Loiolako Santutegia
- Artikulu hau Azpeitiko Loiola auzoan dagoen santutegiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus Loiola.
|
||||
|---|---|---|---|---|
Loiolako basilika. |
||||
| Herria | Loiola auzoa Azpeitia, Urola Erdia |
|||
| Koordenatuak | 43°10′27″N 02°16′57″W / 43.17417°N 2.2825°WKoordenatuak: 43°10′27″N 02°16′57″W / 43.17417°N 2.2825°W | |||
| Herrialdea | ||||
| Garaia | 1738 | |||
Loiolako Santutegia Azpeitian (Gipuzkoa) dagoen arkitektura barrokoko santutegi eta basilika da. XVII. mendean hasi zen eraikitzen San Ignazio Loiolakoaren omenez, haren jaiotetxearen inguruan. Hiru Tenpluen Ibilbideko elizetako bat da.
Carlo Fontana arkitekto erromatarrak bururatu zuen eraikina eta hainbat arkitekto gipuzkoarrek eraldatu eta eraiki zuten, Inazio Ibero horien artean.
Eduki-taula |
Historia [aldatu]
San Ignazio 1556. urtean Erroman hil zenean, haren jaiotetxearen entzutea piztu zen, 1567an barnealdean mezak egitea onartzeraino. 1609an santu egiteko prozesua amaitu zenean, benetako Santutegi bihurtu zen. Tokiaren garrantzia handitu egin zen San Ignazio Loiolakoa Gipuzkoako zaindari izendatu zutenean 1610 urtean.
1681. urtean Jesusen Lagundiak Carlo Fontanari eskatu zion arkitektura multzo berriaren proiektua: jatorrizko dorretxea, eliza eta jesulagunen egoitza batuko zituena. Garai hartan, Carlo Fontana Erromako arkitekto ospetsuena zen. Eskaera baino hiru urte lehenago, Koliseoan eraiki behako zen Eliza Garailearen proiektua bururatu zuen, Loiolako elizaren antzekoa. Nahiz eta Fontanak eraikin osoa bururatu, ez zen Gipuzkoan inoiz agertu. Horregatik eta burutze prozesu luzeagatik, proiektuak aldaketa batzuk izan zituen eraikuntza lanetan zehar. Carlo Fontanak Gianlorenzo Bernini arkitektoaren dizipulua izan zen eta Santa Maria dell'Asunzione elizaren proiektuan lan egin zuen Ariccian, Italian. Hau oinplano biribileko eliza kupuladuna da, alboko bi kanpai dorre txikiekin, Erromako eran.
Santutegiaren eraikuntza [aldatu]
1681: Jesusen Konpainiaren jeneralak, Pablo de Olivak, eliza eta Loiolako jesulagunen ikastegia egiteko proiektua eskatu zion Erromako arkitekto Carlo Fontanari.
1689: Lehen harria ezarri zen.
1693: Martin Zaldua hargin maisuak hasierako proiektua aldarazi eta bi harmailadi zabal erantsi zizkion.
1704: Lanak eten ziren.
1717: Eraikuntza-lanak hasi ziren berriz, Sebastian Lekuona arkitektoaren zuzendaritzapean.
1733: Lekuona hil ondoren, Inazio Ibero arkitektoak bere gain hartu zuen proiektua. Ordura arte, sona handiko hargin maisu, tailugile eta aparejadorea izan zen.
1738: Eliza uztailaren 31n zabaldu zen, baina barrualdea amaitzeke zegoen
1767: Ibero hil zenean, Xabier Inazio Etxeberria izan zen lan-maisua. Urte horretan, Espainiatik kanporatu egin zituzten Jesusen Konpainiako kideak.
1840: Desamortizazioan, jabetza Gipuzkoako Foru Aldundira igaro zen.
1888: Santutegiak gaur egun duen itxura hartu zuen.
Ezaugarriak [aldatu]
Santutegiaren oinplanoa laukizuzena da, eliza biribila alde luzearen erdialdean kokatua. Elizaren aurrealdean fatxada planotik irteten den arkupea eta harmailadia ditu. Laukizuzenaren beste aldean jangela, jangelaurrea eta sukaldea daude, fatxadako planotik kanpo ere bai.
Etxe Santua, hau da Loiolatarren dorretxea, eskuin hegalean dago, ia tenpluari itsatsia. Lau ataleko eskailera monumentalak, eskailera zabalekoa eta mailadi leunekoa, ataria eta goiko solairuak lotzen ditu, alde batetik gelak eta bestetik dorretxera emanez.
Basilikaren arkupea erdi puntuko hiru arkukoa da, zutabeak ordena elkartukoak eta zokalo handiaren gainean ezarria. Argi ikusten da Santa Maria Aricciako elizaren eragina, arkupe mota honen erabileran, hiru arkuz zulatutako horma bailitzan. Fatxadako frontoi zabalean Espainiako harmarria ageri da, Carrarako haitzurdinean landua. Kupularen danborra, zortzi leiho laukizuzenek zulatua, akroteradun piramide erraldoiez inguratua dago. Kupula, zortzi zerrenda lauekin zatitua, linterna handi batez itxita dago.
Erretaula nagusia [aldatu]
Erretaula nagusia, barroko estilokoa, 1739-1747 bitartean egina da Inazio Iberoren trazaerari jarraiki. Horma-konka batean landutako erretaula hau zizailuaz, gorputz bakarraz eta erremateaz osatzen da. Hiru kaletan banatzen da, erdikoa nabarmenagoa eta albokoak baino aurreratuxeagoa agertzen delarik. Erdiko kalea eta albokoak binaka elkartutako zutabe salomondarren bidez bereizten dira. Zutabe hauek kapitel konposatua dute eta xingola eta izarrez osatutako dekorazioa. Alboko kaleen kanpo aldean fuste lisoko zutabeak agertzen dira. Errematea oskol formakoa da, eta dekorazio ugarikoa. Erretaula guztia marmolezko marketeria eta inbutituez eta Ignazio Loiolakoaren bizitzari buruzko osagaiez estalita dago. Apaingarri horiez gain, altzariari aberastasun eta berezitasun paregabea ematen dioten beste zenbait edergarriz jantzia dago.
Erdiko kalean hiru gingileko bi horma-hilobi agertzen dira elkarren gainean jarriak. Beheko aldean santutegia dago eta goikoan santuaren irudia. Santutegiak tenplete itxura du, eta Genoako jaspe urdinez egindako zortzi zutabetxoz osatutako zokaloan bermatzen da. Balaustrez osatutako kupula bat du. Sainduaren taila santutegian kokatuta dago, hiru gingileko horma-konka batean. Horma-konka honek frontoiaren zati bat hartzen du. Barroko klasizistako eskultura bikaina dugu santuaren taila, zilarrean landua. Caracasko Gipuzkoar Konpainiaren oparia da, eta José Bauerrek egin zuen, Francisco Bergararen diseinuari jarraikiz.
Alboko kaleetan, San Ignazioren taila baino beheraxeago, San Josefen eta San Joakinen eskulturak daude, zur polikromatuan landuak. Errematearen zatian Carrarako marmol zurian landutako eskultura-lan fin bezain efektista bat ageri da, autore ezezagunekoa eta eredu italiarretan oinarritua. Goiko aldean Jesukristoren eta Aita Betierekoaren irudiak ikusten dira, eta San Ignazioren horma-konka ixten duen frontoi hautsiaren gainean, Zuhurtziaren eta Itxaropenaren irudi bana agertzen dira. Multzo osoa itxiz, IHS letrak eta Izpiritu Sainduaren usoa irudikatzen dira giltzarrian, eta aingeruen koruaren alboetara, San Migel eta San Gabrielen irudiak ikusten dira.
Erretaula guztiz ezohikoa da, bai bertan erabilitako material nobleengatik –marmolak, jaspea eta alabastroa–, bai diseinuarengatik –Iberoren erretaula aipagarriena dugu honakoa–, bai lanaren beraren maila bikainarengatik. Eskulturak ere nabarmentzeko modukoak dira, bereziki zilarrean landutako San Ignaziorena taila, Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarrak oparitua. Azkenik, altzaria estaltzen duten edergarri oparoak aipatu behar ditugu. Erretaula hau, bada, maila bikaineko artelan oso-osoa dugu, eta ale bakan eta berezia izan zen euskal erretaulagintzaren baitan.
Loiolako Etxeko otoiztegi ohiko erretaula [aldatu]
Erretaula txiki hau XVI. mende hasierakoa da. Bi atal ditu, eta lehenengo atalean hiru kale eta bigarrenean bakarra. Egitura sinplea du, erdiko kaleko Deikundearen taularako egina da-eta.
Harroin txiki bat dauka, metalezko bozeldu-itxurako adornuz apaindua. Alboetan, zutabe txiki fin batzuk ditu, soka bihurritu baten itxurakoak. Goiko aldean, arkuak ertzetik behera irteten du pixka bat, eta gotiko erako trazeria batez dago apaindua.
Lehenengo atala hiru zatitan edo kaletan banaturik dago, eta zutabe txiki fin batzuk daude kale horiek bata bestetik banatzeko; zutabe horietako fusteak erronbo-itxuraz daude apaindurik. Hortxe tartean dago Deikundearen taula, erretaula honetako protagonista. Taula apartekoa, eskola flamenkokoa eta Jean Prevostek egina itxura denez. Goiaingerua eta Ama Birjina ageri dira, atzealdea leuna da, eta pitxar eta lirio batzuk ditu, konposizioa zentratzeko. Alboko kaleetan, Santa Katalina Alexandriakoaren eta Santa Katalina Sienakoaren irudi gotiko itxurakoak, buru gainean aureola moduko txirla bana dutela, Pizkundean gustukoa zutenez. Goiko atalean Pietateko eskulturak, eta gainean, beste txirla bat, lehengoak baino handiagoa, erretaula osoaren apaingarri.
Polikromia gotikoa eta erretaularen garai berekoa da. Urre-kolore ederra eta pigmentuak kalitate onekoak; hainbat motatako pintaketa-lanak ditu baina urre- eta azal-koloreak dira nagusi. Pietateko eskultura-taldean dago polikromiarik bariatuena. Kolore goxoak eta hotzak ditu bata bestearen ondoan: tuniketan kolore goxoak eta hil-oihala eta Jesukristoren gorpuan hotzak.
Erretaula bera, eta Deikundearen taula batez ere -historia eta artearen aldetik duen interesarengatik, zein zeharra eta kalitate onekoa den kontuan, eta flamenkoa delako-, EAEko azken gotikoko altzari liturgikoen arteko adibiderik onenenetakoa da.
Ikus, gainera [aldatu]
Erreferentziak [aldatu]
-
Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
Kanpo loturak [aldatu]
- (Euskaraz) Loiolako Santutegia webgune ofiziala
- (Euskaraz) Loiolako Santutegia hiru.com webgunean
- Loiolako Etxeko otoiztegi ohiko erretaula: Kultura Ondasun izendapena EHAAn