Lope de Vega

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Félix Lope de Vega
Félix Lope de Vega
Félix Lope de Vega.
Datu pertsonalak
Izen osoa Félix Lope de Vega y Carpio
Jaio 1562ko azaroaren 25a
Madril (Espainia)
Hil 1635eko abuztuaren 27a
Madril (Espainia)
Sinadura Lope de Vega firma.png

Félix Lope de Vega y Carpio (Madril, 1562ko azaroaren 25a – Madril, 1635eko abuztuaren 27a) poeta eta antzerkigile espainiar nabarmena izan zen.

Espainiako Urrezko Mendeko egileen artean dugu, Fuenteovejuna eta El caballero de Olmedo izanda bere lanik ezagunenetarikoak.

Literaturaren historiaren egilerik oparoenetarikoa da. Izan ere, 3.000 soneto, 3 eleberri, 4 eleberri labur, 9 epopeia, 3 poema didaktiko eta ehundaka komedia (1.800 batzuen arabera) idatzi zituen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxe xume bateko semea zen. Madrilgo Kale Nagusian bizi izan zen, merkatari eta artisauen kalean, hain zuzen, aita brodatzailea baitzuen. Lope de Vegaren gazte garaiko datu gutxi ezagutzen badira ere, gauza jakina da Vicente Espinelen estudioan hasi zituela ikasketak, eta jesuiten eskolara joan zela, ondoren. Eskola hartan gramatika eta erretorika ikasi zituen, eta zenbait daturen arabera, matematika eta astronomia ikasi zituen Errege Estudioan. Garai hartan Avilako gotzain zen Jeronimo Manriquerentzat hasi zen lanean, eta hari eskaini zizkion bere lehenengo poemak. Zenbaitzuren arabera, Salamancan ere aritu zen ikasten. Hiri horretan zela, Santa Cruzeko markesaren espedizio batean joan zen Terceira uhartea konkistatzera. Espedizio hartatik itzuli zenean, Elena Osorio (Filis) ezagutu eta harremanetan jarri zen harekin. Baina beste senargai bat agertu zen Elena Osoriorentzat eta Lope de Vega utzi egin zuen. Lopek, erabat jeloskorturik, Elena Osorioren aitaren kontrako irain-idatziak zabaldu zituen Madrilen, eta hark Lope de Vegaren kontrako prozesua hasi zuen, harik eta Lope de Vega erbesteratzea lortu zuen arte. Hala eta guztiz ere, Lope de Vega Madrila itzuli zen Isabel de Urbinarekin (Belisa) maiteminduta baitzegoen. Isabelen familiak, eskandalua sortu ez zedin, ezkontzeko baimena eman zien. Ezkondu eta bi astera, ordea, Lope de Vegak emaztea utzi eta Armada Garaitezinean sartu zen; amodiozko lan ederrak idatzi zizkion garai hartan Isabeli. Bidaia hartan idatzi zuen, ziur asko, La hermosura de Angelica (Angelicaren edertasuna) zaldun poema. Espedizio hartatik itzuli zenean, Valentzian hartu zuen bizilekua bere emaztearekin eta ospe handia izan zuen garai hartan antzerkigile gisa.

1590ean Toledora joan zen Albako dukearen idazkari gisa lan egitera. Garai hartan idatzi zituen La Arcadia (Artadia) eleberria eta El domine Lucas (Lucas maisua) antzerki lana ; azken horretan, Salamancako ikasle giroa erakusten du. 1594an Lope deVegaren bigarren alaba jaio zen, baina emaztea hil egin zitzaion erditze hartan. Handik urtebetera Lope de Vega Madrila itzuli zen herriz ere, Velazquez familiak eskatuta baitzuen Lope de Vegaren barkamena. Handik gutxira, ordea, Lope de Vega auzitan zen berriz ere Antonia Trillorekin izan zuen harremanaren ondorioz. 1598an Juana de Guardorekin ezkondu zen, irabaziak lortzeko asmoarekin antza denez. Filipe II.ak antzokiak ixteko agindua eman zuenean, Lope de Vegak Sarriako markesaren idazkari lanetan hasi behar izan zuen. Garai hartan, Lope de Vegaren bizitzako emakume garrantzitsuenetako bat agertu zen, Micaela Lujan (Camila Lucinda) hain zuzen. Micaela antzezlea zen, eta Diego Diaz komikoarekin ezkonduta zegoen, bi seme-alaba zituzten . Lope de Vega eta Micaela Toledon eta Sevillan bizi izan ziren eta bost seme-alaba izan zituzten. Baina 1608. urte inguruan hautsi egin zen haien arteko harremana. 1613an Madrila joan zen berriz ere bizitzera, eta denboraldi batez bizitza lasaia eraman zuen liburuak idazten eta baratza zaintzen.

1610etik aurrera Lope de Vegak Madrilen edukitako etxea. Egun, Lope de Vega museo-etxea da.

1605. urtetik aurrera oso harreman estua izan zuen Sessako dukearekin; haren terzero izan zen eta eskutitz bidezko harreman berezia izan zuten. 1613. urtea urte latza izan zen Lope de Vegarentzat, seme bat, Carlos Felix, eta emaztea, Juana de Guardo, hil zitzaizkion-eta; Lope de Vega krisi izpiritual larrian sartu zen, eta 1614an apaiz sartzea erabaki zuen. 1616. urtean, ordea, Lope de Vegaren bizitzan izan zen pasiorik handiena azaldu zen: Marta de Nevares Santoy, hamazazpi urteko emakume ezkondua. Marta de Nevaresi senarra hil zitzaionean Lope de Vegarekin joan zen bizitzera eta bi semealaba izan zituzten. Baina hainbat zoritxar geratu zitzaizkion Lope de Vegari: Marta itxutu egiten da eta 1628an burua galtzen du erabat; bere seme Lope Felix ito egiten da Moluka uharteetan; bere alaba Antonia Clara bahitu egiten du konde-dukearen babespeko batek.

Lope de Vega 1635ean hil zen zoritxarretan erabat akiturik.

Obra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lirika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lope de Vegaren lirikan idazlearen izaera literatura lanaren barruan sartzen da betebetean eta etengabe elkartzen dira bizitza eta literatura. Horren ondorioz, erromantikotzat hartu da zenbaitetan Lope de Vegaren lirika, ezin baitira bereizi zer den objektiboa eta zer subjektiboa. Lope de Vegaren lan lirikoaren barruan garrantzi handieneko multzoa erromantzeek osatzen dute; erromantze horiek morisko eta artzain jeneroen bidez mozorrotu zituen Lope de Vegak. Arrakasta handia izan zuten eta Romancero general (1600, Erromantze bilduma orokorra) lanean bildu zituen. Erromantzeen barruan, aipagarriak dira La Dorotea (Dorotea) laneko erromantze erlijiosoak. Era horretako erromantzeak Romancero espiritual (Erromantze bilduma izpirituala) eta Rimas sacras (Errima sakratuak) lanetan ikus daitezke, esate baterako.

Lope de Vegak, erromantzeaz gainera, oso gustukoa zuen soneto egitura. Idatzi zituen lehenengo sonetoak, berrehunen bat, Rimas (1602, Errimak) lanaren barruan bildu zituen; horietako asko komedietarako idatziak dira. Micaela Lujani eskaini zizkion sonetoetan, petrarkismoaren eragina nabarmena da. 1614an Rimas sacras (Errima sakratuak) lana argitaratu zuen, ehun sonetoz osatua. Poema horietako askotan hustutzen ditu Lope de Vegak bere barruko oinaze guztiak doinu jantzi eta jasoarekin.

La Circe (1624, Circe) eta Rimas divinas y humanas del licenciado Tome de Burguillos (Tome de Burguillos lizentziadunaren jainkozko errimak eta errima gizatiarrak) bilduman ere aurki daitezke Lope de Vegaren sonetoak.

Lope de Vegaren obra lirikoaren parte handi bat abesteko letrak dira, erromantzeak gehienetan, baina baita gabon kantak, seguidillak, eta beste hainbat herri abesti ere. Azken poema horietan, hala ere, oso zaila da bereiztea zein parte dagokion poetaren sorkuntzari eta zein tradizioari.

Garrantzi handia dute, bestalde, Lope de Vegaren lirikan bertso hendekasilaboetan osatu zituen epistolak, gai autobiografikokoak gehienetan. Horietako batzuk El jardin de Lope de Vega (1621-1624, Lope de Vegaren lorategia) lanean argitaratu zituen; balio handiko epistola da, orobat, Egloga a Claudio (Egloga Claudiori) deitua, La Vega del Parnaso lanaren barruan jasoa. Eglogen artean aipagarria da Filis (1635) egloga, bere alaba Antonia Clararen bahiketaz. Saioak egin zituen, bestalde, poema narratiboekin, eta horien artean kontuan hartzeko modukoak dira La Dragontea (1598, Dragontea), zortziko errealean; El Isidro (1599, Isidro), bosteko txikian idatzia eta poema erlijioso onenentzat hartzen dena; La hermosura de Angelica (1602, Angelicaren edertasuna), hogei zortziko errealez osatua; eta La Jerusalen conquistada (1609, Jerusalen konkistatua), hau ere hogei abestiz osatua. Gai mitologikoa duten poemak ere idatzi zituen Lope de Vegak, besteak beste, La Filomena (Filomena) eta La Andromeda (Andromeda), 1621 aurretik idatziak, eta Circe eta La rosa blanca (Arrosa zuria).

Prosa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lope de Vegaren lehenengo prosa lana La Arcadia (1598) izan zen. Lan horretan Albako dukearen (Anfriso) maitasun gorabeherak kontatzen ditu. Dena dela, izadiaren deskripzioak dira lan horren balio literario nagusiak. El Peregino en su patria (1604, Erromes bere herrian) abentura eleberri korapilatsua da, Greziako eleberrietan oinarritzen dena. Lan horretan lau auto sakramental, eta amaieran, komedia zerrenda bat erantsi zituen gaiarekin zerikusirikez zutenak. Carlos Felixi eskaini zion Los pastores de Belen (Belengo artzainak). Aipagarria da, bestalde, Novelas a Maria Leonarda (Eleberriak Maria Leonardari) izenburupean bildu zituen lau eleberri hauek: Las fortunas de Diana (Dianaren zorionak), La desdicha por la honra (Zoritxarra ohorearen ordez), La prudente venganza (Mendeku zuhurra) eta Guzman el Bueno (Guzman Zintzoa). Hala eta guztiz ere, Lope de Vegaren narrazio lan nagusia La Dorotea (Dorotea) da. Lan hori bost ekitalditan banatuta dago, eta zenbaitzuren iritziz, Fernando de Rojasi egindako omenaldia da oinarrian.

Antzerkia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

El testimonio vengado komediaren azala.

Lope de Vegak Arte nuevo de hacer comedias en este tiempo (1609, Garai honetan komediak egiteko antze berria) lanean azaldu zituen antzerkigintzari buruz zituen teoriak. Berpizkundeak Aristotelesen Arte poetikoa eta Horacioren Epistola Pisondarrei lanetatik ondorioztatzen ziren teoriak berpiztu zituen eta horiek finkatzea zen higikunde haren helburua. Bi antzerki sistema elkarren desberdinen arteko kontrastea nabarmendu zen XVI. mendean: Erdi Aroko eliz antzerkitik eratorria batetik, eta bestetik, humanista, Plautoren eta Terentzioren komediaren eta Senekaren trajediaren araberakoa. Europan, oro har, bi sistema horien arteko borroka izan zen, Espainian, aldiz, lehenengo sistema nagusitu zen, nahiz eta bigarren sistemaren hainbat ezaugarri bereganatu zituen. Baina sistema guztien gainetik, Lope de Vegarena izan zen nagusi. Antzerki klasikoak hiru unitate, ekintza, denbora eta lekua hain zuzen, mantentzea eskatzen zuen; Lope de Vegaren teoriaren arabera, ordea, antzerkiak sinesgarri izan behar zuen, eta hori hala izan zedin, ekintzaren unitateari eutsi eta beste biak baztertu behar ziren. Trajediaren eta komediaren arteko bereizkuntza zorrotza ere ez zen ezinbestekoa Lope de Vegarentzat.

Beste alde batetik, barregarriaren pertsonaia asmatu zuen. Ahapaldiak antzerki egoeraren arabera erabiltzen zituen eta Espainiako historiatik eta tradizioetatik hartzen zituen bere antzerkietarako gaiak. Lope de Vegaren antzerkia, garai hartako gainerakoena bezalaxe, bi gai nagusiren inguruan antolatzen zen: maitasuna eta ohorea. Antzerki herritarra egin zuela esaten da, baina nahiz eta herritarra izan, ez zen nahitaez herriarentzat egina, aldiz, bi motako ikusleentzat egina zen: ikusle jantzi eta finarentzat batetik, eta ikasi gabearentzat, bestetik.

Lope de Vegak 800 antzerki lanetik gora idatzi zituen, genero txikiak kontuan hartu gahe. Lan horiek, gaiaren eta iturri literarioaren arabera sailkatzen dira. Gai erlijiosoa duten lanen artean aipagarriak dira: La accion del mundo y primera culpa del hombre (Munduaren ekintza eta gizonaren lehenengo errua), El robo de Dina (Dinaren lapurreta), Los trabajos de Jacob (Jacoben lanak), Historia de Tobias (Tobiasen historia), eta guztien gainetik, El rustico cielo (Landa zerua), La buena guarda (Zaindari ona) eta La fianza satisfecha (Bahitura ordaindua). Lope de Vegaren antzerki lan ederrenetako bat historia klasikoan oinarritua da, Pertsiako errege Ziroren historian oinarritua hain zuzen: Contra valor no hay desdicha (Balioaren kontra zoritxarrik ez). Baina Lope de Vegaren antzerkia Espainiako historia eta elezaharren bidez iritsi zen goreneko mailara, pertsonaia ezezagunen istorioen bidez batez ere. Horien artean aipatzekoak ditu: El mejor alcalde, el rey (Alkaterik hoberena, erregea), Peribañez y el comendador de Ocaña (Peribañez eta Ocañako komendadorea) eta Fuenteovejuna. Lan horietan ohorearen inguruko gaiak lantzen ditu, batez ere. Aipagarriak dira, bestalde, El perro del hortelano (Ortuzainaren zakurra), El acero de Madrid (Madrilgo altzairua), El villano en su rincon (Arlotea bere bazterrean) komedia nahaspilatsuak.

Lan nagusien zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lope de Vegaren omenezko oroitarria, Madrilen (J. López Salaberry eta M. Inurria, 1902).
  • La Arcadia, 1598.
  • El peregrino en su patria, 1604.
  • Peribáñez y el comendador de Ocaña, 1610.
  • Fuenteovejuna, 1612.
  • Pastores de Belén. Prosas y versos divinos, 1612.
  • La dama boba, 1613.
  • Rimas Sacras, 1614.
  • El perro del hortelano, 1618.
  • El caballero de Olmedo, 1620.
  • La Filomena con otras diversas rimas, prosas y versos, 1621.
  • La Circe, 1624.
  • Triunfos divinos, 1625.
  • Laurel de Apolo, 1630.
  • La Dorotea, 1632.
  • La vega del Parnaso, 1637 (hil ondorengoa).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Lope de Vega Aldatu lotura Wikidatan


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]