Lavinia Fontana
Autorretratua |
||
| Datu pertsonalak | ||
|---|---|---|
| Jaio | 1552ko abuztuaren 24a | |
| Bolonia (Italia) | ||
| Hil | 1614ko abuztuaren 11 | |
| Erroma (Italia) | ||
Lavinia Fontana (1552ko abuztuaren 24a - 1614ko abuztuaren 11) Bolonian jaiotako margolari italiarra izan zen. Prospero Fontana margolariaren alaba zen, eta aita bera izan zuen maisu. Laviniaren lehen lan inportantea 1575ekoa da, eta egun galdutzat jo da. Hurrengo urtekoa da Kristo pasioko sinboloak aldean pintura erlijiosoa, berariaz landu zuen generoa. Ez zen, ordea, jorratu zuen gai bakarra: erretratu askoren egilea izan zen, baita biluzi anitzena ere. 1577an ezkondu zen eta hamaika seme-alabaren ama izan zen, koskortzera hiru baino iritsi ez baziren ere. Ezkondutakoan ez zion lanari utzi, beharrezko ogibide zuten eta. Boloniako goi-mailako familiak ziren bezero nagusiak, eta makina bat lan egin zituen sasoi honetan. Senarra zen etxeko gizon eta, aldi berean, Laviniaren laguntzaile. 1603an familiak Erromara jo zuen, Klemente VIII. aita santuak gonbidatuta. Arrakastatsu bilakatu zen Laviniaren lana, eta sortu zituen pintura zenbait Guido Reni margolariari egotzi zizkioten. Hasierako urteetan margolariaren estiloak aitaren eragin zuzen-zuzena izan bazuen ere, gerora Annibale Carracci artistarena ikusi du askok. Erroman hil zen 1614an. 100 lan inguru sortu ei zituen, baina erabateko egiletza 32ri aitortu diete. Sofonisba Anguissolaren garaikide izan zen, eta haren eragina ere jaso zuen.
Galeria [aldatu]
-
Kristo pasioko sinboloak aldean, 1576, Prado Museoa, Madril. Oihal gaineko olio-pintura.
-
Familia santua eta San Joan, c. 1600, Nat. Museum of Women in the Arts, Washington
-
Minerva arropa janzten, 1613, Borghese galeria, Erroma.
-
Ama Birjinaren jasokundea, 1583. Oihal gaineko olio-pintura.
-
Jesusen agerraldia Magdalenaren aurrean, 1581.Uffizi galeria, Florentzia.
-
Bianca Capello Medizi eta beronen seme Antonio, c. 1580-1614, Dallasko Arte Museoa, Dallas .
-
San Frantzisko Luisa Savoykoren semea bedeinkatzen, 1590, Boloniako Pinakoteka.