Kukutza gaztetxea

Koordenatuak: 43°14′56″N 2°56′47″W / 43.2489783°N 2.94644721°W / 43.2489783; -2.94644721
Wikipedia, Entziklopedia askea
Kukutza III
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaBilbo
Koordenatuak43°14′56″N 2°56′47″W / 43.2489783°N 2.94644721°W / 43.2489783; -2.94644721
Map

Kukutza gaztetxea, Bilboko Errekalde auzoan okupatutako eta autokudeatutako gaztetxe eta aisi eta kultura jardueretarako gune askea zen, 1996. urtetik 2011 arte martxan egon zena, eraitsi zuten arte. Hiru eraikin izan zituen kokaleku, hurrenez hurren: Kukutza I, 1996an, hiru hilabetez; Kukutza II, 1998an, bi hilabetez; eta jarraipen luzea eta eragin publiko zabala izan zuen Kukutza III, lantegi handi abandonatu batean, 1998tik harik eta 2011. urtean poliziaren indarrez eraikina eraitsi zuten arte. Jatorrian instituzio publikoek auzoari eskaintzen zion kultura eta aisia eskaintza urriaren hutsunea betetzeko sortu zen eta, bereziki Kukutza III gaztetxearen kasuan, auzoko hainbat talderen bilgune gisa jardun zuen. Hala ere, Bilbo osoan zuen eragina, eta «sortze fabrika»tzat jo zuten Euskal Herri osoko ehun kultura-sortzailek.[1] Era guztietako ekimenak bultzatzen zituen, hala nola etxebizitza kolektiboa, Koblakari zirku taldea, dantza, eskalada, entseguetarako gunea, liburutegia, jantokia, taberna, «hartu nahi duzuna» (hainbat objekturen eskaintza, dohainik), serigrafia, antzerkia, arte martzialak eta garagardoa egiteko instalakuntza.[2]

Nahiz eta 2011n Kukutza hustu eta eraisteko eman zuten arrazoia etxebizitzak eraikitzea izan zen, urte askotan hutsik egon zen lursail hori, eta auzoko dendariak kexu ziren auzoak bizia eta merkataritza mugimendua galdu zuelakoan Kukutza eraistearekin.[3][4]

Azkenean, 7 urte beranduago, hau da 2018an, Kukutza egon zen lursailean, etxebizitzak eraikitzen hasi ziren.

Kukutza I[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kukutza I gaztetxea Errekalde auzoan egon zen lehenengo gaztetxea izan zen. 1996an okupatu zuten Errekalde, Irala, Indautxu, Basurto eta Zorrotzako hainbat gaztek, justu Kukutza kalean 11 urtez hutsik egon zen eraikina.

Hiru hilabeteren ostean, Errekaldeko jaiak hasi baino 2 egun lehenago, inolako aurre abisurik eman gabe, Kukutza I eraitsi egin zuten. Bi egun geroago Santutxuko Mina del Morroko gaztetxea ere behera bota zuen Bilboko udalak. 1992an Josu Ortuondo alkate zela Bilboko Gaztetxea eta Iralako Txalet de Hiedra bota zituenez Bilbon Deustuko gazte lokala baino ez zen geratu okupazio mugimenduan.

Kukutza II[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kukutza II gaztetxea 1998ko maiatzaren 27an Errekaldeko Larraskitu kaleko Unzeta okupatu zen gaztetxea izan zen. Ertzaintza lehen egunetik saiatu zen desalojoarekin, baina ez zuten lortu. Eraikinean bertan gai toxikoak aurkitu ziren eta udaletxeari eskatu zitzaien horiek erretiratzeko. Hori gertatu arte gaztetxeak eraikin hori itxi zuen. Bertan zegoen arratoi kopuru handia ere desagertarai zuten.

1998ko uztailaren 16an desalojatu eta 4 atxilotu egon ziren.

Kukutza III[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Okupazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1998an, Errekalde auzoak duen kultura azpiegituren eskasia kronikoak bultzatuta, Cerezo lantegia izandako 6300 m2ko eraikina okupatu zuten, kultura behar horiek asetzeko asmoz.[5] Izan ere, 1950eko hamarkadan eraikitako fabrika hori hutsik zegoen aspaldian, eta ihes egindako narkotrafikatzaile batena zen.[6]

Eraistea agintzeko eginiko bidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraisketa burutu eta protestei aurre egiteko, Ertzaintzak zorrotz eta bortizki jokatu zuen.

Bilboko Udalak, 1995ean egin zuen Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren karietara, eraikinaren lurraren sailkapena —kalifikazioa, zehazki— aldatu zen: ordu arte, lur hori industriala zen (jarduera industrialak egiteko balio zuen); plan berriarekin, aldiz, etxebizitzak egiteko balioko zuen. Udalak ez zien kasurik egin Errekaldeko auzo elkartearen eskaerei, han gizarte erabileraren bat ezartzea nahi baitzuten auzotarrek. Sailkapen aldaketa horri esker, Cabisa enpresak, lur hori oso merke erosi eta gero, diru irabazi handia lortzeko aukera zuen: udalak lagundutako espekulazio kasua izan zen, hainbatek salatu zuenez.[6][7] Geroago, espekulazio horren onuraduna —Cabisa enpresa— Kantabriako etxegintzako ustelkeria kasu batean nahasita zegoela agertuko zen.[6][8]

Gaztetxea lekuz aldatzea proposatu zuen Udalak, baina atzera bota zuen proposamena Errekaldeko auzo elkarteak.[9] Udalak, berriz, eraistea geldiarazteari uko egin zion; Iñaki Azkuna alkateak adierazi zuen Kukutzako arazoa ez zela kultura arlokoa, legez kontra ari zirela lurzorua okupatzen, eta Udalaren zeregina dela «jabetza pribatua babestea».[10][11][12]

Era berean, Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteak eraikina mantendu beharra zegoela adierazi zuen, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Euskara Saileko Industri Ondarearen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Herri Lanen Inbentarioan jasota dagoelako. Beraz, Bilboko Udalaren betebeharra zen eraikin hori babestea. Eta, arkitekto elkarte horrek adierazi zuenez, erabilera posibleetako bat kultura arlokoa zen, horrelako erabilerak oso egokiak baitira industrialak izandako eraikinetarako. Udalak, ordea, ez zion eraikinari babesik eman.[13][14][15]

Gaztetxea hustu eta eraisteko ekintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kukutza III gaztetxearen eraisketak protesta zabalak eragin zituen hiritarren artean. Irudian, Kukutzaren alde 2011ko irailaren 21ean eginiko agerraldia.

Cabisa enpresak gaztetxea hustea eskatu zuen, eraikina eraitsi eta etxebizitzak egitearren. Bilboko Udalak husteko eta eraisteko baimena eman zuen,[16][17] eta Ertzaintza arduratu zen gaztetxea husteaz, 2011ko irailaren 21ean, gaztetxera hurbildutako manifestariak gogor erreprimituta.[18][19]

Errekaldeko auzo elkarteak eraistearen aurkako errekurtsoa aurkeztu zuenez, gaztetxearen eraisketa egun batzuez atzeratu zen.[20] Errekaldeberriz Auzo Elkartearen errekurtsoak zioenez, eraikina eraistearren Udalak emana zuen baimen hori «baliogabea eta legez kontrakoa» zen, baimenarekin batera etxebizitzak eraikitzeko proiekturik ez zetorrelako eta Cabisak zenbait betebehar (birpartzelazioa, kutsadura kentzeko proiektua, hirigintzako aprobetxamenduaren % 15 lagatzea, espaloiak eta ondoko plaza urbanizatzea, eta abar) bete ez zituelako.[21]

2011ko irailaren 23an, Elena Galán Rodríguez de Isla epaileak auzotarren errekurtsoa ezetsi zuen, eta eraikina eraistea agindu. Ordu gutxira, eraikina bota zuten. Hainbat herritarrek gogor protestatu zuen, eta istilu larriak sortu ziren Bilbo osoan. Hainbat iturriren arabera, Ertzaintza adingabeei ere tiroka aritu zitzaien. Atxilotu eta zauritu ugari izan ziren, eta Ertzaintzak mediku parteak ohostu zituen anbulategitik.[22]

Herritarren protestak eta Ertzaintzaren errepresioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Protestatzaileen eta ertzainen arteko liskarretan, ugari izan ziren zaurituak, atxilotuak eta kalteak. Ertzaintzak auzoa hartuta izan zuen hiru egunez.[23] Liskar horiek Euskal Herriko politika eztabaidaren muinean izan ziren egun batzuez.

Euskal Autonomia Erkidegoko arartekoak bere txostenean (2012ko maiatzean argitaratua) adierazi zuenez, Ertzaintzak ez ditu Kukutza husteko egindako jardun guztiak zuritu. Kukutzako esku hartzea Ertzaintzaren «betebeharren eta funtzioen testuinguruan» kokatu behar dela zehaztu zuen arartekoak, eta, beraz, «legearen babes osoa» duela. Hala ere, adierazi zuen herritarrek salatutako «alderdi jakin batzuk» ez dituela argitu Herrizaingo Sailak. Ertzaintzak Kukutza husteko, eta hurrengo egunetako mobilizazioetan, erabilitako indarkeriak «egokitasun, premia, zentzuzkotasun eta proportzionaltasun printzipioak» errespetatu ote zituen balioztatu ezinik gelditu dela jakinarazi zuen Iñigo Lamarcak. Horregatik, «gertakarien gaineko ikerketa sakona» egiteko eskatu zion Lamarcak Rodolfo Aresi, «zalantza guztiak» argitzearren.[24]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Berria. «Gaztetxea "sortze fabrika" izan dela nabarmendu dute ehundik gora kultur eragilek» (Noiz kontsultatua: 2016/04/20).
  2. LIPDUB - KUKUTZA. (Noiz kontsultatua: 2023-08-22).
  3. (Gaztelaniaz) «Kukutza, dos años después»El Correo TV, 2013-09-13.
  4. https://www.naiz.eus/es/actualidad/noticia/20170922/seis-anos-despues-del-desalojo-de-kukutza-a-la-espera-de-la-construccion-de-40-viviendas
  5. La historia y el trabajo del gaztetxe Kukutza, bideoa, YouTube webgunean ikusgai. Iraupena: 26'.
  6. a b c Ramón ZALLO: «Kafka en Kukutza», Res Publica Euskadiko atari juridikoa, 2011-09-23.
  7. Juan Mari ZULAIKA: «Azkuna, el okupa mayor», Bilboko Branka, 2011-09-28.
  8. «Kukutza eraitsi nahi dutenak ustelkeriarekin lotu dituzte»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2011-09-15.
  9. «Errekaldeko bizilagunek Kukutza lekuz aldatzeko Udalaren proposamena atzera bota dute», Berria, 2011-09-16.
  10. «Kukutza: "Udalak baditu eraistea eragozteko baliabideak"», Berria, 2011-07-14.
  11. Guillermo ELEJABEITIA: «"El problema de Kukutza no es cultural, ocupaban un suelo ilegalmente", recuerda Azkuna», El Correo, 2011-09-24.
  12. «Iñaki Azkuna habla de la sentencia de Kukutza», elcorreo.tv, 2011-09-23. Bideoa.
  13. «Kukutza y el patrimonio industrial de Bilbao», Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartearen prentsa oharra, 2011-09-23.
  14. «Kukutza mantendu behar da, Industri Ondarearen Elkartearen arabera», EITB.com, 2011-09-23.
  15. Europa Press: «Asociación Vasca de Patrimonio Industrial dice que el edificio de Kukutza está incluida entre edificaciones a preservar», 20 minutos, 2011-09-23.
  16. «Bilboko Udalak sinatu egin du Kukutza botatzeko baimena»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2011-09-08.
  17. «Kukutza "berehala" hustuko dutela ohartarazi dute», Berria, 2011-09-13.
  18. «Gogor oldartu zaie Ertzaintza manifestazioan Kukutzaraino hurbildu direnei», Berria, 2011-09-21.
  19. https://www.argia.eus/efemerideen-kanala/ertzaintzak-kukutza-iii-gaztetxea-indarrez-hustu-zuen-bilboko-errekalde-auzoan
  20. «Epaitegiak bertan behera utzi du Kukutza gaztetxea eraisteko agindua», EITB.com, 2011-09-21.
  21. Agustín GOIKOETXEA: «Los vecinos prueban que Cabisa no cumplió la ley con permiso municipal», Gara, 2011-09-23.
  22. «Kukutza botatzen ari dira; istilu larriak Errekalden», Argia albiste webgunea, 2011-09-23.
  23. Kukutza III gaztetxea: Kukutza: auzoaren 3 eguneko okupazioaren kronika, YouTube, 2011-10-03. Bideoa.
  24. Mikel ANSA: «Ertzaintzak ez ditu Kukutza husteko jardun guztiak zuritu, arartekoaren arabera», Berria, 2012-05-25.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]