Laurogei Urteko Gerra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Laurogei Urteko Gerra
Data15681648
LekuaHerbehereak
EmaitzaHerbehereen independentzia
Gudulariak
Herbehereak Espainiar Inperioa

Laurogei Urteko Gerra edo Herbehereetako Matxinada (1568-1648) Herbehereetako Hamazazpi Probintziek Espainiako habsburgotarren inperioaren aurka egindako matxinada izan zen.

Espainiako Filipe II.aren hegemonia politikoaren eta kulturalaren aurka hasi zen, hura baitzen hango erregea. Espainiarrek hasieran arrakasta izan arren, iparraldeko probintziek, erbesteratutako Gilen Isilaren zuzendaritzapean, erresistentzia mantendu zuten, eta, 1572an Brielle hartzean, altxamendua berpiztu zen. 1581ean Zazpi Probintzietako Errepublika ezartzea lortu zuten. Izan ere, gatazkako lehendabiziko fasean (1568-1609), helburua independentzia eskuratzea izan zen. Hamabi urteko meniaren ondoren, bigarren fasean (1621-1648), berriz, independentzia horren aitortza. Gisa horretan, iparraldeko probintziek independentzia de jure 1648an erdietsi zuten, Münsterko Bakearekin (Wesfaliako Bakearen parte zen). Hegoaldeko probintziek (egungo Belgika, Frantziako iparraldea eta Luxenburgo) espainiarren agindupean jarraitu zuten.

Gatazkak aurrera egin ahala, Herbehereetako probintzia independienteak Europako botere nagusienetakoa bilakatu ziren, haren hazkunde ekonomiko, zientifiko eta kulturalari esker.

Gerraren arrazoiak

1555eko urrian, Karlos V.a enperadoreak abdikatu zuen. Filipe II.a semeak hartu zuen Habsburgo familiaren menpeko Herbehereen gaineko subiranotasuna. Garai hartan, hamazazpi probintzia horiek ezer gutxi zuten amankomunean, subiranotasuna eta legeen sare bat izan ezik, aurreko Borgoina eta Habsburgo leinuen agintaldietan ezarririk. Lege sistema hartan, tokian tokiko udalek eta gobernuek botere handia zuten.

Filipek Savoiako dukea izendatu zuen gobernadore nagusi, probintzia horietako gobernu zentraleko buru. 1559an, Margarita Parmakoa, bere arrebaordea, erreginaorde izendatu zuen. Hori elkarlanean aritu zen bertako zenbait noblerekin (Gilen, Orange-ko printzea; Filipe Montmorency-koa, Hoorn-go kondea; eta Lamoral, Egmont-eko kondea). Filipek bere kontseilari batzuk sartu zien Estatuko Kontseiluan, denentan nabarmenena Antoine Perrenot de Granvelle, Frantzian jaiotako kardinal bat, Kontseiluan ospe handia lortu zuena, Herbehereetako kontseilarien kalterako.

Erlijioak nahigabe politikoa areagotu zuen. Karlos V.a aitaren jarrera irekia ments izanik, Filipek etsaitzat zituen mugimendu protestanteak (Martin Luther, Jean Calvin eta anabaptistak). Karlosek ezarri zuen heresiak heriotza zigorra zekarrela, eta 1.300 lagun baino gehiago hil zituen Herbereetako Inkisizio moduko batek 1523tik 1566ra bitarte. Hala ere, Karlosen agintaldiaren amaieran, arau horren betearazpena laxatu zen. Filipek, ordea, berriz zorrotz jokatzea nahi zuen, eta horrek nahigabea zabaldu zuen. Kontrarreforma bultzatzeko, Herbehereetako Eliza Katolikoa berrantolatzeari ekin zion 1559an, eta, horren ondorioz, 14 diozesi sortu ziren, aurreko 3ren ordez. Hierarkia berrian, Granvelle izanen zen burua. Granvelle, hortaz, admnistrazio egitura berrien kontrako oposizioaren jomuga bihurtu zen, eta nobleek, Orange buru, lortu zuten 1564an kargutik kentzea.

Ondoren, Orangek Margarita eta Kontseilua konbentzitu zituen erregeari eska ziezaiotela moderazioz jokatzeko heresiaren kontra. Filipek erantzuna atzeratu zuen, eta, tartean, politika erlijiosoaren kontrako oposizioa zabaldu zen. Erantzun zuenean, 1565eko urrian, Filipek uko egin zion moderazioz jokatzeari eta, arrapostu gisa, 400 noblek, protestanteek zein katolikoek, Inkisizioa kentzeko eskaera egin zuten. Eskaeraren sostengua ikusita, Margaritak eten zuen heresiaren kontrako politika, Filiperen azken erabakiaren zain.

Lehenengo etapak (1566-1572)

Herbehereetan liskar giroa zegoen matxinadagatik, prediku kalbinistagatik, 1565ko uzta txarraren ondoko goseteagatik eta gerraren ondoriozko estutasun ekonomikoengatik. 1566ko abuztuan, jendetza batek monasterio bat arpilatu zuen Steenvoorden (egun Frantziako iparraldea), Sebastian Matte predikalari buru zuela. Ondoren, antzeko istiluak izan ziren beste toki askotan, arte eta apaindura erlijiosoa suntsitzeko, kalbinistek sustatutako mugimendu ikonoklasta batean (Beeldenstorm). Oro har, tokian tokiko agintariek ez zuten esku hartu bandalismoa gelditzeko. Noblezia erdibitu zen, Orange eta beste noble handi batzuk mugimendu iskabilatsuaren kontra agertu baitziren, eta beste batzuk, batik bat Henrike Bredoredekoa, berriz, alde. Herbehereak berriz mendean izateko, Filipe erregeak armada bat igortzea beste irtenbiderik ez zuen ikusi, eta, hortaz, 1567ko abuztuan, Bruselara abiatu zen 10.000 laguneko tropa bat, Fernando Álvarez de Toledo, Albako dukea, buru zuela.

Albak auzitegi berezi bat ezarri zuen (Raad van Beroerten, Arazoen Kontseilua) erregearen kontra zegoen oro epaitzeko. Albak Filiperen ordezkaritzat zuen bere burua, eta Margaritaren Parmakoaren gainetik pasatzen zen. Gainera, erregeordeaz baliatu zen besteak beste Egmonteko eta Horneko kondeak harrapatzeko. Horrek ekarri zuen Margaritak karguari uko egitea. Egmont eta Horne, katolikoak eta erregearekiko leialak izan arren, traizioa leporatuta epaitu eta hiltzera zigortu zituzten, epelak izan zirelakoan protestantismoaren kontra. Bruselako plaza nagusian egindako exekuzio horiek sumina sortu zuten. Mila lagun baino gehiago exekutatu zituzten hurrengo hilabeteetan. Bakea ekarri beharrean, neurri zorrotz horiek atsekabea areagotu zuten.

Askok ihes egin zuten, tartean Holanda, Zeelanda eta Utrecht probintzietako buru (stadtholder) zen Gilen Orangekoak. Bere lurrak eta tituluak Espainiako erregearen esku gelditu ziren. 1568an bere armadak Herbeheretara eraman zituen. Espainiakoak apirilaren 23an gailendu zitzaizkion Roermonden, baina maiatzaren 23an, Heiligerleeko gudua, Laurogei Urteko Gerraren hasieratzat jotzen dena, matxinatuen garaipena izan zen. Hala ere, Gilen dirurik gabe geldituta, bere armada desegin zen eta bere aliatuena garaitu zuen Albako dukeak.


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Laurogei Urteko Gerra Aldatu lotura Wikidatan