Lorategiko gnomoen askapena

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Askatutako gnomo bat Londresen.

Lorategiko gnomoen askapena 1990eko hamarkadatik bereziki Europan garatzen den txantxa bat da, etxeko lorategietan dauden gnomoak ohostu eta ondoren beste leku batean askatu egiten dituena. Mugimendu kolektibo zabala bilakatu den txantxa horren egileen esanetan, gnomoak bahiturik bizi dira lorategietan, esklabo moduan eta euren inguru naturaletik at; txantxaren helburua egoera horren aurka protesta egite da. Txantxak badu beste aldaera bat, gnomo bat askatu eta munduko toki zenbaitetan gnomoari argazkiak ateratzen dizkiona, gero gnomoaren nagusiari bidaltzeko.

Txantxaren lehen erreferentziak 1997 urtekoak dira, Frantzian 150 gnomo askatu zirenean lorategietatik. Maiz Lorategiko Gnomoen Askapenerako Frontea izeneko erakunde batek hartu zituen bere gain; erakundeko liderrari gartzela zigorra ezarri zitzaion Frantzian, in absentia izan bazen ere. 1998 urtean bere buruaz egin zuten 11 gnomo agertu ziren Frantzia mendebaldean, zubi batetik urkaturik. Mugimendua geldirik izan zen denbora batez, harik eta 2000 urtean Parisko erakusketa batetik hogei bat gnomo ohostu zirenean. 2000 urtetik aurrera mugimenduak arreta zabala sorrarazi zuen, bereziki Interneten garapenarekin. Horrela, Italia MALAG (Movimento Autonomo per la Liberazione delle Anime da Giardino) izeneko erakundea sortu zen, gnomoentzako babes eremu baten sorrera aldarrikatzen duena. Hedabideetan jarraipen zabala izateaz gainera, kulturan ere erreferentzia moduan baliatu da; adibidez, Amélie filman gnomo bidaiaria agertzen da behin eta berriz.