Antzandobi kaskagorri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lanius senator» orritik birbideratua)
Antzandobi kaskagorri
Iraute egoera

Ia galzorian  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaLaniidae
GeneroaLanius
Espeziea Lanius senator
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa3,4 g (pisua jaiotzean)
Kumaldiaren tamaina5,5
Eguneko zikloaeguneko
Errute denbora15 egun

Kankanotea edo antzandobi kaskagorria (Lanius senator) laniidae familiako hegazti paseriformea da, hegoaldeko Europan, Ekialde Ertainean eta ipar-mendebaldeko Afrikan bizi dena[1].

Itxura bereziko txoria da antzandobi kaskagorria, izenak berak dioen bezala, burualde eta garondo gorria baititu. Ezaugarri honek identifikazioa oso erraza bihurtzen du. Espezie migratzailea da eta Euskal Herrian hegoaldean soilik egiten du habia. Euskal Herrian aurki daitekeen hiru antzandobi espezietako bat da. Bere generokidea den antzandobi handia baino apur bat txikiagoa da eta banaketa askoz ere mugatuagoa du, Mediterraneo inguruan besterik ez baita aurkitzen.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamaina txiki-ertaineko txori paseriformea da kankanotea, 19 zentimetroko luzera izatera iritsi daitekeena eta 40 gramo inguruko pisua izaten duena.

Espezie honen ezaugarri morfologikorik bereizgarriena burualde eta garondo gorriztak dira. Begiak antifaz beltz batek zeharkatzen dizkio eta mokoa iluna eta apur bat behera okertua izan ohi da. Paparra eta sabelaldea ia zuriak dira eta gorutzaren alde dortsala, berriz, iluna. Luma eskapularrak zuriak dira eta hainbat arraun-lumak ertz zuria izan ohi dute. araldian arrek orban zuri txikiak izaten dute kopetan, moko gainean eta begien atzean. Emeen lumaiaren tonuak apalagoak dira, eta lumek eta mokoak beltzak beharrean, kolore marroi edo arrea izan ohi dute. Araldian arren eta emeen itxura berdintsuagoa da, emeen lumen koloreak deigarriago bihurtzen baitira. Gazteek kolore arre-marroia izaten dute, hegoetan marra beltzak dituzten xingola zuriekin. Gorputzaren behealdea argiafoa da eta pikor arreak nabari ohi dira. Begien inguruko gunea, berriz, ilunagoa da.

Lumaiari dagokionez, arraun-lumetan 10 primario, 6 sekundario eta 3 tertziario izaten dituzte. Lema-lumak berriz 12 izaten dira, hegazti gehienetan bezala. Araldi aurreko lumaia-aldaketa partzial eta aralde osteko muda orokor bana egin ohi dituzte.

Kankanoteak lau azpiespezie ditu:

  • Lanius senator badius
  • Lanius senator niloticus
  • Lanius senator rutilans
  • Lanius senator senator

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskualde paleartikoaren hego-mendebaldean dago, Mediterraneo itsasoaren inguruan, Egipton salbu. Iberiar penintsula osoan aurki daitezke, goi mendietan eta isurialde kantauriarrean salbu. Euskal Herrian, ondorioz, hego isurialdera mugatzen da banaketa eta Arabako lautadan habia gutxi batzuk behatu diren arren, gehienak Arabako Errioxan eta Nafarroako isurialde mediterraneoan bizi dira. Hala ere, isurialde kantauriarrean behatu dira zenbait ale. Guztira 300 bikote inguru estimatzen dira.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baso mediterraneoko espezie tipikoa da, eta banaketa nahiko homogeneoa duela esan daiteke. Baso irekiak, soroak, dehesak, ipurudiak, ilarako basoak eta sastraka-guneak atsegin ditu[2][3]. Bere presentzia prezipitazio altuekiko, zuhaitz finen dentsitate altuekiko eta konifero-basoekiko alderantziz proportzionala da[4]. Habiaren inguruan belardiak eta zuhaiztiak izatea ezinbestekoa da espezie honentzat, bertan ehizatzen baititu harrapakinak[5], eta ondorioz, gune deforestatuetan falta da. Era berean, aipaturiko faktoreen ondorioz, 1.500 metroko altueratik gora ez da antzandobi kaskagorririk aurkitu[6].

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txinbo burubeltza alanbrean sastakatua, antzandobi kaskagorriaren harrapakina, Sizilian.

Tamaina handiko artropodoetaz elikatzen den hegaztia da: matxinsaltoak, kakalardoak, tximeletak, armiarmak... Zenbait kasutan ornodun txikiak jaten ere behatu dira. Antzandobi handiak bezala, behar dituenak baino harrapakin gehiago ehizatuz gero, egitura puntazorrotzetan eskegita uzten ditu, adarretan edo alanbrezko hesietan, esaterako[7].

Udaberrian eta udan odol hotzeko animaliak (intsektuak, anfibioak eta narrastiak) jaten dituzte. Udazken eta neguan, odol beroko animaliak (ugaztun xeheak eta txori txikiak) aukeratuko ditu. Harrapakin gehienak, hauek dira: intsektuen artean koleopteroak (arkanbelea), lepidopteroak (tximeleta), himenopteroak (Bombus), dipteroak (euliak) eta ortopteroak (matxinsaltoak); txorien artean txoka arruntak, karnabak, berdantzak, txinboak, kaskabeltzak, amilotxak eta abar...[8]

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie monogamoa da eta bakarka ehizatu ohi dute. Katilu itxurako habiak eratzen dituzte belar eta adartxoekin zuhaitzen behealdean edo adaburu marduleko zuhaixkatan. Espezie migratzailea da eta martxoaren amaieran edo apirilaren hasieran hasten dira lehen arrak iristen. Habia egiteko lekua aurkitu eta beraiek izaten dira eraikitzen hasten direnak. Apur bat beranduago, normalean, emeak iristen dira. Txitaldia bukatuta, gainerako migratzaileak baino lehenago egiten dute alde Afrika aldera.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lanius senator

Emeak 3-6 arrautza erruten ditu maiatza eta ekaina bitartean eta bera izaten da hauek inkubatzeaz arduratzen dena. Arrautzek kolore berde apala izaten dute, kolore arre-berdearekin ertz batean. Emeak hamasei egunez inkubatzen ditu arrautzak eta arrak zein emeak arduratzen dira txitoei janaria ekartzeaz. Gazteek hogei egunekin uzten dute habia.

Espezieen arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Extremadurako dehesetako galtzen diren arrautzen %80 harraparitzaren ondorioa izaten da[9].

Kontserbazio-egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IUCNren arabera, arrisku txikian dagoen espeziea da[10]. Azken 30 urteetan Iberiar penintsulako populazioen %20a galdu dela estimatzen da eta espezie honen egoeraren erantzule nagusia habitat-galera izan da. Larreen galerak, pinu-landaketek eta ilarako basoen desagerpenak eragin negatiboa izan du antzandobi kaskagorriaren kontserbazioan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Harris, Tony; Franklin, Kim. (2000). Shrikes and Bush-Shrikes. Helm ISBN 0-7136-3861-3..
  2. Hernández, A.. (1993). «Dieta de 1os pollos de tres especies simpátricas de alcaudones (Lanius spp.)» Doñona Acta Vertebrata (20): 145-163..
  3. Orobitg, M.. (1999). Aves de la Alta Serranía de Cuenca. Cuenca: Cuencako Aldundia.
  4. Telleria, J.L.; Santos, T.. (1994). «Factors involved in the distribution of forest birds in the Iberian Peninsula» Bird Study (41): 161-169..
  5. Hernández, A.. (1993). Biología de la familia Laniidae en la cuenca del río Torío, provincia de León. León: Leongo Unibertsitatea.
  6. Telleria, J. L.; Asensio, B.; Díaz, M.. (1999). Aves ibéricas. II. Passeriformes Madril.
  7. Llorente, Gustavo. (1988). Els vertebrats de les zones humides dels Països Catalans. in: Conèixer La Natura. Bartzelona: Editorial Pòrtic, S.A, 137 or. ISBN 84-7306-354-6..
  8. «Antzandobi arrunta, harakin hegalaria - Zientzia.eus» zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  9. Rehsteiner, U.. (2001). «Brutökologie des Rotkopfwürgers Lanius senator in einem. Optimalhabitat in Extremadura (SW-Spanien)» Ornithol. Beob. (98): 272–275..
  10. BirdLife International. (2009). IUCN Red List of Threatened Species: Lanius senator. .

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]