Lasarte-Oria

Koordenatuak: 43°16′04″N 2°01′12″W / 43.267777777778°N 2.02°W / 43.267777777778; -2.02
Wikipedia, Entziklopedia askea
Lasarte Oria» orritik birbideratua)
Artikulu hau Lasarte-Oriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Lasarte (argipena)».
Lasarte-Oria
 Gipuzkoa, Euskal Herria
Lasarte-Oria Nazioarteko Espazio Estaziotik ikusia. Iparretik hegoaldera doan errepidea N-1 da. Oria ibaiaren ezkerraldean hipodromoa ikus daiteke.
Administrazioa
EstatuaEspainia
ErkidegoaEuskal Autonomia Erkidegoa
LurraldeaGipuzkoa
EskualdeaBeterri-Buruntza
Izen ofizialaLasarte-Oria
AlkateaAgustín Valdivia
Posta kodea20160
INE kodea20902
Herritarralasartear eta oriatar
Kokapena
Koordenatuak43°16′04″N 2°01′12″W / 43.267777777778°N 2.02°W / 43.267777777778; -2.02
Map
Azalera6,01 km²
Garaiera13-260 (19 udaletxean)
Distantzia8 km Donostiara
Demografia
Biztanleria19.133 (2023)
184 (2022)
alt_left 9.481 (%49,6) (%46,5) 8.899 alt_right
Dentsitatea3.183,53 bizt/km²
Hazkundea
(2003-2013)[1]
% 2,25
Zahartze tasa[1]% 17,91
Ugalkortasun tasa[1]‰ 37,14
Ekonomia
Jarduera tasa[1]% 79,2 (2011)
Genero desoreka[1]% 8,76 (2011)
Langabezia erregistratua[1]% 12,53 (2013)
Euskara
Euskaldunak[1]% 37,74 (2010)
Etxeko erabilera[2]% 26.61 (2016)
Datu gehigarriak
Sorrera1986ko otsailaren 15a
Lasarte eta Oriaren bateratzea
Webguneahttp://www.lasarte-oria.eus

Lasarte-Oria[3] Gipuzkoako ipar-ekialdeko udalerri bat da. 1986an sortu zen, Lasartek (Hernani eta Urnietako auzoa izana) eta Oriak (Andoain eta Urnietako auzoa izana) bat eginda.

1950-1980 bitartean biztanleriak hazkunde azkarra izan zuen, Michelin lantegira eta inguruko beste enpresetara lan egitera Espainiatik etorritako immigranteekin bereziki. 18.494 biztanle zituen 2016. urtean

Izenaren jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalerriaren izen ofiziala Lasarte-Oria da. Udalerriak bi hirigune historiko ditu: Lasarte (1986 arte, Urnieta eta Hernaniren esku) eta Oria (1986 arte, Urnieta eta Andoainen menpe). Biak batzearen ondorioz sortu zen oraingo udalerria 1986an.

Manuel Lekuonaren arabera, Lasarte izenaren etimologia lats arte da, hots, «ubideen arteko lekua» adierazten du. Euskal Herrian leku asko daude Lasarte izenekoak, hala nola Gasteizko herri txiki bat eta Bizkaiko Igorreko auzo bat.

Oria izena Oria ibaiaren izenetik dator, eta hirigune hau ibaiaren ondoan kokatzen da. Oriako herritarrei oriatar deritze, eta Lasartekoei lasartear.

Lasarte-Oria udalerriaren ikuspegi orokorra.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lasarte-Oria Donostialdeko udalerria da, Donostiatik 8 kilometrora, Oria ibaiaren eskuin ibarrean, altuera ertain-baxuko lur eremuetan. Lurraldearen herena urbanizatuta dago, ibar osoa harturik. Ekialdeko beste bi herenak larreek eta konifero basoek osatzen dute, itsas mailatik 330 metro baino gutxiagoko garaieran.

Errepide-sare trinkoa dago udalerrian. Madril-Irun bitarteko A-1 autobiak (lehengo N-1 errepidea) zeharkatzen du eta irteerak ditu Orian nahiz Lasarten, eta gertu du Errekaldeko errepide-korapilo nagusia. Donostiarako trenbidea dago, Euskotren bidez, handik Bilbo eta Hendaiarainoko loturekin. Autobusez linea erregular zuzenak ditu Usurbil, Hernani eta Astigarragara eta Tolosa-Donostia lineako ibilbidean dago, guztiak TSST konpainiarekin.

Bi gune, herri bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lasarte-Oria udalerria Lasarte eta Oria herriak batzetik sortu zen. Lehena Donostia, Usurbil, Hernani eta Urnieta arteko mugan zegoen, eta bigarrena Urnieta eta Hernani herriei zegokien. Bi guneak garapenez eta hazkundez ezberdinak izan ziren. XIX. eta XX. mendeetan jasan zuten garapena industriari lotuta egon da. Orian, Hilados eta Tejidos de Oria (1848) enpresak zeuden eta Lasarten Michelin (1934). Gaur egun, bi guneek hiri-eremu jarraitu bakarra osatzen dute.

Auzoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

INEren arabera, bost auzo ditu Lasarte-Oriak:

  • Lasarte: 12.626 biztanle
  • Oria: 1.027 biztanle
  • Atsobakar: 1.461 biztanle
  • Larrekoetxe: 773 biztanle
  • Sasoeta:
  • Oztaran: 1.969 biztanle
  • Guztira: 17.856 biztanle (INE 2010)

Mugakideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iparraldean, Donostia; hegoaldean, Andoain; ekialdean, Hernani eta Urnieta; eta mendebaldean, Usurbil eta berriro Donostia (Zubieta enklabea) mugakide ditu.

Azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Zahar-etxea[4]
  • Anbulatorioa[5]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lasarte-Oriako Kale Nagusia

Lasarte Erdi Aroan sortu zen Donejakue bideen elkarguneko hirixka moduan. Hirixka hori gaur egungo hiriaren erdigunea da. Batzen ziren bideak Irun, Astigarraga eta Hernanitik zetorren Frantziako bidea eta Urnietatik zetorren Nafarroako bidea ziren. Lasarten beste bide bat zegoen Andatza mendia igaro eta Azpeitira iristen zena. Hirixka hura San Pedro lehengo ermitaren inguruan biltzen zen, gaur egun, eliza denaren inguruan. Hirixka hartan Lasarte familiaren (geroago, Okendo deituraz ezagunak) dorretxea zegoen, eta baita hainbat etxea ere. Dorretxeak eman zion izena hirixkari XIX. mendea bitartean.

1180an, Antso Jakituna Nafarroako erregeak Donostia hiria fundatu zuen eta forua ere eman zion. Lasarte Donostiaren menpe geratu zen. Hurrengo mendeetan, eskualdeak herri berriak sortzen joan ziren eta Donostiatik bereizten. 1371n Usurbil sortu zen, eta 1380an Hernani. Lasarten ez zen horrelakorik gertatu eta Hernaniren menpeko auzo, Usurbil eta Donostiatik gertu zegoena, izaten jarraitu zuen.

1615ean, Urnieta sortu zen Hernani, Donostia eta Aiztondoko Alkatetza Goreneko lurren baturatik. Urnietaren lurrak Lasarteraino iristen ziren. Lasarte-Oria Hernani, Andoain, Donostia eta Usurbil artean geratu zen. Okendotarrek Lasarten zuten oinetxea, egun artean ere eraldaturik zutik dirauena. Antonio Okendo amirala bertara erretiratu zen 1663 ondoren bizitzako azken urteetan, baita bertan hil ere.

1736an, Hernanik Lasarteri auzo-alkatea, kartzela eta eskola jarri zizkion. XIX. mendean, Espainiako Independentziaren Gerrako britainiar zalditeria bertan kokatu zen, eta Karlistaldian herrian lapurretak izan ziren. 1860an, Lasartek 583 biztanle zituen. Horietatik 450 Hernanikoak ziren eta gainerakoak Urnietakoak. 1916an, ibaiaren mendebaldeko ibarrean, Zubietako lurretan, baina Lasartetik gertu, Donostiako Udal Hipodromoa eraiki zen. Espainian dauden lau hipodromoetatik bat da, eta han zaldi-lasterketak egiten dira udan. Hipodromoa Donostiako turismoari eta goi-mailako gizarteari lotuta egon da. Hala ere, denboraren poderioz, sozialki garrantzia galdu du, egun zaldi-lasterketek bertan jarraitzen duten arren.

Donostiako Udal Hipodromoa Donostiako udalerriaren barnean dago. Hala ere, Lasarte-Oriatik gertu egonda, hipodromoa lasartearren historia, kultura eta ondasunaren zati da. Donostiako Nazioarteko Krossa ere bertan egiten da. Horregatik, hainbatek, Lasarteko hipodromo bezala ere ezagutzen du.

1930ean, Lasarte inguruan (Hernani eta Usurbil bitartean) Michelin izeneko pneumatiko fabrika eraiki zuten. Enpresa hura eskualdeko industria garrantzitsuena bilakatu zen, eta lasartear askori eman zien lana. Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, Lasarte-Oriak izan zuen hazkundearen erantzulea da.

Erdiguneko ikuspegi panoramikoa, udaletxearen berritze lanen aurretik.
Sokatira, futbol zelaiaren inaugurazioan (1944)
Txirrindulari proba Lasarten barrena (1950)

Oria da udalerri honetako beste gune historikoa. Izena zuzenean ibaiaren izenetik dator. Oria Lasarteren hegoaldean zegoen, Oria ibaiko arroa bukatzen zen lekuan, eta goitik zetozen errekak batzen ziren lekuan. Landa-auzoa zen hasiera batean eta Aiztondoko Alkatetza Nagusiari zegokion. 1615ean, Urnietakoa izatera igaro zen. Bere garrantzia 1848an handitu zen Brunet ehun-enpresa eraiki zenean. XIX. mende bukaeran, enpresak garrantzi handia hartu zuen eta 400 langile izatera iritsi zen. Oria gune industrial bilakatu zen eta langile-etxe ugari eraiki ziren bertan. Soziologikoki langile eta komunisten gune bilakatu zen, eta Errusia Txikia izena eman zitzaion. Langile-etxeak XIX. mendean suntsitu egin ziren, egoera okerrean zeudelako. Langile-etxeak zeuden tokian babes ofizialeko etxeak eraiki ziren, baina aurretik zeuden langile-etxeen estiloari eutsi zioten.

1950, 1960 eta 1970eko hamarkadetan, Lasarte-Oriako biztanleria asko hazi zen, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpotik etorritako immigrazioaren ondorioz. Hainbat fabrika egotea (Michelin, Hilaturis, Tejidos del Oria, ATC, Bianchi...) eta Donostiatik hurbil egotea lagungarri izan zen horretan. 1970eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, krisi ekonomikoaren ondorioz, biztanleriaren hazkuntza eten egin zen. Testuinguru horretan sortu zen egungo egoera soziologikoa Lasarte-Orian.

Lasarte-Oriak hazkunde handia izan zuen, batez ere, XX. mendean, Hernaniko lurretatik atera eta Usurbil eta Donostiako lurretan barneratu baitzen. Lasarte batez ere Urnietako lurretara ere zabaldu zen. Beraz, bost udalerritako herri banatua bihurtu zen. Hernanitik atera eta Urnietan zehar zabaldu zen. Lasarte eta Oria guneak batu egin ziren.

Udalerria ez izatea arazo handia zen herritarrentzat, Hernanira edo Urnietara joan behar zutelako udal tramiteak egitera. Ondorioz, auzo-mugimendu bat sortu zen Hernanik eta Urnietak lurrak uztea zuena helburu, Lasarte-Oria sortzeko. Donostiak eta Usurbilek ez zuten lurrik utzi, baina Andoainek Oria hegoaldeko mendi ingurua utzi zion modu sinbolikoan. Udalerriaren sorrera herritar askok babestu zuten; ez, ordea, baserritarrek, landa-gunean bizita, harreman gehiago zutelako Hernani eta Urnietarekin udalerri berriarekin baino.

Nahiz eta egun jende ugarik udalerriari Lasarte deitzen dion, gogoan hartu behar da berezko izena Lasarte-Oria dela. Izen horrek historiako egoerari egiten dio erreferentzia, non bi gune bereizi baitzeuden: Oria eta Lasarte. Bi guneek, ados egonda, Lasarte-Oria eratu zuten.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lasarte-Oria hiri-udalerri da eta bertan zerbitzuek eta sektore industrialak pisu handia dute. 2017an honela banatzen ziren sektore ekonomikoak herrian: Lehen sektorea BEGaren %0,1. Bigarren sektorea %27,9. Hirugarren sektorea %61,1. Eraikuntza %10,9.[6]

Herriko industria garrantzitsuena Michelin pneumatiko fabrika da, Lasarte-Oria eta Usurbil artean dagoena. Orian, industria poligono bat dago eta bertan tamaina erdiko enpresa batzuk daude.

Euskal Industria Katalogoaren arabera, Lasarte-Orian honako enpresa hauek 50 langile baino gehiago dituzte:

  • Jesús María Aguirre (JEMA): potentziako ekipo elektronikoa. Irizar Taldearen menpekoa.[7]
  • Michelin España-Portugal: motozikleten pneumatikoak.[8]
  • Talleres Protegidos Gureak: paketatzea eta piezen muntaketa.[9]
  • Tudefrigo: hotzeko nazioarteko garraioa.[10]

Urbil merkataritza gunea ere garrantzitsua da. 2000. urtean inauguratu zuten, eta Usurbilgo lurretan dago. Hala ere, Lasarte-Oriatik hurbilago dago, eta herritar askok han egiten dute lan.

Ondasun nabarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Pedro elizaren irudia.
  • Brigiden Komentua (1675): komentua, kapera eta ipar-ekialdetik hego-mendebaldera zuzen doazen bi gorputz ditu osagai.
  • San Pedro eliza. XVI. mendekoa. Aurretik zegoen ermita baten gainean eraiki zen.[11]

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalerri txikia da azaleraz eta bere lur gehienak hiri-lurrak dira. Horrek Gipuzkoako biztanle dentsitate handienetakoa duen udalerri bihurtzen du.

2019an 18.825 biztanle zituen herriak, eta horietatik %24,35ek 65 urte edo gehiago zituen. Atzerrian jaiotakoak %10,54 ziren.[6]

Biztanleriaren bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lasarte-Oriako biztanleria
Datu-iturria: www.ine.es

Gaur egun, Lasarte-Oriako biztanleriaren %35 bakarrik Euskal Autonomia Erkidegotik kanpokoa bada ere, espainiar Estatuko beste eskualde batzuetatik joandakoak asko dira, bereziki 50 urtetik gorakoen artean, %50. Horiei atzerrian jaiotakoak gehitu behar zaizkie. Gazteen artean, ordea,kanpoan jaiotakoen kopurua txikia da, gehienek Lasarte-Oria edo eskualdea dute jaioleku. Lasarte-Oriatar gehienek arbasoak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo izatea esanguratsua da soziologikoki: langile eta industria tradizioak eragin handia izan zuen Lasarte-Oriako alderdi sozialistaren sorkuntzan eta horregatik, Lasarte-Oria sozialisten feudoa izan da beti, hau da, euskal nazionalismoak indar gutxiena duen udalerria dugu Gipuzkoan.

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Hauteskundeak Lasarte-Orian»

Udal hauteskundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ana Urtxuegia (PSE-EE) izan zen Lasarte-Oriako alkatesa udalerriko sorreratik aurrea 24 urtez jarraian, 1986tik 2010 arte. Urte hartan beste postu bat hartu zuen Eusko Jaurlaritzaren bidez.

Jesús María Zaballosek (PSE-EE) bere ordez jardun zuen alkate moduan 2010-11an. Ondoren, Pablo Barrio Ramírez (EH Bildu) izan zen alkatea, 2011tik 2015era.

2015eko udal hauteskundeen ondoren, Jesús Zaballos (PSE-EE) hautatu zuten Lasarte-Oriako alkate.[12]

2019ko udal hauteskundeetan hauek izan ziren emaitzak: PSE-EEk 3.881 boto. EH Bilduk 2.398 boto. EAJk 1.549 boto. Podemos-IU-Equok 966 boto. PPk 387 boto.[13] Jesus Zaballos izendatu zuten alkate.

2019ko abenduan Jesus Zaballos alkateak dimisioa eman zuen, arrazoi pertsonalengatik.[14][15][16] Agustin Valdivia izendatu zuten alkate.[17]

Lasarte-Oriako udalbatza

Alderdia

2015

2019

Zinegotziak Boto kopurua Zinegotziak Boto kopurua
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE(PSOE))
7 / 17
3.540 (% 38,11)
8 / 17
3.881 (% 42,27)
Euskal Herria Bildu
4 / 17
2.365 (% 25,46)
4 / 17
2.398 (% 26,12)
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
2 / 17
1.428 (% 15,37)
3 / 17
1.549 (% 16,87)
Ahal Du Lasarte-Oria Puede
3 / 17
1.480 (% 15,93)
2 / 17
966 (% 10,52)
Alderdi Popularra (PP)
1 / 17
477 (% 5,13)
0 / 17
387 (% 4,22)
Datuen iturria: Hauteskundeen emaitzak euskadi.eus webgunean
Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Alkateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek izan dira Lasarte-Oriako azken alkateak:

Alkatea Agintaldi hasiera Agintaldi amaiera Alderdia[18]
Ana Maria Urtxuegia Asensio 1986 a 1987 Euskadiko Alderdi Sozialista – Euskadiko Ezkerra
Ana Maria Urtxuegia Asensio 1987 1991 Euskadiko Alderdi Sozialista Euskadiko Ezkerra
Ana Maria Urtxuegia Asensio 1991 1995 Euskadiko Alderdi Sozialista Euskadiko Ezkerra
Ana Maria Urtxuegia Asensio 1995 1999 Euskadiko Alderdi Sozialista Euskadiko Ezkerra
Ana Maria Urtxuegia Asensio[19] 1999 2003 Euskadiko Alderdi Sozialista Euskadiko Ezkerra
Ana Maria Urtxuegia Asensio[19] 2003 2007 Euskadiko Alderdi Sozialista Euskadiko Ezkerra
Ana Maria Urtxuegia Asensio[19] 2007 2010 b Euskadiko Alderdi Sozialista Euskadiko Ezkerra
Jesus Maria Zaballos 2010 2011 Euskadiko Alderdi Sozialista Euskadiko Ezkerra
Pablo Barrio Ramirez[19] 2011 2015 Bildu
Jesus Maria Zaballos 2015 2019 Euskadiko Alderdi Sozialista Euskadiko Ezkerra
Jesus Maria Zaballos 2019 2019 c Euskadiko Alderdi Sozialista Euskadiko Ezkerra
Agustin Valdivia 2019 Jardunean Euskadiko Alderdi Sozialista Euskadiko Ezkerra

a 1986. urtean Lasarte-Oria udalerri bihurtu zen Lasarte (1986 arte, Urnieta eta Hernaniren esku) eta Oria (1986 arte, Urnieta eta Andoainen menpe) batzearen ondorioz.

b Alkateak ez zuen legegintzaldia bukatu.

c Alkateak ez zuen legegintzaldia bukatu.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Valentina Yereguiren[20] testigantza, gerraurreko eskolan euskaraz egitearen ingurukoa (Euskal Herriko Ahotsak)[21][22]

Lasarte-Oriako[23] euskara gipuzkeraren[24] aldaera bat da, erdiguneko gipuzkeran[25] kokatzen den Beterriko euskara,[26] hain zuzen. Koldo Zuazoren arabera, Beterri izan da euskalkiaren bihotza. Zehatzago esanda, Iruñea eta Gipuzkoako itsasbazterra lotzen duen ardatz zatia. Aspaldikoa da ardatz hori, eta haren aldamenetan sortu eta indartu ziren zenbait hirigune. Ardatz horren indarra inguruetara zabaldu zen, eta zabaldutako gaien artean dago hizkera ere. 2016an herritarren %45,37 euskalduna zen.[6]

Kultur azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Lasarte-Oriako kulturunea Manuel Lekuona Kultur Etxea da[27] eta udalerriaren jabetza da. 500 pertsona sar daitezkeen auditorio bat du, erakusketa-gela, liburutegi publikoa[28] eta 150 pertsonentzat konferentzia-gela bat. Halaber, taberna bat, dantzarako gunea eta beste hainbat dependentzia ditu. 1993an inauguratu zen, lehen zinea zegoen tokian. Kultur Etxean urtean zehar: antzerkiak, dantzak, zineak, kontzertuak, erakusketak eta konferentzia kongresuak antolatzen dira, besteak beste.
  • Antonio Mercero gunea. Erakusketa aretoa eta hitzaldi aretoa.[29]

Hezkuntza azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalaren hezkuntza azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikastetxeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Andre Joakina-Enea haur eskola[35]
  • Landaberri ikastola[36]
  • Garaikoetxea ikastetxea[37]
  • Landaberri BHI[38]
  • Larrekoetxe BHI[39]
  • Sasoeta ikastetxea[40]
  • Zumaburu ikastetxea[41]
  • Eraikin adimendunen garapen iraunkorrerako LHII[42]
  • Lasarte-Oria HHI[43]

Kirola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bolo jokoan, Lasarteko golf zelaian (1918).

Lasarte-Oriak kirol probetan tradizio handia du.

Herriko kiroletan zaharrena eta tradizio handiena duena zaldi-lasterketa da. 1916an, Donostiako Hipodromoa inauguratu zen, Lasarte-Oriako erdigunetik 100 metrora dagoena, Oria ibaiaren beste aldean, eta Donostiako Zubieta auzoko lurretan. Hala ere, gertutasunagatik eta Lasarte-Oriarekin izan duen harremanagatik Lasarteko Hipodromo ere deitzen zaio. Eraiki eta 90 urtera, zaldi-lasterketak egiten jarraitzen da udan zehar. Urteekin hipodromoak donostiarren bizitza sozialean indarra galdu duen eta jada ez dago XX. mendeko lehen zatiko goi-gizartearen agerraldirik, baina oraindik ere udako igande arratsetan hainbat pertsona biltzen dira zaldi-lasterketak ikusteko. Hipodromoa bertan dagoenez, Lasarte-Oriako inguruetan hainbat ukuilu daude.

Tradizio handiko beste kirol bat atletismoa eta zehazkiago krossa da. Hipodromoan duela hamarkada batzuetatik Donostiako Nazioarteko Krosa ospatzen da. Bertan irabazi dutenen artean Emil Zátopek eta Mariano Haro daude. Urriko azken igandean, beste kross bat dago udalerrian, Lasarte-Oria Bai Krossa eta izaera herrikoiagoa du.

1930eko automobilismo-zirkuitua gogoratzen duen irudia Oria aldeko frontoian.

1920 eta 1930eko hamarkadetan, Lasarte-Orian automobilismo lasterketak egin ziren. Lasarteko Zirkuitua Espainiako Sari Nagusiaren egoitza izan zen 10 aldiz. Gerra Zibila egon zen garaian lasterketak ez ziren egin. Lasarteko Zirkuituak errepidez hirigunea zeharkatzen zuen eta baita Andoain, Urnieta eta Hernani ere. Helmuga, tribuna nagusia eta boxak Lasarte eta Oria artean zeuden (garai hartan bi guneak bereizita zeuden). Zirkuituko zati batek gaur egun Zirkuitu Ibilbidea izena darama.

Lasarte-Orian tradizioan golfa ere erroak egina da. Hasiera batean (1910-1969), Real Golf Club de San Sebastián Lasarten kokatu zen, baina geroago, Hondarribiara eraman zuten. Lasarteko golf zelaia udalerriaren iparraldean zegoen, Usurbil eta Hernani (gaur egun Lasarte-Oria dena) artean, egun Atsobakar eta bere ondoko parkea dauden lekuan. Auzoko bi plazek (Golf Plaza eta Caddie Plaza) gertaera hau gogoratzen dute. Orduan oso kirol elitista zen arren, lasartear eta oriatar askok gazte garaian zelaiko caddie moduan ibili ziren. Horregatik, gaur egun herrian zaletasun handia dago golfaren inguruan. Gaur egun, udalerrian badago golf talde federatu bat, 'Caddies Club Lasarte-Oria. 100 bazkide ditu eta zelairik ez izan arren, Lasarte-Orian golfaren tradizioa mantendu egiten dute.

Kirol klubak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • A.D.Eguzki Areto Futbola:
  • A.D.Zubia Areto Futbola:
  • Club Deportivo Easo Bardokas: Arku-tiroa kluba.
  • Club Deportivo Senshu: karate eta kenpo kluba.
  • Caddies Club Lasarte-Oria: golf kluba.
  • Club Deportivo Lasarte-Oria/ Lasarte-Oria Kirol Elkartea: 1987an sortu zen, udalerria sortu eta gutxira. Atletismo, saskibaloi, txirrindularitza, futbol, gimnasia, judo, tenis eta mahaiko tenisean dabil.
  • Ostadar S.K.T.: Kirol anitz, futbolean Gipuzkoako Ohorezko Erregionalaean ari da.
  • Club de Fútbol Texas Lasartearra: futbol kluba.
Desagertutako klubak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Batasuna Kultur Kirol Taldea: Mendiari eta zikloturismoari lotutako kluba. 1977an sortu zen eta 2008an desegin. Mendiari eta Zikloturismoari lotutako jarduerak antolatzeko lana Ostadarrek hartu zituen.[44]

Kirol azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Maialen Chourraut Udal Kiroldegia[45]

Jaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskararen maratoiko topaketa bateko unea
  • Udalerriko festak San Petriren omenez egiten dira, ekainaren 29an. Udalerria danborrada batek zeharkatzen du.
  • Lasarte-Orian herrikoiak diren beste festa egun bat Santa Ana da, uztailaren 26an. "Santa Ana Parodia" egiten da, uztailaren 26ko arrats-gauean eta herri antzerki bat da. Bi "preso" epaitu egiten dituzte herrian gertatu diren gauza txar guztiengatik eta zigortu eta erre egiten dituzte.
  • Zabaleta auzoko festak maiatzaren azken asteburuan ospatzen dira.
  • Oria auzoko festak uztailaren 16an dira, Karmengo Amaren egunean.
  • Oriako inguruan, Basaundi bailaran (lehen Esperanza Auzoa zena), Loiolako San Inazio eguna ospatzeko ohitura izan da uztailaren 31an.
  • Euskararen maratoia ospatzen da Lasarte, 40 orduz euskarazko ekitaldiak aritzen dira, baina aurten, 2016, 40 ordu horiek gutxi zirenez 40 egungo proposamen bat egin dute.

Aisia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hipodromoa Donostiako Zubieta auzoan badago ere, Lasarte-Oriarentzat garrantzitsua da. Inguruko mendietatik ibilbideak egin daitezke bai txirrindaz bai zaldiz (hipodromoan zaldi-gurdi bat aloka daiteke).

Gastronomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lasarte-Orian Martin Berasategiren jatetxe ospetsua dago, gaur egun, Espainian Michelin Gidan hiru izar dituzten zazpi jatetxeetako bat.

Lasartear eta oriatar ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  3. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman Euskaltzaindia140araua izeneko erreferentziarako
  4. «Zahar-etxea - Udal-bulego eta Zentro Guztiak» Lasarte-oria (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  5. r01epd0122e4edf39923e0db0b11fff216b637726, r01eEF101135D3F04C4806230B827B80FC4755949557. (2018-10-24). «Lasarte-Oria» www.osakidetza.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  6. a b c «Web Eustat. Lasarte-Oriako datu estatistikoak» eu.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  7. [1]
  8. [2]
  9. [3]
  10. [4]
  11. «Lasarte-Oria | Donostialdea turismo» Donostialdea. Andoain, Astigarraga, hernani, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  12. «PSE-EEko Jesus Zaballos da alkate berria - Lasarte-oria» Txintxarri.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  13. www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  14. Susaeta, Igor. «Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkateak dimisioa eman du» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  15. «Jesus Zaballos alkateak dimisioa eman du, "arrazoi pertsonalengatik" - Lasarte-oria» Txintxarri.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  16. «Jesus Zaballos alkatearen dimisioaren laburpena - Lasarte-oria» Txintxarri.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  17. «Agustin Valdivia izendatu dute alkate - Lasarte-oria» Txintxarri.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  18. (Gaztelaniaz) «Base de datos de Alcaldes y Concejales:: Ministerio de Política Territorial y Función Pública ::» www.mptfp.gob.es (Noiz kontsultatua: 2021-05-13).
  19. a b c d Berria. «Somotoko tronutik akusatuen aulkira» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-12-24).
  20. «Yeregui Inza, Valentina - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-27).
  21. «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-27).
  22. «Eskolan ere euskaraz - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-27).
  23. «Lasarte-Oria - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-10).
  24. «Erdialdekoa - Gipuzkera - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-10).
  25. «Erdigunekoa (G) - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-10).
  26. «Beterrikoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-10).
  27. «Manuel Lekuona Kultur Etxea - Udal-bulego eta Zentro Guztiak» Lasarte-oria (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  28. «Liburutegia - Udal-bulego eta Zentro Guztiak» Lasarte-oria (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  29. «Antonio Mercero gunea - Udal-bulego eta Zentro Guztiak» Lasarte-oria (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  30. «Kzgunea - Udal-bulego eta Zentro Guztiak» Lasarte-oria (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  31. «Udal Euskaltegiak - Lasarte-Oriako Euskaltegia» www.udaleuskaltegiak.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  32. «Gazteleku» Lasarte-oria (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  33. «Musika eskola - Udal-bulego eta Zentro Guztiak» Lasarte-oria (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  34. «Dantza eskola - Udal-bulego eta Zentro Guztiak» Lasarte-oria (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  35. «Haurreskola Andre Joakina-Enea - Udal-bulego eta Zentro Guztiak» Lasarte-oria (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  36. «Landaberri ikastola - Udal-bulego eta Zentro Guztiak» Lasarte-oria (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  37. «Garaikoetxea ikastetxea - Udal-bulego eta Zentro Guztiak» Lasarte-oria (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  38. «I.E.S. Oriarte - Landaberri B.H.I. - Udal-bulego eta Zentro Guztiak» Lasarte-oria (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  39. «I.E.S. Oriarte - Larrekoetxe B.H.I. - Udal-bulego eta Zentro Guztiak» Lasarte-oria (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  40. «Sasoeta ikastetxea - Udal-bulego eta Zentro Guztiak» Lasarte-oria (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  41. «Zumaburu ikastetxea - Udal-bulego eta Zentro Guztiak» Lasarte-oria (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  42. «Eraikin adimendunen garapen iraunkorrerako LHII - Udal-bulego eta Zentro Guztiak» Lasarte-oria (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  43. «C.E.P.A. Lasarte-Oria H.H.I. - Udal-bulego eta Zentro Guztiak» Lasarte-oria (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).
  44. Noticias de Gipuzkoa
  45. «“Maialen Chourraut” udal polikiroldegia» Lasarte-oria (Noiz kontsultatua: 2020-04-23).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Gipuzkoa