Kunihiko Kodaira

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Kunihiko Kodaira

Japoniar matematikaria (Tokio, 1915 - Kofu, 1997). Matematika eta fisikako tituluak eskuratu zituen Tokioko Unibertsitatean. Nahiz eta Bigarren Mundu Gerran oztopo asko izan, Kodairak Europako matematikarien (Weyl, Stone, von Neumann, Hodge, Weil, Zariski, etab.) lan berrienak irakurtzeko aukera izan zuen. 1944-49 urteetan irakasle laguntzaile izan zen Tokioko Unibertsitatean. Ordurako haren lana ezaguna zen mundu guztian, eta Princetonera joateko eskaintza jaso zuen Weylen eskutik. Princetongo Ikerketa Aurreratuetako Institutuko kide izan zen, eta Harvard eta Johns Hopkins unibertsitateetan ere aritu zen. 1965ean katedra bat lortu zuen Johns Hopkins Unibertsitatean, eta geroago Standfordekoan. Japoniara itzulita, 1967tik aurrera katedra baten arduradun egon zen Tokioko Unibertsitatean. Kodairak arlo askotan lan egin zuen: Hilbert espazioak, ekuazio diferentzialak, integral harmonikoak, geometria aljebraikoa, etab. Lanik garrantzitsuena Riemann-Rochen teoreman egin zuen. 1954an Fields domina jaso zuen. Bestalde, mundu osoko elkarte askotako kide egin dute, esate baterako Londresko Matematikako Elkartekoa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]