Kulak

Wikipedia, Entziklopedia askea

Kulakak (errusieraz: кула́кtranslit.: kulak, kʊˈlak ahoskatua, «ukabila», hedaduraz «zekena»; ukraineraz: куркульtranslit.: kurkul), Errusiar Inperioaren azkenalditik eta Sobietar Batasunaren hastapenetarainoko garaian, aberastasun handi samarra zuten nekazarien kategoria bat izan ziren. Errusiar Inperioaren azken urteetan sortuak, 1906. urtean Stolipinen erreformaren ondorioz zenbait errusiar nekazari lur arlo ertainen jabe egin ziren; horiei kulak esaten zitzaien. NEParen sasoian garatu ziren batez ere, eta Stalinek bultzatutako lur kolektibizazioarekin talde antolatu gisa desagertu ziren.

Marxismo-leninismoaren lehenengo urteetan oso txarto ikusiak izan ziren baina geroago, Leninek bere lehenengo ideiak moderatu zituen. Stalinen gidaritzapean, 1929-1933. urteen artean kulaken aurkako hainbat ekintza egin zituzten. Hasiera batean lur horien kolektibizazioa lortu nahi zen. Honekin batera bertako lurralde batzuk industrializatu eta ekoizpena handitu nahi zen. Azkenean gobernuko buruzagiek lurjabe horien eta erresistentzia aktiboa egin zutenen kontrako sarraskiak egin zituzten. Besteak beste, lapurreta, hilketa eta lan esparru edo Gulagetara bidali zituzten hainbat lurjabe eta beraien sendiak.

Gulageko lan esparruetara bidalitako kulaken inguruko gizon emakume kopurua milioi bat eta bi milioi tartekoa dela uste da. Bertan laurehun mila bat lagun hil zirela uste da.

Kulak hitza Sobietar Batasunean iraintzat erabiltzen zen.

Nekazaritzaren kolektibizazioa

Hona hemen Lucianik idatzitakoa kulakei buruz,gaur egun historiagile gehienak ontzat ematen duten adibide bat moduan:

"Stalinek 1928an erabaki zuen kulak deritzona (nekazari maila) deuseztazea eta nekazari pobre eta erdi mailakoak kolektibizatzea. Kulak horiek aurre egin zioten eta borroka latza gertatu zen. 1929-1930eko neguan, mundu ezagunaren seirenak benetako gerra zibila jasan zuen. Ehunka mila familiari ondasunak kendu zizkieten eta iparraldera erbesteratu zituzten.

Herrietan, han geratutakoak kolkhoz deritzenetan batu ziren, baina aurretik abereak hil zituzten granja kolektiboei ez ematearren. Esperientzia komunista horrek ez zuen ia ezertarako balio izan, kolkhoz horietara beharturik baitzihoazen, hainbateko presio ekonomiko eta administratiboak derrigorturik.

Zalantzarik nabarituz gero, tropa bidaltzen zuen hara, nahasleekin batera. Ehunka matxinada piztu zen, larrienak Kauskaso eta Siberian (...).

Gaur egun, nekazari familian %60 baino gehiago kolkhozetan bilduta daude; lurrik emankorrenetan, Kouban aldean esaterako, ez dago beste banakako esplotaziorik. Kolkhoz gehienei aertel esaten zaie, hau da, produkzio bide bakarren elkarteak dira: lana, lanabesak, lanerako abereak eta eskulana bateratu egiten dira eta familia bakoitzak bere etxea eta esparrua gorde ditu."

Georges Luciani, "Six ans à Moscou" Paris, 1937.