Lizarra ikastola

Wikipedia, Entziklopedia askea

Lizarra ikastola 1970etik nafar udalerri hartan abian dagoen ikastola da, Lizarrerriko eskualde osoko bakarra dena gaur egun. Ikastolen Elkarteko kidea da eta 700 ikasletik gora jasotzen du urtero. Los Llanos pasealekuan dago, herriko erdigunean.

Errepublikako ikastola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrekari moduan, 1932tik 1936ra zerbitzuan egon zen zentroa, Manuel de Irujo eta Errepublikako garaian eta Gerra Zibila piztu baino lehen. Fortunato Agirre alkate jeltzalearen sostengu nagusia eduki zuen eta Lizarrako Estatutuaren aurkezpenaren ostean abiatu zuten, 200 herritarrek baino gehiagok eskatuta. Petra Azpiroz leitzarra aritu zen irakasle, 40 ikasle baino gehiago bilduta, Foru plazan zegoen ikastolan.

Ekimen honi buruzko dokumentala egin zuten 2010ean Pello Etxanizek eta Rikardo Galeanok, "Se prohíbe la palabra. Errepublikako Lizarrako Ikastola" izenburuarekin.

Gaur egungoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaurko ikastola 1970eko irailaren 29an abiatu zen 25 bat ikaslerekin, Vianako Printzea Instituzioak, Euskaltzaindiak, San Fermin Ikastolak eta Lizarrako Udalak lagunduta, hastapenetako ikasle asko aurreko ikastolakoen ondorengoak zirela. Handituz joan da urteekin, hala azpiegiturei nola matrikulei dagokienez. Horretan lagungarri izan dira, besteak beste, herrian egindako Nafarroa Oinezeko hiru ekitaldiak: 1985ekoa, 1990ekoa eta 2004koa, hain zuzen ere.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]