Leon XIII.a

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Leon XII.a

Leon XII.a[1] (latinez Leo PP. XIII) jaiotzez Vincenzo Gioacchino Raffaele Luigi Pecci Prosperi Buzzi, (Carpineto Romano, Elizaren Estatuak, gaur egungo Italia, 1810eko martxoaren 2 - Erroma, 1903ko uztailaren 20a) Eliza Katolikoko Aita Santu izan zen 1878ko otsailaren 20tik bere heriotza egunera arte.

Haurtzaroa eta lehen ikasketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lazioko familia aristokratiko batean jaio zen. Ludovico Pecci eta Anna Prosperi Buzzi kondeen zazpi seme-alabetatik seigarrena zen.

Viterboko jesuiten ikastetxean ikasi zuen. Vatikanoko diplomazia akademian graduatu zen 1832an eta teologian doktoratu 1836an Collegio Romano ikastetxean. 1837an zuzenbidean doktoratu eta apaiztu zen. Horrez gainera, Aita Santuaren laguntzaile izan zen, hainbat kargutan.

Gotzaintza eta kardenaltza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1843an Damietako artzapezpiku izendatu zuten eta Bruselara bidali zuten Aita Santuaren nuntzio, 1846ra arte. Perugiako gotzain izendatu zuten, eta 1856an Pio IX.ak kardenal izendatu zuen.

Aita Santu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kardenal izendatu ondoren Italiaren batasuna burutu zen, eta, ondorioz Elizak bere estatua galdu zuen. Pecci kardenala nahiko moderatua zen gai horretan, eta horregatik Italia eta Eliza Katolikoaren artean bakea lortzeko pertsona aproposa zela uste izan zuten. Konklabe labur baten ondoren Aita Santu izendatu zuten, Leon XIII.a izenez, 1878ko otsailaren 20an.

Leon XIII.aren garaiko egintzarik garrantzitsuena Eliza arazo sozialetaz arduratzen hastea izan zen. Hasieran giro akademikoko aldaketak egitera mugatu zen arren, 1891n Rerum Novarum entziklika kaleratu zuen (Gauza berrien gainean). Aberats gutxi batzuek behartsuen gainean burutzen zuten zapalkuntza ekonomikoa salatzen zuen bertan. Langileen soldata duina eta sindikatuak sortzeko eskubidea aldarrikatzen zituen, nahiz eta, aldi berean, komunismoa, sozialismoa eta anarkismoa erabat gaitzetsi. Demokraziaren aurrean jarrera nahiko itxia defendatu zuen, gizakien arteko desberdintasunak berezkoak eta beharrezkoak zirela azpimarratuz. Jabetza eskubidea eskubide ukaezina zela esan zuen, eta sozialismoa ametsezkoa, gorrotozkoa eta Jainkoaren aurkakoa iruditzen zitzaion.

Europako hainbat gatazkatan eskuhartze erabakiorra izan zuen, besteak beste Alemaniako inperioan katolikoek jasatzen zuten diskriminazioari amaiera eman zion, Frantziako III. Errepublika onartu zuen eta Europako herrialde guztiak batzartu zituen bake konferentzia baterako (Errusiako tsarrak eta Herbehereetako erreginak eskatuta).

Europatik kanpo, aurrerapauso garrantzitsuak egin zituen. Ameriketako Estatu Batuetako eliza indartu zuen eta misio jarduera sendotu zuen, bereziki Afrikan. Ekumenismoan, lehen pausoak eman zituen anglikano eta ortodoxoengana gerturatuz.

Kuriositatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leon XIII.a izan zen historia osoan ahotsa grabatu zitzaion lehen Aita Santua. Interneteko helbide honetan entzun daiteke Leon XIII.a Agur Maria otoitza esaten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Leon XIII.a Aldatu lotura Wikidatan