Lossoth

Wikipedia, Entziklopedia askea

Lossothak ("elurrezko jendetza" sindarinez) Forochelgo Elurretako Gizakiak edo soilik Elurretako Gizakiak ere deituak, Tolkienen legendarium ospetsuko Gizaki herri bat zen, Forochelgo badian bizi zena, Erdialdeko Lurraldearen iparmendebaldean. Eguzkiaren Lehen Arotik urruneko iparraldean geratu ziren gizakien ondorengoak ziren, Edainen hiru etxeekin, itxuraz behintzat, inongo loturarik ez zutenak, iparraldeko eskualde hori bezala Forodwaith deituak. Eraztunen Jauna eleberriaren A eranskinean agertzen dira, eta Christopher Tolkienek beste lan batzuetan aipatzen ditu, Silmarillionen aurkibideetan kasu.

Etimologia eta izenaren esanahia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lossoth hitza sindarinezkoa da, eta bi hitz ezberdinez osatua dago: loss (elurra) eta hoth ("jendetza", "ostea", "horda", nolabaiteko kutsu gutxiesgarri batekin), loss(h)oth emateko ("elurrezko jendetza"), Elurretako Gizakiak.

Arraza honetako pertsona bati erreferentzia egiteko singularrezko hitza lossadan izango litzateke, loss (elurra) eta adan (gizona)tik; literlaki "elurrezko gizona".

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elurrezko etxea edo iglua, Lossothek erabiliko zituztenen antzerakoa

Existentzia erdinomada bat zuten izoztutako lurraldeetan. Tolkienek hauei buruz Eraztunen Jauna eleberriaren eranskinetan ematen duen deskribapena, eskimal edo inuitekin bat letorke. Tolkienek, elurretako raketen erabilera ezagutzen zutela adierazten du (izotz gainean korrika egiteko gai dira oinetan eutsitako hezurrekin), baita lerarena ere(gurpil gabeko gurdiak dituzte) eta igluak eraikitzen zituztela (elurrezko etxeak). Tolkienek, nolabaiteko botere iragarlea ematen die "arriskua airean usaitzen zutela" dioenean, Arvedui eta bere gizonen bapateko hondoratzeari erreferentzia eginez.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arvedui, Arthedaineko azken erregea, Angmarreko Errege Aztiaren aurrean Eguzkiaren Hirugarren Aroko 1974. urtean jaso zuen porrotaren ondoren, iparraldera zaldiz ihes egitera behartua geratu zen bere goardiako kide gutxi batzuekin. Gosea nagusitu zitzaienean, itsasertzean kanpatzen zuen Lossoth tribu bati laguntza eskatzea beste erremediorik ez zitzaien geratu. Hasieran, ez zieten gogo onez lagundu, Arveduik trukean eman ziezaiekeen bitxiek ez baitzuten inongo baliorik lossothentzat, eta, aldiz, Errege Aztiaren beldur ziren, atmosferako eguraldia bere gogoz aldatzeko gai zela uste zutena. Baina, azkenik, alde batetik errukiagatik, eta, bestetik, Dunedainek zuten armenganako beldurragatik, elurrezko etxeetan babesa eta janaria eman zieten.

Euren zaldiak hil ondoren, Arveduiren konpainiak Forochelgo badian geratzea beste erremediorik ez zuen izan Zirdanek bidalitako itsasontzi bat Lindonetik Eguzkiaren Hirugarren Aroko 1975. urtean iritsi zen arte, Arvedui bera erreskatatzera, behin negua pasa ondoren, baina, izotzaren ondorioz zailtasunak gaindituz. Lossothek, beldurra eta harridura sentitu zuten itsasontzi hura ikustean, halakorik sekula ez baitzuten ikusi. Arveduiren gizonekin izan zuten kontaktuak, hain mesfidati ez izaten lagundu zien, eta leran itsasontziraino eramatea onartu zuten, Arveduiri, "Itsasoko Munstroa"ganako zuten beldurraren berri eman zioten arren, eurekin geratzeko aholkatuz.

Erregea, Lossothek emandako aholkuari kasurik egin gabe, ontziratu egin zen, eta eman zioten laguntza eta zaintzengatik esker on bezala, Lossothei Barahirren eraztuna eman zien, mendeetan zehar Isildurren etxeak mantendu zuena. Honela, eraztuna salbatu egin zen, Lossothen beldurrak bai baitzuen bere zentzua: itsasontzia, abiatu eta gutxira hondoratu zen. Handik denbora batera, Dunedainek eraztuna berreskuratu zuten Lossothek, bizitzeko behar zuten elementuetan, elikagai, jantzi eta armak kasu, erreskate handi bat ordainduz, Iparraldeko Dunedainen azken erregeak agindu zien bezala.

Sorrera eta eboluzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraztunen Jauna eleberriaren A eranskinean azkenik argitaratu zen Elendilen ondorengoen istorioaren konposaketatik mantendu diren bata bestearen atzeko hiru eranskinetan (Christopher Tolkienek A, B eta C deitu zituenak), ez dago Arveduik Forochelgo Elurretako Gizonen artera eginiko bidaiari buruzko arrastorik. Istorio hau, zuzenean, ia A eranskineko I sekzioaren laugarren testu mekanografiatuan argitaratu zen bezala agertzen da, sekzio hau, orrialde erdiko zerrenda labur batetik, hogei orrialdeko istorio narratibo batetaraino hedatzen duen lehena dena. Baina, Christopher Tolkienek, bere aita ezagutuz, zail ikusten du, "istorioa bera bakarrik idatzi izana", hortik, aurreko eskuizkribu baten galera ebazten delarik.

Tolkienek, oraindik idatzi beharreko bere lanetako batean, Lossothen giro izoztuari eta Forocheli paper esanguratsu bat emateko nahia agertu zuen Naomi Mitchisonek eskenategi horregatik zuen interesari, 1954ko irailak 25ean datatutako gutun batean erantzun zionean:

« Sentitzen dut Forochelgo Izotzezko Badiari, (orain arte), paper esanguratsurik eman ez izana. »


Egokitzeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lossothak, Tolkienek sortutako legendarium ospetsuan ofizialki oinarritutako lehen rol jokoa den Eraztunen Jauna. Erdialdeko Lurraldeko rol jokoaren jatorrizko edizioan pertsonaia bat sortzea posible den hamabost giza arrazatako bat da. Joko honetan, eskimalen kultura eta ikonografiatik hartutako ezaugarriekin deskribatu eta marrazten dira: ehiztari eta biltzaile nomada monogamoak, ama bidezko leinukoak eta animistak. Itsas animalien larru eta azalekin janzten dira eta harria eta hezurrak lantzen dituzte. Euren hizkuntza, idazkerarik gabe, labba deitzen da. Arraza honen eta bere ohituren deskribapen xehetuago bat, Arthedaineko Erresuma, iparraldeko mendirakoiak izeneko hedapen moduluan argitaratu da.

Eraztunen Jauna online: Angmarreko itzalak izeneko onlineko rol joko masibo jokalarianitzean, Lossothak, bere akzioa Forochelgo badian garatzen den "Azken erregearen patua" izeneko istorio nagusiaren XIII. liburuaren girotzearen zati bezala sartzen dira.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]