Lartaun abesbatza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lartaun abesbatza

Datuak
JatorriaOiartzun
EgoitzaOiartzun, Gipuzkoa
ZuzendariaMaddalen Dorronsoro Amiano
AhotsakAbesbatza mistoa (SATB)
Taldekideak40
Urteak1964 - ...
FundatzaileaJon Oñatibia

Lartaun Abesbatza 1964an Jon Oñatibiak sortutako taldea da. Artean ere jardueran jarraitzen du, eta Maddalen Dorronsoro du zuzendari.

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oiartzunen kanturako zaletasuna bazen ere, antolatutako talde herrikoirik ez zegoen. Elizako liturgietan kantatzen zuen korua egon arren herriko ospakizunetan kantu hutsunea nabaritzen zen. Gainera urte zail haietan herri mugimendu bat sortzeko agintarien aldetik trabak besterik ez zeuden.Gauzak horrela, Jon Oñatibia oiartzuarra bueltatu zen jatorrira, hogeita hamar bat urte erbestean pasatu ondoren. Musikari ospetsua batetik, lagunartekoa bestetik, herrian kantu zaletasuna sortzeko gizon aproposa. Gazte jendea bereganatuz joan zen eta baita kanturako giro jator bat sortu ere. Pentsatu zuen momentu egokia zela talde bat osatzeko, eta Lartaun Elkarteko[1] kideekin hartu-emanetan jarri ondoren sortu zuen Lartaun Abesbatza.[2]

Hasierako emanaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abesbatzaren hasierako helburu nagusia herriko ekitaldietan parte hartzea zen, Gabonetan, Santa Ageda bezperan, auzoko jaietan eta elizkizunetan ere bai. Laster batean, kantuan sendotasuna hartzen joan zen heinean, inguruko herrietatik abesteko gonbidapenak jaso ziren: Errenteriatik, Irundik,… 1970ko hamarkadan jo zuen gailurra abesbatzak. 1970 hamarkada bereziki seinalatua izan zen lehiaketetan sariak lortuz eta konpositore esanguratsuen obrak orkestrekin estreinatuz. Horrela Tolosako Abesbatza Lehiaketan hiru aldiz eta Torreviejako Habanera Lehiaketan behin parte hartu zuten hirugarren saria jasoz, bai Tolosan eta baita Torreviejan ere. Hurrengo urteak bereziki, ospe handikoak izan ziren abesbatzarentzat. Oñatibiaren Euskal Show [3]izeneko ikuskizuna antzeztuz Euskal Herrian zehar. Obra horrek euskal ohiturak agertzen zituen euskal abesti, dantza, jokoen bidez eta abesbatzarentzat aberasgarria eta garai oso oparoa izan zen.[4]

Oñatibiaren ondorengo zuzendariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abesbatzaren urte oparo haiek ezbehar triste batek zapuztu zituen: 1979ko ekainaren 30ean, Oñatibia errepide istripu batean hil zen. Bere zuzendari eta sortzailearen bat-bateko heriotzak koruaren jarraipena zalantzan jarri zuen baina Juanitok jarritako haziak bizirik irauten zuela ikusirik, abesbatza sortzen lagundu zion Pedro Mitxelena arduratu zen segida ematen. Hurrengo urtetan taldeak aurrera egin zuen zuzendari berrien eskutik. Hala, Iñaki Altunak hartu zuen lehen erreleboa, eta gero jarraitu zioten Agustin Mendizabal, Alaitz Guridi eta Fernando Botok. Gaur egun, Maddalen Dorronsoro da abesbatzaren zuzendaria. Tartean, herriko beste abesbatzekin elkartzen joan da.

Kontzertuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldaketak aldaketa, taldeak hasierako helburuak mantendu ditu: musika bazter guztietara zabaltzea eta musika aitzakia izanik elkarbizitza bultzatzea. Elkarbizitzari begira, Lartaun abesbatzak beti izan du besteekin hartu-emanak izateko joera. Euskal Herriko abesbatzak etorri izan dira Oiartzunera, eta beste horrenbeste lekuetara joan da abesbatza anaiarteko giroan. Kanpoan ere ibili da Lartaun abesbatza, besteak beste Asturias, Errioxa, Soria eta Katalunia aldean ibilia da.

Lartaun abesbatza Oiartzungo kultur jardunean parte hartzen duen taldea da. Santa Ageda bezperako koplak, Santa Luzia egunean kalean kantari[5] Gabon kantak, udaberrian kontzerturen bate egiten dute beste abesbatza bat gonbidatuz eta honen trukea beste abesbatzaren herrian beste bat izaten da normalean[6]. Azken urtetan bere egoitzaren ondoan dagoen Hipatia Lorategian ematen den Udako Kontzertu Berezia[7] tradizio bihurtzen ari da. Eta ezin ahaztu herriko jaiak, han izaten da Lartaun mezetan zein kalean oiartzuarrekin kantari.[8]

1990. urtean, Maixabel Agirrezabalak sortu zuen Izotz abesbatzarekin elkartu zen, eta 2004-tik San Esteban elizako abesbatzako kideen parte hartzea ere nabarmena da. 2011an, Oñatibiaren heriotzaren 25. urteurrenean bere sortzailea omendu zuen Musikaste Euskal Musikaren Astean Andra Mari Abesbatzarekin batera abestuz eta urte horretan bertan herrian omenaldi kontzertu berezia eskainiz. 2014an, Lartaunek bere 50. urteurrena ospatu zuen, eta inguruko musikagileek zenbait obra propio konposatu zituzten koruarentzat: Junkal Guerrerok Argizaiola, Javier Bustok  Argia, Xabier Sarasolak Blonda Xarmanta, Iñaki Tolaretxipik Izpia da eta Jose Ignazio Ansorenak Gustatu nau. Obra hauek eta bere errepertorioko beste batzuek interpretatuz hainbat emanaldi egin zituen: Errenteriako Madalena Basilikan, Donostiako Kaputxinoen elizan Aita Donostia Aste Musikalaren baitan eta Oiartzungo San Esteban elizan Harribeltza Elkarteak urtero antolatzen duen kontzertua[9].

Bestelakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1998an argitaratu zen Oiartzungo Kantu Zaharrak diskoan lau kanta ziren abesbatza honenak. 2009an argitaratu zen Asko maite zaitut, nik diskoan Ikusi nuenian abestiaren bertsio bat ere grabatu zuten Alaitz eta Maiderekin.

2019an EITBko Ahotsak saioan parte hartu zuen, hiru kanta abestuz: Xabier Sarasolak koruarentzat propio konposatutako Blonda Xarmanta[10] [1], Robert Sund-en Goodnight swetheart[11] eta Josu Elberdinek musikatutako Xabier Leteren Poeta horiek[12]

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Lartaun Elkartea | Oiartzuarren Baitan» www.oiartzuarrenbaitan.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-21).
  2. «2014 urtekaria - Oiartzungo Udala» Urtekaria 2014: 53-58. 2014-08-05 ISSN SS-531-1977. (Noiz kontsultatua: 2023-07-21).
  3. (Gaztelaniaz) «Lartaun Abesbatza» Auñamendi Eusko Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2023-07-21).
  4. «Lartaun Txistulari Taldea: HISTORIA» Lartaun Txistulari Taldea (Noiz kontsultatua: 2023-08-06).
  5. Lartaun KANTUZ. (Noiz kontsultatua: 2023-07-21).
  6. Mikel, Del Val. (2022-09-06). «Lartaun abesbatzak kontzertua eskainiko du larunbatean» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-07-21).
  7. «Larunbat honetan Hipatia lorategian, Lartaun Abesbatzaren UDAKO KONTZERTU BEREZIA.» www.facebook.com (Noiz kontsultatua: 2023-07-21).
  8. (Gaztelaniaz) «Lartaun Abesbatza» Auñamendi Eusko Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2023-07-21).
  9. «Xanistebanak 2014 EGITARAUA» issuu.com: 3. 2014-08-01 (Noiz kontsultatua: 2023-07-21).
  10. «Lartaun Abesbatza - BLONDA XARMANTA» EITB (Noiz kontsultatua: 2023-07-21).
  11. «Lartaun Abesbatza - GOODNIGTH SWEETHEART» EITB (Noiz kontsultatua: 2023-07-21).
  12. «Lartaun Abesbatza - POETA HORIEK» EITB (Noiz kontsultatua: 2023-07-21).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Lartaun abesbatza