrigunetik hiru kilometrora dago.
Azalera guztira: 252.325 m2
Orubeen azalera: 166.363 m2
Bardeak [aldatu]
Erdi Aroan, Cortesek, Fustiñana, Tutera, Cabanillas, Buñuel, Carcastillo, Melida, Kaparroso, Alesbes, Cadreita, Valtierra, Arguedas, Santakara, Martzilla, Faltzes, Azkoien, Funes, Milagro, Corella, Olibako monasterioa, eta Erronkariko ibarra eta Zaraitzuko ibarrekin batera, Nafarroako Bardeatako elkartea osatu zuen. Bardeatako herri-lurrak nekazaritzarako erabiltzeko asmoarekin.
XX. mendearen amaieran, Cortesko hamairu herritarrek 337 hektarea lantzen zituzten Bardeetan.
Ondarea [aldatu]
- San Juan bataiatzailearen eliza: Estilo gotiko-pizkundetarreko eliza. Eliza, adreiluzko fatxadadun eraikina da, eta apaindura mudejarreko dorrea dauka.
- Cortesko markesen dorretxea.
Politika [aldatu]
Udal hauteskundeak [aldatu]
Cortesko alkatea PSN alderdiko Javier Blasco Mendibil da 2003tik. 2007an Udaleko hamaika zinegotzietatik lau lortu zituen Nafarroako Alderdi Sozialistak. Baliogabeko botoak 9 izan ziren (emandako guztien %0,43) eta 34 boto zuri izan ziren (botoen %1,64). Abstentzioa %18,98koa izan zen.
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| PSN | 737 | 4 |
| Cortes Entre Todos (CET) | 651 | 4 |
| UPN | 379 | 2 |
| Candidatura de Izquierdas de Cortes (CIC) | 250 | 1 |
| CDN | 28 | 0 |
2011n hauexek izan ziren aurkeztutako zerrendak: PSN (4 zinegotzi eta alkatetza Blascok gorde), Cortes Entre Todos (CET) (3), UPN (3), Candidatura de Izquierdas de Cortes (CIC; ezkerrekoa, abertzaleak barne; 1) eta PP (0). CETek PSNri alkatetza kentzeko akordioa eskaini zion UPNri baina PSN eta UPNk haien arteko ituna egin zuten[2].
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| PSN | 679 | 4 |
| Cortes Entre Todos (CET) | 499 | 3 |
| UPN | 480 | 3 |
| Candidatura de Izquierdas de Cortes (CIC) | 167 | 1 |
| PP | 103 | 0 |
Alkateak [aldatu]
| 1979-1983 | ||
| 1983-1987 | ||
| 1987-1991 | ||
| 1991-1995 | ||
| 1995-1999 | ||
| 1999-2003 | Ismael Miñés Catalán | UPN |
| 2003-2007 | Javier Blasco Mendibil | PSN |
| 2007-2011 | Javier Blasco Mendibil | PSN |
| 2011- | Javier Blasco Mendibil | PSN |
Udaletxea [aldatu]
Antzinako udaletxea elizaren plazan egon zen, estilo barroko-aragoitarreko eraikina Mirandako dukeen jabetzakoa izan zen eta gaur egun hondamen egoeran dago. Gaur egungo udaletxea 1949. urtean eraiki zen eta adreiluzko fatxada dauka. Udala alkatea eta hamar zinegotzik osatzen dute.
- Helbidea: Mirandako Dukeen plaza, 4
Azpiegitura eta garraioak [aldatu]
Iruñea - Zaragoza (Conda) [aldatu]
Condaren Iruñea eta Zaragoza bitarteko lineak geltokia dauka herrian. Eguneko bost zerbitzu izaten dira norabide bakoitzeko. Lineak honako ibilbidea dauka:
- Iruñea - Noain - Tebas-Muru Artederreta - Barasoain - Puiu - Tafalla - Erriberri - Caparroso - Valtierra - Arguedas - Tutera - Ribaforada - Buñuel - Cortes - Mallén eta Zaragoza.
Cortes - Iruñea (Conda) [aldatu]
Condaren Cortes eta Iruñea bitarteko autobus linea zuzenak zerbitzu bakarra dauka norabi bakoitzean eguneko. Ibilbidea, honakoa da:
Tutera - Zaragoza (Conda) [aldatu]
Condaren Tutera eta Zaragoza bitarteko autobus lineak lau zerbitzu dauzka eguneko norabide bakoitzeko. Ibilbidea, honakoa da:
- Tutera - Fontellas - Cabanillas - Fustiñana - Ribaforada - Buñuel - Cortes - Mallen eta Zaragoza
Euskara [aldatu]
Nafarroako gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera Cortes eremu ez-euskalduneko udalerria da, eta hori dela eta, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. 2001eko erroldaren arabera, herritarren %0,76k zekien euskaraz hitz egiten.
Jaiak eta ospakizunak [aldatu]
Irailaren 29an San Miguel arkanjeluaren omenezko jaia antolatzen da. Herriko biztanleek santuaren inguruan egiten dute dantza, herri osoa zeharkatzen duen prozesioan.
Ekainaren 24ean San Juan eguna ospatzen da.
Erreferentziak [aldatu]
Ikus, gainera [aldatu]
Kanpo loturak [aldatu]
- (Gaztelaniaz) Cortesko udalaren webgunea
- (Gaztelaniaz) Cortesi buruzko informazioa Nafarroako gobernuaren webgunean.
- Lavadero kalearen ikuspegia Google Street View-n.