Leonid Brezhnev

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Leonid Brezhnev
Леони́д Бре́жнев
Leonid Brezhnev

1964ko urriaren 14a  – 1982ko azaroaren 10a
Aurrekoa Nikita Khrustxev
Ondorengoa Juri Andropov

Jaiotza 1906ko abenduaren 19a
Kamenskoe, Jekaterinoslav, Errusiar Inperioa
Heriotza 1982ko azaroaren 10a  (75 urte)
Mosku, SESB
Alderdi Politikoa Alderdi Boltxebikea
Sinadura Leonid Brezhnev-ren sinadura

Leonid Ilitx Brezhnev (errusieraz: Леони́д Ильи́ч Бре́жнев, lʲɪɐˈnʲid ɪlʲˈjitɕ ˈbrʲeʐnʲɪf ahoskatua; ukraineraz: Леоні́д Іллі́ч Бре́жнєв; 1906ko abenduaren 19a - 1982ko azaroaren 10), Sobietar Batasuneko burua izan zen 1964tik 1982 arte. Lehenengo urteetan, beste batzuekin batera partekatu zuen boterea. Alderdiko Idazkari Orokorra urte bertsuen artean izan zen, nahiz bitan Sobiet Goreneko Burua (Estatuburua alegia), 1960tik 1964 arte, eta 1977tik 1982 arte.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estreinako urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Brezhnev Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistan 1931n sartu zen. 1935ean graduatu ostean, ingeniaria izan zen. Aldi berean, alderdiko maila txikiko postuetan aritzen zen, Joseph Stalinen agintaldian bere ibilbide politikoak gora egin arte. Bigarren Mundu Gerran, Armada Gorriko komisario politikoa izan zen. 1943rako, Ukrainako fronteko komisario politikoen buru bilakatu zen.

Gerra bukatutakoan, Ukrainako hainbat komitetako buruan aritu zen Brezhnev. 1950ean, Moldaviara bidali zuten Moldaviako Alderdi Komunistako lehenengo Idazkari Orokor, konkistatu berri lurralde horretako populazio errumaniarra sobiet sistemara egoki zezan. 1952an SBAKko Komite Zentraleko eta Politburoko kidea izendatu zuten.

Stalinen heriotzarekin batera, Komite Zentraleko nahiz Politburoko postuak galdu zituen, eta Defentsa Ministerioan kargu bat onartzeko beharra izan zuen. Nolanahi ere, 1954an Nikita Khrustxevek Kazakhistango Alderdi Komunistako Idazkariordea izendatu zuen. Hor, Khrustxeven kanpainak sutsu bultzatu zuen, eta berehala Idazkari Orokor bihurtu zen (1955). 1956rako Alderdiko Komite Zentraleko eta Politburoko karguak berreskuratu zituen. 1960an Sobiet Goreneko Presidumgo burua, hau da, Sobietar Batasuneko estatuburua, izendatu zuten. Kargu hori 1964ko uztailean utzi zuen, Khrustxeven Komite Zentraleko bigarren idazkaria bilakatzeko. Orduko Khrustxeven oinordekotzat jotzen zuten.

Hiru hilabete geroago, ordea, Khrustxev boteretik kendu zuen aliantzari lagundu zion, eta, ondorioz, Brezhnev Lehen Idazkari bilakatu zen 1964ko urriaren 15ean. Epe labur batean Aleksei Kosiginekin batera agintea partekatu bazuen ere, berehala Brezhnev atera zen buru bakarra.

Estatuko agintean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu buruan, Brezhnevek aginte-afer andana (komunista ez ziren estatuekiko hartu-emana edo barneko garapen ekonomikoa) Kosigin eta Nikolai Podgorniren esku utzi zituen. Brezhnevek kanpo eta militar aferak hartu zituen bere gain.

1967-68an, Txekoslovakiako Alexander Dubcek herrialdeko sistema komunista malgutzen saiatu zenean, Brezhnevek mendebaldean Brezhnev Doktrina deritzona garatu zuen, hots, Sobietar Batasunak beste herrialde bateko politikan sartzeko eskubidea dauka baldin eta herrialde horrek gainerako herrialde sozialisten interesak mehatxupean kokatzen baititu. Doktrina honen azpian Sobietar Batasunak zein Warsawko aliatuek burututako Txekoslovakiaren inbasioa justifikatzen zen.

1970eko hamarkadan, Mendebaldeko Alemaniarekiko erlazioa normaltzen saiatu zen, AEBekikoa beratu nahian. Aldi berean, Sobietar Batasunaren ahalmen militarra modernizatu eta zabaldu zuen. Bere agintaldian, arma nuklearren parekotasuna lortu zuen AEBekin, eta bere espazio-programak amerikarra gainditu zuen. SESBko itsas-armadak munduko handiena izaten jarraitu zuen. Deskolonizazio prozesuan, mugimendu ezkertiarrei laguntza militarra eskaini zien.

Baina programa handinahi horrek defentsa eta airespazio industriak ongi hornituta uzten bazuen ere, ekonomiako beste arlo batzuk diru laguntzarik gabe geratu ziren. Sobietar Batasuneko nekazaritza, kontsumo-ondasun industria edo osasun zerbitzuak behera joan ziren harmakada osoan, eta, ondorioz, murrizketak eta bizi-kalitatea ere etorri ziren behera.

1976an Sobietar Batasuneko mariskal bihurtu zen, Stalinen ondoren herrialdeko kargu militarrik handiena lortu duen estatuburu bakarra. Podgorni ere Presidiumgo burutik kendu zuen 1977ko maiatzean. Hurrengo hilean Brezhnevek hartu zuen postu hori, eta honela, Sobiet historian estatu eta alderdi burua aldi berean izan den pertsona bakarra bilakatu zen.

1979an, Jimmy Carter AEBetako presidentearekin arma estrategikoak murrizteko akordioa (SALT II) hitzartu zuen, baina AEBetako senatuak akordioa berresteari uko egin zion. Handik gutxira, 1979ko abenduan, gainera, Sobietar Batasunak Afganistan inbaditu zuen. Polonian, Elkartasuna (Solidarnosk) sindikatua bertan behera uzten lagundu zion Wojciech Jaruzelskiri. Sobietar Batasunean barnan disidentzia isilarazteko ahaleginek ere ez zuten zalantza izpirik erakutsi.

Brezhnevek boterean bukaera arte jarraitu zuen osasun arazoak gorabehera. Sobietar Batasunari egundoko botere militarra eman zion, baina zabar ibili zen gainerako ekonomia aferetan. Bizi-kalitateak ere behera egin zuen. Gainera, Alderdia ez eraberritzean, zaharkituta utzi zuen.

Argazkiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Leonid Brezhnev Aldatu lotura Wikidatan