Lizar loredun

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lizar loredun
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaLamiales
FamiliaOleaceae
GeneroaFraxinus
Espeziea Fraxinus ornus
Banaketa mapa

Lizar loreduna (Fraxinus ornus) Oleaceae familiako eta Fraxinus generoko zuhaitza da. Euskal Herrian, modu naturalean, Arabako Badaia-Arrato mendilerroan baino ez da aurkitzen. Gure latitudeetako beste lizarrek ez bezala, lizar honen loreek ondo garatutako lau petalo handi dituzte, izen arrunta ematen diotenak.

Lizar loreduna EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan Bakanak kategorian sailkatuta dagoen espeziea da.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azala

Lizar loreduna tamaina ertaineko zuhaitza da, inoiz ez baita 10 metrotik gorakoa. Enborrak gehienez metro bateko diametroa du eta azal ilun argia, baita ale zaharretan ere. Bere ernamuinak oposatuak, marroi grisaxkak eta nahiko handiak dira.

Hostoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lizar loredunek hosto elkartuak dituzte eta bikoteka oposatuak. Hostoen kimuak kolore arrosa argikoak dira eta gris koloreko ilez estalita egoten dira. Heldutan hostoak pinatuak dira, 20-30 cm-koak eta 5-15 mm-ko pezioloak (txorten txikiak) dituzten 5-9 foliolo dauzkate, eliptiko lantzeolatuak eta goialdea glabroa baina azpialdea ileduna dutenak. Folioloak zabalak dira eta 5-10 x 2-4 cm-koak. Hauen ertza sakonki horzduna eta izurtua da. Udazkenean kolore aldakorra izan dezakete, horitik morera.

Loreak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gure latitudeetako bestelako lizarrek ez bezala, lizar honen loreek ondo garatutako lau petalo handi dituzte, linealak eta zurixkak edo pixka bat horixkak, 5-6 mm-koak. Hostoak ernatu ahala irekitzen dira, eta panikula handi eta tenteetan bilduta daude, 10-20 cm-koak. Lizarrak androdioikoak dira, hau da, hauen loreak arrak edo hermafroditak izan daitezke eta beraz, zuhaitz guztiak funtzionalki hermafroditak dira. Kalizak lau gingil txiki ditu, petaloak baino askoz motzagoak. Gainerako lizarrek bezala, bi lorezil ditu. Intsektuek polinizatzen dute.

Fruituak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fruituak

Fruitua ohiko samara luzanga lantzeolatua da. 1,5-1,5 cm-ko luzera du eta heltzean kolore berde-marroixka hartzen du. Fruituak adar berrien muturretan kokatzen dira, gainontzeko lizarretan ez bezala. 2 mm-ko hazi brakteatu tipikoak askatzen ditu, 4-5 mm-ko zabaleradun hegoak dituztenak, haizearen bidez barreiatzeko (anemokoria).

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Banaketa submediterraneoa duen zuhaitza da. Europako erdialdean eta hegoaldean eta Asiako hego-mendebaldean hedatzen da. Iberiar penintsulan, Mediterraneoko eskualdean zabaltzen da.

Sarritan ez da batere erraza izaten populazioa naturala edo basatia ote den bereiztea, toki askotan landare apaingarri gisa landatzen denez, batzuetan naturalizatu egiten baita. Arabako Badaia-Arrato mendilerroan bizi den populazioa, behintzat, nahiko argi dago espontaneoa dela. Gune horretako populazioa kareharrizko lurrean hazten da, artadi freskoetan. Mendebalderago, Oña sakanean (Burgos), antzeko leku batean ere ageri da, bai eta Arabako mendebaldeko muturreko guneren batean ere, baina herri batetik oso hurbil dago, eta ez dago argi bere kasa hazi ote den.

Ekologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Naturalki hostozabalen baso mistoetan hazten da, hegoalderantz ematen duten magal epeletan. Itsas mailatik 1.500 metroko altitudera dago, aire beroa deneko eskualdeetan. Prezipitazio ertaina behar du, 500-650 mm-koa. Bereziki klera eta dolomitaz eratutako substratuetan hazten da, baina andesita eta basaltoko lurretan ere aurki daiteke. Gure eskualdean, hala ere, arruntena silikatoen gainean hazten ikustea da. Sustrai-sistemak ondo drainatutako lurrak behar ditu.

Fenologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apirila eta maiatza bitartean loratzen da eta samarak udazkenean heltzen dira. Hala ere, hazia hurrengo urteko udaberrian hozitzen da (martxoa eta maiatza bitartean).

Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lizar loreduna ez da zurgintzan oso espezie garrantzitsua. Bere zurak ez ditu dimentsio handiegiak lortzen eta beste lizar espezieena baino arinagoa da. Tresnen kirtenak egiteko erabiltzen da, besteak beste.

Bere hostoekin abereentzako oheak egiten dira eskualde mediterranearrean. Gainera, mana iturri garrantzitsua da, enborrak askatzen duen isurkin lehorra, laxatibo modura erabiltzen dena eta bere ingelesezko izena ematen diona.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]