Lever House

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Lever House
Lever House 390 Park Avenue.jpg
Udalerria New York, Ameriketako Estatu Batuak
Herrialdea  Ameriketako Estatu Batuak
Koordenatuak 40°45′35″N 73°58′21″W / 40.75972°N 73.97250°W / 40.75972; -73.97250Koordenatuak: 40°45′35″N 73°58′21″W / 40.75972°N 73.97250°W / 40.75972; -73.97250
Solairuak 21
Helbidea 390 Park Avenue
Lever House non dagoen adierazten duen New York-ko/-go/-eko mapa
Lever House
Arkitektoa Skidmore, Owings and Merrill
Lever House, bere fatxada berdexka bereizgarriari esker erraz ezagutzen dena.

Lever House New Yorkeko eraikin bat da, Gordon Bunshaft arkitektoak diseinaturikoa. Eraikina Park Avenue hiribideko 390. zenbakian kokatuta dago. Bere inguruan dauden eraikinekin konparatuta, etxe orratz nahiko txikia dela esan daiteke.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1951-1952an eraiki zen, Lever Brothers britainiar xaboi-konpainiaren Amerikako egoitza izateko.

Lever House Nazioarteko Estiloa deritzoneko eraikin eredugarri eta lehenbizikoetakoa da. Estilo horretako eraikinen ezaugarriak dira formaren sinplifikazio erradikala, apaindurei uko egitea, eta lehentasuna ematea beira, altzairu eta zementuari eraikuntza-material gisa. Horrez gain, eraikin horien oin-planoa karratua edo errektangularra da, eta fatxada guztiek 90 graduko angelua egiten dute elkarren artean. Beste hitz batzuekin esatearren: Lever House "beirazko kutxa" itxurako ereduari jarraitzen dioten eraikinen artean aitzindarietako bat da. Hain zuzen ere, mundu guztian harrezkero izugarri hedaturiko eraikin-estilo baten aitzindarietako bat.

Kolore urdin-berdexkako errezel-horma distiratsu batek osatua da eraikinaren fatxada. Eraikinaren 24 solairuak estaltzen ditu, eta beroa erresistitzen duen beiraz eta altzairu herdoilgaitzez egina da. Errezel-horma guztiz itxita dago; beraz, ez dauka ireki daitekeen inolako leihorik. Horrek esan nahi du askoz ere zikinkeria gutxiago sartzen dela eraikinean kanpotik. Bestalde, fatxadako beirak beroari dion erresistentziak lagundu egiten du aire girotuaren kostua baxu mantentzen.

New Yorkeko bigarren eraikin errezel-hormaduna da, Nazio Batuen Erakundeko egoitzaren eraikinaren ondoren.

Aipagarria da eraikin hau egitean uko egin zitzaiola azalera eraikigarri guztia erabiltzeari. Horrela, plaza publiko bat diseinatu zen: izan ere, orubearen zati bat plataforma batek osatua da, espaloitik doazen oinezkoen aterpe gisakoa, eraikinaren lehen solairuraino iristen dena eta eraikinari itsatsita dagoena. Plataforma horrek erdialdean irekigune bat dauka, lorategi txiki batera ematen duena, patio tankerakoa. Eraikinaren behe-solairuaren kanpoaldeko hormak ere beirazkoak dira, eta horrekin erdietsi nahi zen helburua zen plataformaren azpialdearen eta eraikinaren azpialdearen artean jarraitasun bisual bat egon zedin lortzea, eta eraikina airean "zintzilik" egotearen inpresioa ematea.

Bestalde, eraikinak leiho-garbiketarako gondola bat dauka teilatuan, burdinbide bati lotuta alde batera eta bestera mugitzen dena.

1982an arkitektura-ondare babestu gisa izendatu zuten Lever House. Ordurako, ordea, eraikinaren fatxada oso hondatuta zegoen, denboran zehar eguraldi zakarrak izandako eraginarengatik eta eraikuntzan erabilitako materialek zeuzkaten mugengatik.

1998an eraikina saldu egin zuten, eta erosleek fatxadako errezel-horma eraberritzeko programa bat iragarri zuten. Horrela, altzairuzko egituraren ordez puntako teknologiako aluminiozkoa paratu zuten, jatorrizkoaren itxura berbera duena. Herdoildutako elementu guztiak kendu eta altzairu herdoilgaitzezkoak ipini zituzten, jatorrizkoen berdinak zirenak. Beirazko plaka guztiak ere aldatu eta jatorrizkoen oso antzekoak jarri zituzten (izan ere, jatorrizkoak puskatu ahala, denboran zehar aldatuak izan ziren, eta fatxadan ia-ia ez zen jatorrizkorik gelditzen, eta bai, ordea, urteak igaro ahala banaka jarritako plaken nahaste-borraste bat, plaka haiek ez baitziren guztiak berdinak).

Eraberritzea bukatu zenetik, eraikinaren plaza eta lobbya arte-erakusketetarako erabiltzen dira (Lever House Art Collection).

Lever Houseren parean, baina Park Avenue hiribidearen beste espaloian, dago kokatuta estilo eta garrantzi bereko beste eraikin nabarmengarri bat: Seagram Building, urte gutxi batzuk geroago eraikitakoa.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Lever House Aldatu lotura Wikidatan