Lars Ahlfors

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Lars Valerian Ahlfors.

Lars Valerian Ahlfors (Helsingfors, lehen Errusiar Inperioa, gaur Finlandia, 1907ko apirilaren 18a - Pittsfield, Massachusetts, AEB, 1996ko urriaren 11) finlandiar matematikaria izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Helsingforseko Unibertsitatean egin zituen aurreneko ikasketak, eta han, Ernst Lindelöf eta Rolf Nevanlinna izan zituen irakasle. Nevanlinna Zurichera joan zelarik (1928), hara joan zen Ahlfors ere; ondoren, Parisa joan ziren biak. Turkuko Unibertsitateko irakasle izendatu zuten, Finlandian.

1930ean doktorego-tesia aurkeztu zuen, eta hurrengo urteetan Parisa eta Europako beste hiri batzuetara bisitaldiak egin zituen. 1935ean, Constantin Carathéodoryk Harvarderako postu baterako gomendatu zuen, eta hiru urterako hartu zuen postu hura. 1936an, Fields domina jaso zuten aurreneko bi matematikarietako bat izan zen, Osloko Nazioarteko Kongresuan. 1938an, matematikako katedra eskaini zioten Helsinkiko Unibertsitatean, eta nahiago izan zuen hori, Harvarden geratu baino.

Bigarren Mundu Gerrak Finlandian harrapatu zuen, eta berak eta bere familiak alde egin behar izan zuten. Bidaia luze baten ondoren, Zurichera iritsi ziren. 1946an, beste eskaintza bat egin zioten Harvarden, eta hara joan eta bertan geratu zen, 1977an erretiratu zen arte.

Ahlforsen liburuen artean Complex analysis (1953, "Analisi konplexua") da nagusia. Horrez gainera, aipagarriak dira Leo Sariorekin batera idatzitako Riemann surfaces (1960, "Riemannen gainazalak"), Lectures on quasiconformal mappings (1966) eta Conformal invariants (1973). Liburu horietan aipatzen diren gaiez gainera, Kleinen taldeak ere landu zituen Ahlforsek. Fields domina ez ezik, matematikako Wolf saria ere lortu zuen (1981).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]