Leonhard Euler
Leonhard Euler (Basilea, Suitza, 1707ko apirilaren 15a - San Petersburgo, Errusia, 1783 irailaren 18a) matematikari eta fisikari suitzarra zen. Historiako matematikari handienetakoa, Arkimedesekin, Newtonekin eta Gaussekin batera; eta, argitaratutako lan kopuruari begiratuz gero, emankorrena, dudarik gabe. Orduko matematika-arlo ia guztietan ekarpen garrantzitsuak egiteaz gain terminologia eta notazio matematiko modernoaren sortzaileetakoa izan zen. Orobat lan garrantzitsuak egin zituen fisikan, mekanikan, hidrodinamikan, optikan eta astronomian.
Luterotar Elizaren santu egutegian Eulerren eguna ospatzen dute maiatzaren 24an. Kristau fededuna zen, Bibliaren hutsezintasunean sinesten zuena, eta bere garaiko ateisten aurkako apologiak idatzi zituen.
Bizitza
Johann Bernoulliren dizipulu izan zen, baina azkar gainditu zuen bere maisuaren gaitasun matematikoa. Bere ibilbide profesionala Berlingo Zientzien Akademian eta San Petersburgon egin zuen. Bere bizitzako urte asko egin zituen Errusian. Frederiko II.a Handiaren babespean egon zen, eta eztabaida metafisiko biziak izan zituen haren gortean Voltaire-rekin.
Begi batetik ikusmena galdu zuen, eta beste begiko bista ere galduz joan zen pixkanaka. Horrek ordea ez zuen bere ibilbide matematikoa oztopatu eta ekarpen ugari egiten jarraitu zuen, baita 1766ean ikusmena erabat galdu ondoren ere. Heriotza arte jarraitu zuen bere matematika jardunarekin.
Ikus, gainera
Kanpo loturak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Leonhard Euler |
- Leonhard Euler, Zientzia.net
- (Ingelesez) The Euler Archive