Lindsay Anderson
Lindsay Gordon Anderson Indian jaiotako antzerki- eta zinema-zuzendari ingelesa da (Bangalore, India, 1923ko apirilaren 23a - Angoulême, Frantzia, 1994ko abuztuaren 30a), telebistarako hainbat lanetan ere aritu zen arren. Ingalaterran 60 eta 70eko hamarkadetan nabarmendu zen Free Cinema delakoaren erakusgarri adierazgarrienetako bat da, eta If... filmarekin hartu zuen nazioarteko ospea 1968n Canneseko Zinemaldian Urrezko Palma irabazi zuenean.
Bere lanaren gaina If... filmaz hasitako trilogia polemikoaren eta edukiz mamitsuaren bidez jo zuen, Mick Travisen Trilogia ere deitu izan zaiona. 1973an plazaratu zuen O Lucky Man! lan bikaina, aurreko pelikulan bezala Malcolm McDowell gaztea protagonista zuela, eta Hellen Mirren ere tartean, besteak beste. Sorta honetako azken fruitua da 1982ko Britannia Hospital, Britainia Handiko osasun-sistema nabarmen uzten duen komedia beltza.
Eduki-taula |
[aldatu] Ibilbide profesionala
Gazterik Oxfordeko Unibertsitatean zela, Sequence zinema-aldizkariaren sortzailea izan zen, eta bertan Britainia Handiko filmen kritika-sorta luze bat utzi zuen. Antzerkian muturra sartzearekin batera, zinemagintzan ere hasi zen askotariko dokumentalak eginez (kazetaritza, gorrentzako eskola bat,...). 50eko hamarkadan berberak antolatutako ekoizpen independenteko bere, Karel Reiszen eta beste batzuen film laburren emanaldien sail baten ondoren, bere ustez britainiar zinema izan behar zenaren printzipioak plazaratu zituen eta, hartara, Free Cinemaren oinarriak finkatu. Laburbilduz, mugimendu horren arabera, perfekzioa ez da helburua, luzerak ez du axola eta 16 mm-ko kamera batez poesia egin daiteke.
Dokumentalarekiko atxikimendua agerian geratzen da bere zinemagintzaren fruituetan, langile-klasea ere barnean dela ingeles-gizartea pantailetan irudikatzeko grina nabaritzen zaio, errealismo sozialera lerratuta, 1963ko This Sporting Life bere filmean ikus daitekeenez. Film hori Oscarrerako izan zen izendatua eta Richard Harris izan zuen aktore-lanetan. Dena den, errealismo sozialaren aldeko Free Cinemaren jarrera kontraesanean dago Andersonek bere filmetan erakusten duen kontatzeko erarekin, surrealismoa nagusitzen baita denboraren poderioz.
1967rako, zuzendaria If...en prestaketa-lanetan murgilduta zegoen. Pelikula egiteko, Cheltenham College bere gaztetako ikastetxe pribatua baliatu zuen eszenak errodatzeko. Ikastetxe hori orduko boterearen manera zakarren eta hertsatzaileen eredutzat jo daiteke, baita Britainia Handiko gizartearen eta orduan Europa osoan gertatzen ari zen matxinada-giroaren islatzat ere. Errodatze-lanak egin ahal izateko gidoi faltsu bat eman zien eskolako buruei. Filma (zuri-beltzean eta koloretan) oso txalotua izan zen nazioartean (Canneseko Urrezko Palma, 1968).
1973n, berriz, O Lucky Man! plazaratu zuen, Voltaireren Candideren bertsio ingeles bat. Malcolm McDowellek protagonista-lana hartu zuen bere gain, eta If...eko Mick Travis karaktereari segida eman, bere lehengo ezaugarriak oso aldatuta bada ere. Britainia Handiaren beheraldia erakutsi zuen bertan, umore garratz eta gogor batez irudikatuz, baina nola kapitalismoa hala ezker-ideologia ez ziren batere onik atera filmetik. Alan Pricek estimatzeko moduko lana egin zuen bere musika-taldearekin batera pelikulako gertaerekin bat datozen abestiak kantatuz.
Andersonek 1982n eman zion amaiera Mick Travisen Triologiari, Britannia Hospitalekin. Aurreko filmetan baliatutako aktoreak erabili zituen, eta estatuko osasun-zerbitzua, sindikatuak, monarkia, zientzia eta Britainia Handiko gizarteko alderdi ugari gogor kritikatu zituen. Pelikulak hainbat aldetatik huts egin zuela esan daiteke (britainiar izaeran barrena egindako ibilaldi argigarria den arren), eta harrera oso txarra izan zuen: kritikak ez zion barkatu, ezta britainiar gizarteak ere, Falkland edo Malvinetako Gerran bete-betean sartuta eta nazionalismoa goren-gorenean zegoen unean. Lindsay Anderson, harrezkero, erabat baztertua izan zen Erresuma Batuan.
Bizitzako azken urteetan, eman zezakeen baino ekoizpen gutxiagotan jardun zuen. 1985ean, Wham! musika-taldeak Txinara egindako bisita filmatzeko gonbitea jaso zuen, baita onartu ere. Ondorioz, Txinari buruzko dokumental eder bat prestatu zuen, baina George Michaelek modernoa ez omen zela uste (Andersonek, berriz, Wham! nahi zuten beste agertzen ez zela) eta bere haserrerako erabat aldatua izan zen azken emaitza.
[aldatu] Filmografia
- This Sporting Life (1963)
- The White Bus (1967)
- If.... (1968)
- O Lucky Man! (1973)
- In Celebration (1975)
- Britannia Hospital (1982)
- The Whales of August (1987)
[aldatu] Erreferentziak
- BBC4 Radio: Lindsay Anderson
- Sentenced to a lifetime of stress. The Guardian (2008/09/19)
- Never Apologiseri buruzko elkarrizketa