Kumasko Sibila

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Kumaseko sibila Michelangelok, Kapera Sixtinoan margotua.

Kumasko Sibila adinik ez zuen apoloniar orakulua zen, Kumasen. Eritreakoa zen, Joniako herri garrantzitsua (egungo Turkiaren mendebaldeko kostaldean). Bere aita Teodoro zen, eta, bere ama, lamia bat. Koriko mendiko leize-zulo batean jaio zela esaten da berataz. Profeziaren dohainarekin jaio zen, eta, bere aurreikuspenak, hitzneurtuan ematen zituen. Kumasko Sibila bezala, bere bizitza gehiena, egungo Campania probintzia italiarreko Kumas hirian pasa zuelako ezagutzen da.

Antzinatean, hamar sibila ezagunen artean, garrantzitsuentzat hartzen zen. Deifoba ere deitzen zitzaion, jainko forma esan nahi duen hitza. Apolo zen sibilen profeziak inspiratzen zituen jainkoa. Kumasko sibilari, desira handi bat emango ziola promes egin zion Apolok. Sibilak, harea eskukada bat hartu zuen bere eskuan eta hartu zuen eskukadan aurkitzen ziren lur partikulen kopurua haina urte bizitzea eskatu zuen. Baina betiereko gaztetasuna eskatzea ahaztu zitzaion. Hortaz, denbora pasa ahala, zahartzen joan zen eta Apoloren tenpluan eskegi zuten kaiola batean sartu zuten. Elezaharrak, bakoitzak 110 urte zituen 9 giza bizitza bizi izan zituela dio.

Berataz kontatzen den beste gauza bat, eta hala ikus daiteke Eneidan, egun batean, Eneas, Troiako printzea, Hadesetik gidatu zuela, bere aita Ankisesi bisita egiteko.

Beste batean, Tarkinio Superbo erromatar erregearen aurrean agertu zen, atso zahar bat bezala eta bederatzi profezia liburu eskaini zizkion, oso-oso garesti. Tarkinok ezezkoa eman zion, merkeago lortuko zituelakoan. Orduan sibilak, hiru liburu hautsi zituen, eta beste seirak, hasierako prezio berean eskaini zizkion. Berriz ere, Tarkinioren erantzuna ezezkoa izan zen, eta, berriz ere, sibilak beste hiru liburu hautsi zituen, geratzen ziren hirurak, hasierako prezio berean eskainiz. Tarkiniok, oraingoan, ezezkoa emanez gero libururik gabe geratuko zela jakinik, baiezkoa eman zion sibilari eta hasieran, bederatziengatik ordaindu behar izango zuena, hirugatik ordaindu behar izan zuen. Hiru liburu hauek, Jupiterren tenpluan gordeak izan ziren eta oso egoera berezietan kontsultatzen ziren. K.a. 83. urtean, suak deuseztu zituen jatorrizko Liburu Sibilarrak eta bilduma berri bat osatu behar izan zen, gaurko egunetara heldu ez direnak, 405. urtean, hauek ere deuseztatuak izan baitziren. Liburu hauek eragin handia izan zuten erromatar erlijioan Augustoren erregealdira arte.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kumasko Sibila Aldatu lotura Wikidatan