Lantaron
|
Lantaron |
|
|---|---|
| Izen ofiziala | Lantarón |
| Estatua Erkidegoa Lurraldea Eskualdea |
Espainia Euskal Autonomia Erkidegoa Araba Añanako Kuadrilla |
| Alkatea | Jesús Barredo Arana (EAJ) |
| Herritarra | lantarondar |
| Koordenatuak | 42°45′07″N 2°59′39″W / 42.75194°N 2.99417°W |
| Eremua | 67,85 km2 |
| Garaiera | 520 m |
| Distantzia | 34 km Gasteiza |
| Posta kodea | 01213 / 01423 |
| Biztanleria | 929 bizt. (2011) |
| Dentsitatea | 13,69 bizt./km² |
| Sorrera | 1978 |
| http://www.lantaron.org/ | |
Lantaron[1] Arabako mendebaldeko udalerria da. Gaur egun ezagutzen den moduan 1978an sortu zen Bergonda eta Salcedo udalerriek bat egin zutenean. Bi zati bereiziak ditu, Gaubeako lurrak tartean direla. Gasteiztik 34 bat kilometrora dago.
Eduki-taula |
Geografia [aldatu]
Inguru naturala [aldatu]
Ebro ibaiak markatzen du hegoaldeko muga, Euskal Herrikoa ere dena. Udalerria bi zatitan banatuta dago:
- Mendebaldekoan Sobrón herrixka eta bainuetxe zaharra daude. Gaubeako Bachicabo herriko lurrek banatzen ditu beste herriengandik. Árcena mendilerroak zaildu egiten du iparraldearekiko komunikazioa; bertan dago udalerriko mendirik altuena: Mota (1315 m); bere tontorrean Tobalina, Gaubea eta Lantaron biltzen dira. Sobrongo lurrak Ebroren urek moztu duten arroila batean daude: aipatu Árcenaren eta hegoaldean, dagoeneko Gaztelako lurretan Obarenes mendien artean pasatzen da. Arroilan bertan Sobrongo urtegia dago.
- Beste herri guztiak ekialdeko zatian daude; altuerak xumeagoak dira. Hala ere muino ugari dago eta iparraldean, Erriberagoitiarekiko mugan Somo mendia (902 m) dago.Udalerriko Ebroren ertzeko lurrik baxuenak 450 bat metrotara daude.
Ebrora doazen ibai eta erreka batzuek zeharkatzen dute udalerria. Inportanteena Omecillo da. Xumeagoen artean Del Lago erreka[2], Arreoko aintziratik datorrena; Nuestra Señora del Lago baseliza, aintziratik hurbil Fontechatik Gesaltza Añanara zihoan "gatzaren bidean" dago[3] eta ingurua kondaira batzuen kokalekua da.
Udalerri mugakideak [aldatu]
- Arabakoak:
- Iparraldean: mendebaldetik ekialdera Gaubea, Erriberagoitia (Villambrosako barrendegia), Gesaltza Añana eta Erriberagoitia (Arreo, Padul) ostera ere.
- Ekialdean: Erriberagoitia eta Erriberabeitia.
- Gaztelakoak:
- Hegoaldean, Ebroz bestalde Bozoo, Santa Gadea del Cid eta Miranda Ebro daude.
- Mendebaldean: Valle de Tobalina, Merindadeak eskualdean.
Historia [aldatu]
Udalerria, Bergonda eta Salcedo udalerriak batu zirenean sortu zen, 1978. urtean. Izena, Erdi Aroan existitu zen Lantarongo herri eta konderritik datorkio, desagerturik dagoena gaur egun (1800 ingururako jada herri hustua zen) eta Sobrón eta Bergonda artean kokaturik zegoena. 911. urtean Lantarongo Tellez-en aipamena ageri zen eta 929. urtean, Alvaro Herrameluriz zen Lantarongo kondea.
GR 1 edo "Bide historikoa" ibilbide luzeak udalerria zeharkatzen du; Araba barruko zatian etapa hauek pasatzen dira Lantarondik: 10.a (Armiñón-Salcedo), 11.a (Salcedo-Fontecha) eta 12.a (Fontecha-Gesaltza)[4].
Ekonomia [aldatu]
Nekazaritza izan da historikoki arlo ekonomiko nagusia baina XX. mendearen azken hamarkadetan gauzak aldatu ziren. Lantaronen hamar bat kimika-enpresa daude. Halaber, 2006tik, udalerriko Zubillaga herritik gertu, ziklo konbinatuko zentral termiko bat eraiki nahi du Gas Natural konpainiak, Euskal Autonomia Erkidegoaren elektrizitate-beharraren %25a asetuko omen duena[5]. Proiektuaren aurrean herri-kontsulta bat burutu zen 2008an eta biztanle gehienek bere kontrako iritzia plazaratu zuten[6]. Kontuan izan kimika-enpresen ugaritasunak eta Santa Maria de Garoñako zentral nuklearraren hurbiltasunak ingurumena udalerriko arazo larrienetakoa bihurtzen dutela.
Merkataritza-harreman gehienak Mirandarekin garatzen dira.
Banaketa administratiboa [aldatu]
Lantaron 12 herrik osatzen dute; kontzeju bana dute eta beraz, bertan administrazio batzarrerako hauteskundeak egiten dira.
Demografia [aldatu]
| 1897 | 1900 | 1910 | 1920 | 1930 | 1940 | 1950 | 1960 | 1970 | 1981 | 1991 | 2001 | 2006 |
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| * | * | * | * | * | * | * | * | * | 827 | 804 | 958 | 957 |
Politika [aldatu]
2007ko udal hauteskundeak [aldatu]
Legez bost alderdi aurkeztu ziren hauteskundeetara udalerri honetan: EAJ, PP, PSE-EE, Lantarongo Herrien Aukera independentea eta Ezker Batua. 536 boto baliodunak (19 nulo egon ziren) honela banatu ziren:
- Euzko Alderdi Jeltzalea : 223 boto (4 zinegotzi)
- Alderdi Popularra : 161 boto (2 zinegotzi)
- Lantarongo Herrien Aukera : 89 boto (zinegotzi bat)
- Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerra : 30 boto (zinegotzirik ez)
- Ezker Batua - Berdeak : 27 boto (zinegotzirik ez)
Emaitza hauek [7] Euzko Alderdi Jeltzaleari eman zioten garaipena gehiengo osoz, zazpi zinegotzitatik lau lorturik. Emaitza horiekin, Jesus Barreda Arana aukeratu zuten udalerriko alkate.
Ondasun nabarmenak [aldatu]
- Sobrongo Uraren Museoa. Bertan uraren munduarekin erlazionatutako hainbat gai jorratzen dira, besteak beste, ingurumena, biologia edota terapeutika, ikus-entzunezko ugariren bitartez.
- Fontechako Kondestablearen dorrea, XIV. mende bukaeran eraikia.
- Orgaz dorrea, baita ere Fontechan.
Lantarondar ezagunak [aldatu]
- Joaquín Lucarini (Fontecha, 1905 - Burgos, 1964), eskultorea.
- José Mardones (Fontecha, 1868 - Madril, 1932), abeslaria[8].
Kartografia [aldatu]
- Eusko Jaurlaritzako 1:25.000 eskalako mapen serieko 4 (Valderejoko Natur Parkea) eta 8 (Arkamo eta Badaia mendikateak) zenbakiak.
Erreferentziak [aldatu]
- ↑ Euskaltzaindiak, euskara baturako, Lantaron izena arautu du, ohar honekin: «Euskal testuetan azentu grafikorik gabeko forma erabiliko da» (Euskaltzaindiaren 150. araua: «Arabako herri izendegia»).
- ↑ Izen hori erabiltzen da euskaraz Eusko Jaurlaritzako 1:25.000 eskalako mapen serieko 8 (Arkamo eta Badaia mendikateak) zenbakian
- ↑ Josean Gil-Garcia: Montañas de Álava, Txertoa, Donostia, 19999; ikus 185-189 or.
- ↑ GR 1 Sendero histórico. Trayecto alavés de Santa Cruz de Campezo a Bóveda, Arabako Foru Aldundia, Gasteiz, 1995; 137-157 or.
- ↑ (Gaztelaniaz) Lantarongo zentrala Gara egunkarian
- ↑ Herri-kontsultaren berri Joxemi Zumalabe Fundazioaren webgunean.
- ↑ (Gaztelaniaz)Espainiar Barne Ministeritza - Hauteskunde-emaitzak
- ↑ (Gaztelaniaz) Mikel Ezkerro: El himno argentino y Mardones
Ikus, gainera [aldatu]
Kanpo loturak [aldatu]
- (Gaztelaniaz) Udalaren webgune ofiziala
- (Gaztelaniaz) Lantaron Auñamendi entziklopedian
- (Euskaraz)(Gaztelaniaz)(Frantsesez) Lantarongo toponimia Euskaltzaindiaren arabera
| Lantarongo herriak | ||
|---|---|---|
|
Alcedo • Bergonda • Caicedo Yuso • Fontecha • Komunioi • Larrazubi • Leziñana • Molinilla • Salcedo • Sobrón • Turiso • Zubillaga |
||
|
|||||||||||