Lekuz kanpoko habiratze
-
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Lekuz kanpoko habiratzea edo haurdunaldi ektopikoa zigotoa umetokiaren barrunbearen endometriotik kanpo habiratzean datza. Baldintza normaletan, zigotoa endometrioan habiratzen da, muki-geruza hau enbrioiaren garapenerako prestatua baitago. Habiratzea egokia bada, haurdunaldi eutopikoa deritzo.
Haurdunaldi ektopikoa haurdunaldi guztien %1,5-2an gertatzen da. Kasu honetan, habiratze-lekua ez dago prestatua garatuko den enbrioia elikatzeko, ezta babesteko ere. Gehienetan, Falopioren tronpan habiratzen da zigotoa, baina badaude beste habiratze-leku batzuk ere:
- Falopioren tronpan:
- Anpuluan
- Istmoan
- Finbrietan
- Interstiziala (umetokiaren adarrean)
- Abdominala
- Obulutegian
- Cervix-ean
Eduki-taula |
[aldatu] Etiologia
Haurdunaldi ektopikoa ondorengo kausen ondorioz gerta liteke:
- Desoreka hormonala: Anormaltasuna obulazioan eta obulutegien funtzioan.
Hormonak hartzea ere, estrogenoak eta progesterona (pilula antisorgailuetan ere agertzen direnak), zigotoaren migrazioa umetokirantz moteltzen dute eta haurdunaldi ektopikoa gertatzeko arriskua handiagotzen dute.
- Salpingitis kronikoa: Falopioren tronpen hantura.
- Dibertikuluak tronpetan: Jaiotzetikoak izaten dira malformazio hauek eta zigotoaren mugimendua Falopioren tronpan zehar oztopatzen dute.
- Ebakuntza ginekologikoen ondorioz.
- Endometriosia: Endometrioa umetokiaren kanpoaldean (tronpetan, peritoneoan, obulutegian...) garatzen deneko gaixotasuna. Horrela, zigotoa kanpoaldeko endometrio horretan habiratu daiteke.
- Aurretiko faktoreak: Pelbisaren hanturazko gaixotasuna edo haurdunaldi ektopiko bat pairatu izana.
- Faktore enbrionarioak: Adibidez, Ezohiko morfologia espermatozoideetan.
[aldatu] Sintomak
Pazientearengan nabari daitezkeen sintomak:
- Metrorragia: Odol-isuriak kanpoko genitaletatik (gutxi eta iluna).
- Mina behe sabelean, ezker-eskuin alboetan, tronparen uzkurdurek eta pilatzen den odolak sortua.
- Goragalea
Odol-isuria gertatzen bada, sintomak areagotu daitezke:
- Lipotimia, zorabioak.
- Shock egoera, odol-hodien apurtzearen ondorioz.
- Presio gogorra ondestean eta mina areagotzea abdomenaren beheko aldean.
- Mina sorbaldan
Emakume batzuengan ez dira agertzen sintomak, eta horregatik diagnostikoa berandu egiten da.
[aldatu] Diagnostikoa
Haurdunaldi froga positiboa da. Medikuak azterketa pelbikoa egiterakoan, emakumeak sentikortasuna nabarituko du.
Egin daitezkeen frogak:
- Kuldozentesia: Baginaren atzean (Douglas zaku hondoa) ezohiko likidorik badagoen aztertzeko erabiltzen da.
- Hematokritoa: Globulu gorrien bolumena odolean neurtzen da. Odol-isuriak daudenean, txikia izaten da.
- GCHren azterketa kuantitatiboa odolean: GCHa haurdunaldian ekoizten den hormona bat da. Haurdunaldi ektopikoetan, hormona horren beta azpiunitatearen (ß-h CG) hazkuntzarik ez dago.
- Progesterona maila odoleko serumean: Progesterona obulutegietan ekoizten da bereziki. Oso garrantzitsua da, obulazioaren ondoren, umetokia prestatzen duelako zigotoaren habiratzea gertatzeko.
- Ekografia transbaginala edo hardunaldiaren ekografia: Haurdunaldiaren ekografian umetokia hutsik egongo da. Beraz, ekografia transbaginalarekin, emakumearen ugal-aparatua aztertu daiteke eta Douglasen zaku hondoan likidoa ikus daiteke eta masa anexial bat.
- Leukozito-mailaren azterketa: Haurdunaldi ektopikoan maila handia izango da.
Bestelako azterketa batzuk, diagnostikoa baieztatzeko:
- Dilatazioa eta legratua: Umetokiaren barruko endometrioaren urradura, ehun zatiak aztertzeko asmoz.
- Laparoskopia edo laparotomia
[aldatu] Tratamendua
Bi haurdunaldi ektopiko bereizten dira: konplikatua eta ez-konplikatua. Hauetan tratamendua ezberdina izango da.
[aldatu] Haurdunaldi ektopiko ez konplikatua
Haurdunaldi ektopiko ez konplikatuak ez dio Falopioren tronpari kalterik egiten eta metotrexato izeneko farmako batekin tratatzen da. Hau azido folikoarekin batera eman behar da, nahiko toxikoa da eta bigarren mailako efektuak sortzen ditu, hala nola: estomatitisa, gastritisa, toxikotasun hematologikoak, entzima hepatikoen kontzentrazioa handitzea...
Metotrexatoz tratatu ahal izateko zakuak 3,5 cm edo gutxiagoko tamaina izan behar du.
Beste tratamendu batzuk, kirurgia plastikoa (tronpa kontserbatzeko) edo laparoskopia izan daitezke.
[aldatu] Haurdunaldi ektopiko konplikatua
Haurdunaldi ektopiko konplikatua bada, kirurgia abdominala egin behar da amaren bizitza salbatzeko.
Hauetan Falopioren tronpa eta batzuetan, obulutegia erauzten dira. Kirurgia ostean, haurdunaldi ektopikoa izan duen emakumea haurdun gera daiteke berriro. Izan ere, tronpa eta obulutegi bana geratzen zaizkio, nahiz eta beste haurdunaldi ektopiko bat edukitzeko arriskua oso handia izan.
Haurdunaldi ektopikoetan oso gutxitan ematen da erditzea (soilik haurdunaldia abdominala denean ikusi egin da) eta normalean berezko abortua gertatzen da.