Lisimako Traziakoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Lisimakoren irudia txanpon batean.

Lisimako Traziakoa, Alexandro Handiaren jeneraletako bat izan zen, eta honek sortutako inperioaren oinordekoetako bat, oinordeko hauei, diadoko deritzelarik. Traziako errege izan zen (bere garaian, Itsaso Beltzetik ekialdean, Mazedoniaraino mendebaldean hedatzen zen lurralde bat), 20 urtez. Gainontzeko diadokoak bezala, batzuekin eta besteekin aliatuz eta borrokatuz pasa zituen urteak. K. a. 301ean, Kasandro Mazedoniakoarekin eta Seleuko I.a Nikatorrekin aliatu zen Antigono Monoftalmosen aurka, hau, Ipsoko guduan garaitu zutelarik. K. a. 288an, Mazedonia inbaditu zuen, eta, Pirro Epirokoarekin aliatuz, Demetrio I.a Mazedoniakoa preso hartu zuen, ondoren, kanporatu egin zuena. Demetrio, orduan, Seleuko I.a Nikatorrekin babestu zen, jada Babilonia eta Siriako errege zena.

Antzinako general Ptolomeo I.a Soterrekin aliatu zen, garai horretan Egiptoko errege zena, eta bigarren aldiz ezkondu zen honen alaba batekin, Arsinoe II.arekin. Lisimakok, jada bazuen Agatokles izeneko seme bat. Arsinoe, Lisimakoren seme honen aurka azpijokoan aritu zen, tronuarekin geratzeko bere aita hil nahi zuela adieraziz. Lisimako erabat konbentzitu zuen bere emazteak esandako honek, eta, orduan, bere seme Agatokles hiltzea agindu zuen. Ekintza honek, batere mesederik egin ez zion altxamendu handi bat sorrarazi zuen. Gertakari hauen ondoren, Lisandra, Agatoklesen alarguna, Seleuko I.aren gortera joan zen, hau, Lisimakoren aurka borrokatzeko konbentzituz.

Pergamo hiriak (Misian, egungo Turkiaren iparmendebaldean), garrantzi handia hartu zuen, Lisimako jeneralak, akropolia, bere altxorrak gordetzeko gotorleku bihurtu zuenean. Esmirna hiria handitu eta gotortu ere egin zuen, egungo Turkiaren mendebaldean.

K. a. 281ean hil zen, Seleukok garaitua. Alexandrok, Lisimako eta odrisiar emakume baten semea, eta, beraz, Agatoklesen anaia zena, Agatoklesen alarguna zen Lisandra, honen senarraren gorpua berreskuratzeko konbentzitu zuen. Kardia eta Paktia hirien artean lurperatu zuen, Kersoneso Traziarrean.

Lisimako hil ondoren, Traziaren zati bat, Mazedoniako Erresumara pasa zen, eta, bestea, Asia Txikikoa, Seleuzidar Inperiora.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Lisimako Traziakoa Aldatu lotura Wikidatan