Kreatinina

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Kreatininaren egitura kimikoa.


Kreatinina molekula organiko nitrogenatua da, odolean eta gernuan dagoena. Kreatina molekularen eratorria da.

Kreatina gibelean sintetizatzen da, aminoazido batzuetatik abiatuta (glizina, arginina eta metionina). Giharretan pilatzen da, eta zeregin garrantzitsua betetzen du muskuluen behar energetikoak asetzeko. Giharretan metabolizatzen denean, kreatina kreatinina bihurtzen da. Giltzurrunek kreatinina iragazi eta gernuaren bidez kanporatzen dute.

Kreatininaren odol-kontzentrazioa txikia da, kreatinina gehiena iraizketa prozesuan gernuaren bidez kanporatzen baita. Odol-analisietan, kreatininaren maila giltzurrunen funtzionamenduarekin lotuta dago. Sendagileak giltzurrunen funtzionamendua ezagutu nahi duenean kreatininaren analisia eta neurketa aginduko du. Giltzurrunek iraizketa prozesua zuzen burutzen ez dutenean, odolean dagoen kreatinina maila igo egingo da, gernuaren bidez kreatinina gutxiago kanporatzen delako.

Odoleko kreatinina maila ere handitu egiten da giharretako hainbat patalogitan, giharrak kalteturik daudenean.


Maila normalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kreatininaren ohiko odoleko kontzentrazioak bitarte honetan daude: 0,7-1,3 mg/dl, gizonezkoen kasuan, eta 0,6-1,1 mg/dl emakumezkoen kasuan.

Emakumezkoek gizonezkoek baino maila txikiagoak dituzte, masa muskularra ere txikiagoa delako. Izan ere, masa muskularrak eragin handia du kreatininaren odol-kontzentrazioan: gizonezko kulturista batek 2 mg/dl kreatinina izan dezake giltzurrunetako akatsik izan gabe, eta 0,6 mg/dl duen emakume zahar batek -masa muskular txikia duenak- giltzurrun gaixotasuna eduki dezake.