Lan hitzarmen kolektibo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Lan hitzarmen kolektiboa, batzuetan lan kontratu kolektiboa edo lan konbenio kolektiboa, sindikatu bat edo talde bat eta enplegatzaile bat/askoren (edo enplegatzaileen talde ordezkari bat edo gehiagoren) arteko kontratu edo hitzarmena da. Sindikaturik ezean, hitzarmen hau lor dezakete era berean langileek eurek aukeratu eta baimendutako beren ordezkariak, legediaren arabera.

Lan hitzarmenak lan-harremana arautzen du ( soldatak, lan-jarduna, atsedenak, oporrak, baimenak, lan-baldintzak, gaitasun profesionala, kaleratze neurriak, kategoria edo maila profesionalen definizioa...) baita sindikatu eta ugazaben arteko harremanen arautzea ere. Lortzen den hitzarmena arloko (lantegi edo jarduera) langile guztiei aplikatzen zaie, hauek hitzarmena adostu duen sindikatuan/etan afiliatuta egon edo ez.

Bestalde, estatu bakoitzaren legediaren araberako baldin bada ere, lan hitzarmena ogibide edo jarduera bati dagokionean, bere aplikazioa jarduera hori aurrera ateratzen duten lantegi guztietan egongo da indarrean, nahiz lantegi horietako langileak agian ez egon hitzarmeneko sindikatu sinatzaileetan afiliatuta. Konbenioko baldintzak gutxienekotzat hartzen dira. Edozein langileren kontratuak hobetu litzake baldintzok (soldata gehiago, atseden gehiago...) baina inola ere ezin daitezke konbenioan hitzartutako baldintzak baina eskasagoak izan. Hau dela eta, zenbait legeditan lan hitzarmenak beren tratamenduan aplikazio orokorreko arau juridikotzat hartuak dira. Lan hitzarmen kolektiboa “negoziazio kolektibo” deitzen den prozesu baten ondorioa izaten da.

Negoziazio kolektiboa [aldatu]

Negoziazio kolektiboa adostasun jakin bat lortzea helburu duen bi alderdien arteko elkarrizketa prozesua izaten da. Alde batetik enpresa bateko edo lan esparru bateko langileak leudeke, normalean (ez beti ordea) sindikatu bat edo sindikatu talde baten bidez elkartuak, eta enpresa edo lan alor bateko enpresen ordezkariak bestaldetik. Negoziazio lanaren xedea hitzarmen edo akordio bat lortzea da. Akordio horretan lan esparru horretan diharduten langileei aplikatu beharreko lan baldintzak zehaztea da. Batzuetan, negoziazioan lagungarri izan daitekeen presio neurri gisa greba egin daiteke, baita adostutako neurriak betearaztearren, hala ez dela sinetsita daudenean. Negoziazio kolektiboa gizarte elkarrizketaren adierazpenetako bat da, askatasun sindikalaren baitan oinarrizko eskubidetzat hartzen da. LNEk (Lanaren Nazioarteko Erakundeak) bermatzen du bere izatea mundu mailan.