Lluís Vicent Aracil

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lluís Vicent Aracil
Bizitza
JaiotzaValentzia, 1941 (82/83 urte)
HerrialdeaValentziar Herrialdea
Hezkuntza
HeziketaValentziako Unibertsitatea
Hizkuntzakkatalana
Jarduerak
Jardueraksoziolinguista
Lan nabarmenak

Lluís Vicent Aracil i Boned (Valentzia, 1941) valentziar soziolinguista da, zeinak, Rafael Ninyolesekin bat, Katalan Herrietako soziolinguistikaren oinarriak ezarri baitzituen 1970eko hamarkadan eta 1980ko hasieran.

Zuzenbidea ikasi zuen Valentziako Unibertsitatean, non Joan Fusteren inguruan ibili baitzen. 1962 urtean Bartzelonara joan zen lagun batzuekin eta ideologikoki Partit Socialista Valenciàri atxiki zitzaion. 1970 urtean, UNESCOk bultzatutako International Sociological Association-ISAren Research Committee on Language and Society-ko kide bilakatu zen. Batzorde horretako presidenteorde izan zen 1974-1978 artean, bai eta presidente ere, 1978-1982 artean. 1973 urtean sortu zuen Grup Català de Sociolingüística (geroztik Institut d'Estudis Catalansen txertatua) eta katalan soziolinguistikako saio bat sartu zuen ISAren Torontoko VIII. Biltzarrean (1974). Bartzelonako Unibertsitatean katalan filologiako departamenduaren irakasle izan zen 1976tik 1987 arte. 1989 urtean unibertsitatetik aldendu egin zen eta gaur egun soziologia mintegiak zuzentzen ditu.

Euskal Herriarekin harreman azkarra izan du, batez ere 1980ko hamarkadan, bereziki Iñaki Larrañagarekin eta Jose Maria Sanchez Carrionekin. Larrañagak Aracil 1976an ezagutu ondoren, "Iruñeko Agiria" zabaldu zuten hirurek elkarrekin 1983ko udan Espainiako hizkuntz politika salatzeko. Tolosako Udalaren Euskara Batzordeak antolaturik 1983ko abenduan Aracilek eta Larrañagak egin zituzten mintzaldiekin Euskara gizarte bizitzan (1984) liburua argitaratu zuten. Getxoko Hizkuntza Minorizatuen Soziologia biltzarrean parte hartu zuen 1984 urteko urrian "Minorización y extinción" inaugurazio hitzaldiarekin. Azkenik, 1987 urtean, Txepetxen doktore tesiaren kritika egin zuen Jakin aldizkarian: "Euskal Herria eta soziolinguistika". 1990eko hamarkadan Bat aldizkariaren ingurukoek (Kike Amonarriz, Joxe Jabier Iñigo, Xabier Falcón...) Aracilen artikuluen bilduma egitea erabaki zuten. Koldo Izagirre eta Bego Montoriok euskarara itzulita eta Jose Ramon Etxebarriak zuzenduta, 1998 urtean argitaratu zuen Udako Euskal Unibertsitateak: Lluís Aracilen idazlan hautatuak[1].

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • «A Valencian dilemma»/«Un dilema valencià», in Anthology of Valencian Realist Poetry, Thomas F. Glick eta Lluís V. Aracil (ed.). Identity Magazine, 24, Cambridge, Mass., 1966, or. 17-29.
  • Lo bilingüisme coma mite (Tolosa Okzitania, 1982)
  • Papers de sociolingüística (Barcelona, 1982; 1986, 2a, berrik. ta handi.)
  • Dir la realitat (Barcelona, 1983)
  • Euskara gizarte bizitzan (Tolosa, 1984) (Iñaki Larrañagarekin)
  • Lluís Aracilen idazlan hautatuak (Bilbo: Udako Euskal Unibertsitatea, 1998)
  • La mort humana (Barcelona, 1998)
  • Do latim às línguas nacionais (Santiago de Compostela, 2004)
  • «Joan Fuster-Lluís Vicent Aracil» (Correspondència. La generació valenciana dels seixanta, Joan FUSTER, ed. Juli Capilla. València: Edicions Tres i Quatre, 2013, bol. 14, or. 89-182)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Aracil, Lluís V. (1941-). (1998). Lluís Aracilen idazlan hautatuak. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 84-86967-93-7. PMC 863220652. (Noiz kontsultatua: 2020-08-30).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]