Lope Agirre

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau esploratzaileari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Agirre».
Lope Agirre
Lope Agirre
Lope Agirre oñatiarraren irudia.
Datu pertsonalak
Izen osoa Lope Agirre
Ezizena Erromesa (berak bere buruari emana)
Askatasunaren Printzea
Jainkoaren Haserrea
Eroa (espainiarrek emana)
Tiranoa (espainiarrek emana)
Jaio 1511 edo 1515[1]
Araotz, Oñati, Gipuzkoa
(Euskal Herria)
Hil 1561eko urriaren 27a
Barquisimeto (Venezuela)

Lope Agirre (Araotz, Oñati, Gipuzkoa, 1510 - Barquisimeto, Venezuela, 1561) Hego Amerikako esploratzaile eta konkistatzaile euskaldun bat izan zen, Espainiako koroaren aurka altxa zena. Espainiako erregeari zuka eginez zuzendutako bere gutun batean Agirrek bere buruari Erromesa eta Askatasunaren Printzea eta ezizenez deitu zion; beste batzuek Jainkoaren Haserrea izendatu zuten; aitzitik, espainiar etsaiek Eroa edota Tiranoa deitu zuten.

Agirre nolabaiteko kulturadun kaparea litzateke, ziurrenik On Juan Carlos Guerrak iradokitzen duen bezala eskribauen seme. Agirre gaztea 21 urterekin Sevillan zegoen garai hartan, Ameriketara joateko asmoa zutenei Indietako Kontseiluak murrizketak ezarri eta 1503an sorturiko Kontratazio Etxeak fidantzak eta beste hainbat baldintza eskatzen zizkien[2].

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iturri gehienek diote Oñatiko Araotz auzoan (Gipuzkoa) jaio zela Lope, baina XVI. mendeko kronikagile Ibarguen-Cachopinek dio Aramaiokoa (Araba) zela sortzez.[3] Nolanahi ere, Gaztelako Koroaren mendeko lurretan jaio zen.

Francisco Pizarro Perutik itzuli zenean sekulako altxorren historiekin, Agirre Sevillan zegoen 21 urterekin. Urrearekin ametsetan, espedizio batean izena eman zuen, 1536 inguruan Perura helduz. Berehala izan zen ezaguna bere krudeltasuna, indarkeria eta azpilanengatik.

1544ean, Blasko Nuñez Vela erregeordea heldu zen Perura, indigenen esplotazioa erregulatzen zuten legeekin. Konkistatzaileek ez zituzten lege hauek atsegin, indigenekin nahi zutena egitera ohituta. Horregatik, Gonzalo Pizarro eta Frantzisko Carvajal erregeordearen aurka altxa ziren. Agirrek erregeordearen alde jokatu zuen, eta hau garaitua izatean, Nikaraguara ihes egin behar izan zuen, sarjentu nagusi tituluarekin.

1551ean Frantzisko Esquivel epaileak atxilotu eta jendaurrean zigorrarazi zuen, indiarren aurka egindako gehiegikeriengatik. Epailea, Agirreren mendekuaren beldur, ihes egin behar izan zuen, etxebizitzaz etengabe aldatuz. Esaten denaren arabera, Agirrek hiru urte eta erdiz jazarri zuen epailea oinez, 6.000 kilometro zeharkatu zituelarik. Azkenik, Kuzkoko epailearen etxean bere mendekua bete zuen.

1560ean, Agirre Pedro Urtsuaren espediziora gehitu zen, Amazonas ibaian zehar nabigatuz El Dorado aurkitu nahi zuena. Urtebete geroago, Pedro Urtsuaren eta haren ondorengo Fernando Guzmanen erailketan parte hartu zuen; gerora, Agirrek berak ordezkatuko zituen. 1561eko martxoaren 23an, Agirrek bere menpeko kapitain eta soldaduak bere burua Peru eta Txileko errege izendatzen zuen deklarazio bat sinatzera behartu zituen.

Urte berean Margarita uhartea hartu zuen (Venezuela), izuaren bidez kontrolatu zuena. Baina, Panama konkistatzeko saiakera egin zuenean, koroaren aurkako bere matxinada amaitu egin zen. Barkisimeton inguratuta, bere alaba Elvira eta bere jarraitzaileetako asko erailtzera heldu zen. Azkenean atxilotua eta exekutatua izan zen. Bere gorputza zatikatua eta Venezuelako hainbat hiritara eraman zuten.

Lope Agirreren izaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agirreren gutunek heziketa eta idazkera oneko gizon bat agertarazten dute[4]. Baina horietan azpikari, zakar, baldar, ezatsegin, handinahi, jenio biziko, asaldatu, zuhur, trebe, errebelde, ausartegi, eta era berean beldurgarri, arriskutsu, fanatiko, mendekari eta libertarioa zen gizon bat ere azaltzen zaigu. Askorentzat Agirre euskal nortasunaren muturreko bi aldeetako ezaugarrien jabea zen: hoberena eta txarrena egiteko gauza zen, bai balentria loriatsuenak nahiz irain zitalenak ere, betiere Ohoreari goreneko balio bat emanaz: irainik ez du inoiz ahaztu edo barkatzen, eta ez mendekatzeko ekintza bera berarentzat irain bat da; bere ohorea gordetzeko bere alaba hilko du.

Nabarmenki paranoikoa da, psikopatiaren mugan ibiliaz; bere etsaiak nahiz hainen gogotsuak ez diren bere jarraitzaile batzuk ere hiltzen ditu. Bere eskuz zuzenki edo bere aginduen bidezko 72 erailketa egotzi izan zaizkio: 64 espainiar, 3 apaiz, 4 emakume eta indiar bat, honek hildakoen maila soziala edo sexuak axolarik ez ziola adierazten du.

Jantzirik eta armatua lo egiten zuen, berari leial zaizkionez inguraturik, denekin mesfidatia da. Emakume zintzoei begirunea die, ez aldiz ez direnei.

Baina Inperio oso bati aurrez-aurre borrokatu zitzaion gizon bat ere bada. Hegoamerikan zehar ibilbide harrigarri bat burutu zuen. Bere erara, justizia eskatu zuen. Bere gutun errebeldea tirano harroputz baten mezua baino erregeaz nazkatutako subditu baten gutuna. Gainera, Agirrek beltz eta indiarrei berdintasun eskubideak eman zizkien (gogoratu XVI. mendea zela). Behin Agirrek hau aipatu zuen: "Hemen egia dioena erotzat jotzen da". Agirrek pentsatzen zuena esan eta bere hitzen ondorioen arabera jardun zuen. Hori izan zen Lope Agirre, Agirre erromesa, Agirre eroa, Agirre tiranoa, Jainkoaren haserrea, Askatasunaren Printzea.

Bitxikeriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Agirreren bizitza bi aldiz eraman dute zinemara: lehena Werner Herzogen Agirre edo Jainkoaren haserrea 1973an eta bigarrena El Dorado, Carlos Saurarena, 1988an.
  • Bi nobelek ere Agirre dute protagonista: Ramon J. Senderren Lope Agirreren abentura ekinokziala eta Arturo Uslar Pietriren El Doradorako bidea.
  • Agirreren historian oinarritutako bi komiki daude gutxienez, bata Alberto Breccia argentinarrarena eta bestea bere seme Enriquerena.
  • "Gillman" rock talde venezuelarrak Agirreri buruzko abesti bat du bere "Escalofrío" (1994) diskoan, "El tirano Agirre" izenekoa.
  • El Tirano hondartza, Margarita irlako ipar ekialdean, Agirreren egonaldia gogoratzen du.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Lope Agirre Aldatu lotura Wikidatan