Leo Bassi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Leo Bassi
Leo Bassi

Leo Bassi (New York, AEB, 1952 - ) aktore eta komiko italiarra da, sei belaunalditan zirku-ikuskizunetan jardundako familia italiar ospetsu bateko kidea. Zazpi urterekin egin zuen debuta familiako zirko ikuskizunean. Hogeita lau urterekin, berriz, abiaraziko du bakarkako ibilbidea. Harrezkero, komiko, animatzaile eta kultur aztoratzaile bezala dihardu. Filmetako eta antzerkietako aktore eta zuzendari izan da, baita telebistako aurkezle ere. Bassik berak bufoi legez definitzen du bere burua. Darabilen estiloa zirikatzailea eta polemikoa da oso, batez ere, eskuindar ideologia eta erlijioak kritikatzen dituenean. Halaber, Eliza Katolikoa da Bassiren kritiken helbururik ohikoena.

Antzerki obrak

Bassiren antzezlanek adierazpen askatasunaren inguruko eztabaida eragin dute. Zenbaiten ustez, Bassik sarri gainditzen ditu adierazpen askatasunaren mugak; beste batzuentzat, aldiz, debekatu ezin zaion eskubidea predikatzen du. Antzezlan gehienak Europan eta Latinoamerikan antzeztu ditu, ez horrenbeste AEBetan eta Asian.

  • “La Revelación” (2005-07)
  • “El Bassibus” (2004-06)
  • “El 12 de Septiembre” (2001-2004)
  • “La Vendetta” (1998-2005)
  • “Golf” (2000)
  • “Brains” (1996)
  • “Cybercus: El Gran Circo Internet” (1996)
  • “Circus Whitman” (1995)
  • “Instintos Ocultos” (1993-2005)
  • “El Ejecutivo” (1993)
  • “Cristóbal Colón Inc. Export/Import” (1992)
  • “El Suicidio Eléctrico” (1990)
  • “La Última Locura de Nerón” (1989)

Irabazitako sariak

Hauek dira Leo Bassik jasotako sari eta aitorpen gailenak:

  • Bartzelonako, Canneseko eta Municheko kritika saria.
  • OBIE ( OFF-Broadway Theater Award) saria, New Yorken.
  • FAD saria, Bartzelonan.
  • Amendola jaialdiko saria, Italian.
  • Nas d’Or saria, Bartzelonan.
  • Tondela antzerki saria, Portugalen.
  • Puerto Mont antzerki saria, Txilen.
  • Cánovas antzerki saria, Malagan.
  • Moers Comedy jaialdiko saria, Alemanian.
  • Just For Laughs jaialdiko saria, Kanadan.
  • Moskuko Antzerki Olinpiadetan, Italiako ordezkari ofiziala.

Auziak eta eztabaidak

Estatu espainiarrean polemika ugarien protagonista izan dira Bassiren obrak:

  • 2006ko martxoan, Bassi Madrilgo Alfil Antzokian “La Revelación” obra egiten ari zela, lehergailu bat agertu zen. Antzezlana, sekten eta fundamentalismoaren kontrako kritika garratza zen.
  • Palma de Mallorcan ere arazo berdina izan zuen, obra berbera antzezten ari zela.
  • Santanderren “La Revelación-ek” gatazka handia eragin zuen Gotzaindegiaren eta Kantabriako Gobernuaren (PSOE- PRC) artean. Azkenean, obra antzeztu zen Medikuntzako Fakultatean, eta talde katoliko eta ultraeskuindarren erasoa pairatu zuen.
  • 2007ko azaroan Espaloia Kafe Antzokian, Elgetan, “Instintos Ocultos” antzezlana jokatu behar zuela-eta, Elgetako Udalak 200 eskeri inguru jaso zituen, emanaldia eragotz zezala eskatzeko.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Leo Bassi Aldatu lotura Wikidatan