Vladimir Lenin

Wikipedia(e)tik
Lenin» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Vladimir Ilitx Lenin
Владимир Ильич Ленин
Vladimir Lenin

1917 – 1924
Ondorengoa Alexei Rikov

Jaiotza 1870eko apirilaren 22a
Simbirsk, Errusiar Inperioa
Heriotza 1924ko urtarrilaren 21a
Gorki Leninskiye, SESB
Alderdi Politikoa Alderdi Boltxebikea
Sinadura Vladimir Lenin-ren sinadura

Vladimir Ilitx Ulianov, Lenin (Simbirsk, 1870eko apirilaren 22aGorki Leninskiye, 1924ko urtarrilaren 21a) errusiar iraultzailea, boltxevike alderdiaren burua, Sobietar Batasunaren lehen idazkari nagusia, eta Leninismo ideologiaren sortzailea izan zen.

"Lenin" bere ezizen iraultzaileetako bat zen. Georgi Plekhanovekiko aurkakotasuna adierazteko sortu zuela uste da, Plekhanovek Volgin ezizena erabiltzen baitzuen, Volga ibaiagatik; Uljanovek luzeagoa den eta kontrako norantzan doan Lena ibaia hartu zuen. Dena den, teoria ugari dago bere izenaren sorrerari buruz eta berak ez zuen inoiz azaldu zergatik aukeratu zuen. Batzuetan Mendebaldean "Nikolai Lenin" modura ezaguna da, baina ez zuten inoiz horrela izendatu Errusian.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurreneko urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Simbirsk-en jaio zen, egun Uljanovsk deritzon hirian, Volga ibaiaren ertzetan, 1870eko apirilaren 22an. Guraso Ilia Nikolaevitx Uljanov eta Maria Aleksandrovna Uljanova izan zituen. Aita estatuko administrazioko langilea izan zen, hezkuntza saileko funtzionarioa. Familiaren jatorriari begiratuta, hainbat arrazatako jendeak osatua zen: errusiarrak, mordoviarrak, kalmukiarrak, juduak, alemaniarrak eta suediarrak. Sei neba-arreba izan ziren, eta familiak errusiar eliza ortodoxoari men egiten zion. Txikitan ikasi zuen irakurtzen eta musikarako abilezia ere erakutsi zuen: zortzi urterekin bazekien pianoa jotzen; dena den, eskolan hasi eta alde batera lagako zuen zaletasun hori. Vladimirren haurtzaroa anaia nagusiaren itzalak, Alexandrerenak, markatu zuen, arlo guztietan imitatzeko eredua bilakatu zitzaion eta. Ikasle ona izan zen, ikastea oso gustuko izan zuen Vladimirrek, eta batxilergoa amaitzean berau saritzeko urrezko domina irabazi zuen.

Aleksandr Uljanov[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vladimir Uljanov Lenin 1887 inguruan

Hamazazpi urte zituenean, 1886an, aita hil egin zen, eta urte bereko maiatzean anaia nagusia, Aleksandr, atxilotu zuten. Leporatu ziotena larria zen: Errusiako tsar Alexandro III.aren aurkako atentatu saioa. Narodnaya Volya (Herriaren gogoa) alderdiko militantea zen, borroka armatua aintzat hartu zuen taldea, monarkia deuseztatuko bazuten. Atentatu saioak porrot egin ostean, ehunka atxilo izan ziren eta hamabost lagun, Tsarraren aurkako hilketa saioa leporatuta, auziperatu zituzten, tartean Aleksandr. Aurreneko epaiketa saioan ez zuen ezer aitortu nahi izan, baina ikusita auziperatu askoren egoerak txarrerako egin zezakeela, bere gain hartu zuen erantzukizun osoa. Hona alegatua:

« Nire asmoa Errusiako zoritxarreko herritarren askapena lortzea zen. Adierazpen askatasuna ukatzen duen sistema honek, legearen barruan herriaren ongizate eta kulturaren alde lan egiten lagatzen ez duen estatu honek, ez digu beste aukerarik ematen, terrorea eta izua erabiltzea baino. Ezin diogu erregimen honi aurrez aurre inolako indarrik egin, ondo babestuta dago eta errepresiorako hamaika tresna baitauka. Hortaz, justiziaren alde zer edo zer egitekotan ezinbestean jo behar dugu terrorismora, berau baita estatuaren biolentziaren aurkako gure erantzuna, inoiz herriak askatasuna lortuko badu eskueran dugun bide bakarra. Ez naiz heriotzaren beldur, ez baitago ongizatearen alde hiltzea baino sari ederragorik.  »

Urkamendira eraman zuten. Piotr Belousov margolariaren lan batek, Bestelako bide bati ekingo diogu, Vladimir gaztearen eta amaren dolua azaltzen du. Lenin gaztea marxismoaren iturrietatik edaten hasia zen sasoi horretan, eta ikasleen protesta ekimenetan parte hartzen. Atxilotua izan zen eta Kazaneko unibertsitatetik egotzia. Bere kabuz jarraitu zuen ikasten, eta Karl Marxen Das Kapital (Kapitala) lana sakon aztertu zuen. 1889an familia Samarara aldatuko da, eta bertan Vladimirrek ildo marxistako eztabaida taldea sortu eta dinamizatu zuen; bitartean amak hamaika ahalegin egin zituen semea unibertsitatean berriro onar zezaten; ez zuen baina Kazanekoan berriro ekiterik; azkenean aukera eman zioten, dena den, San Petersburgoko unibertsitatean abokatu ikasketei eusteko eta amaitzeko (1891).[1]

Berriro bueltatu zen Samarara, abokatu jarduteko asmoarekin; hala ere, aurretik sortu zuen lagun talde marxistak arreta handia eskatzen zion eta berau izan zen Vladimirren benetako kezka.

Iraultzailea, bidaiak eta erbestea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lenin atxilotu zuteneko argazkia: 1895eko abendua.

1893an San Petersburgera abiatuko da Lenin, eta iritsi bezain laster bertako marxistekin egingo du bat. 1885ean atxilotu zuten eta lau hilabetez preso hartu; ondoren Siberiara bidali zuten, Shushenkoye herrira. Han Georgi Plekhanov ezagutu zuen.

1898ko uztailean Nadezhda Krupskaya ekintzaile sozialistarekin ezkondu zen Lenin, eta hurrengo urtean The Development of Capitalism in Russia (Kapitalismoaren bilakaera Errusian) lana eman zuen argitara.[2] 1900an, ezarri zioten erbeste-aldia amaituta, Errusian eta Europan zehar bidaiatzeari ekin zion: Zurich, Geneva, Munich, Praga, Viena, Manchester eta London hirietan izan zen. Sasoi horretan, Julius Martovekin batera, Iskra (Txinparta)egunkaria sortu zuen; gerora Martov oposizioan izango du. Artikulu nahikotxo idatzi zuen garai horretan eta izenpetzean ezizen ugari erabili zuen, Lenin edo N. Lenin delakoa ohiko bihurtu artean.

Leninek Errusiako Langileen Alderdi Sozialista Demokratikoaren barruan tinko egiten zuen lan (ELASD; errusieraz РСДРП). Boltxevikeen buru egin zen alderdiaren barruan, mentxevikeekin izandako liskar batzuen ondorioz. Boltxevike berbak Gehiengoa esan nahi du; mentxevikek, Gutxiengoa. Boltxebikeek alderdian jardungo zuten militanteen kopurua murriztu nahi zuten, alegia, alderdia iraultzaile profesionalek estu zuzentzea nahi zuten. Zatiketa egina zegoen, eta Leninen 1901eko Zer egin behar dugu? panfletoak, banaketari lagundu egiten zion.

1905eko azaroan Lenin erbestetik bueltan da, 1905eko Errusiar iraultza babesteko.[3] 1906an alderdiaren (ELASD) zuzendaritza batzorderako hautatu zuten. Sasoi horretan Finlandia eta Errusia zituen bizileku; Tsarren gobernuak saio iraultzailea bertan behera laga zuenean, Leninek Europarako bidea hartu zuen ostera ere, eta 1917ra arte bertan bizi izango da batik bat.

1909an Leninek Materialismoa eta Enpirio Kritizismoa lana eman zuen argitara marxismo-leninismo ideologiaren zutabe teorikoetako bat. Europan zehar zebilen Uljanov han-hemengo biltzarretan, ekitaldietan, dena delakoetan. Garai honetan Leninek harreman estua izan ei zuen Inessa Armandekin, askok maitasunezko erlaziotzat hartu dutena.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez)  Service, Robert, Lenin: A Biography, Londres: Pan, ISBN 0-330-49139-3 .
  2. (Ingelesez)  Lenin, V.I. (1896–1899) [1899ko martxoa], The Development of Capitalism in Russia: The Process of the Formation of a Home Market for Large-Scale Industry, http://www.marxists.org/archive/lenin/works/1899/devel/index.htm. Noiz kontsultatua: 2007-03-16 .
  3. Christopher Read (1905) Lenin: 81
  4. Neil Harding, Lenin’s Political Thought (1986), p250

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marx (ezkerrean) eta Lenin-en (eskuinean) irudiak Bilboko Otxarkoaga auzoan kokatutako monumentuan.
Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Vladimir Lenin

Lan hautatuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]